Irakurriena
- 1. Ministroen Kontseiluak LagunAro BGAEren berezitasuna onartu du
- 2. MONDRAGONek bisitarien errekorra hautsi du: 3.196 lagun 2024an
- 3. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 4. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 5. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 6. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 7. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 8. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 9. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 10. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
Belaunaldien arteko etxekidetzarako proiektu berritzailea Arrasaten
ISEA kooperatibari Arrasateko Udalak enkargua eman zion, Mesedetako ikastetxe ohiaren eraikin zaharrean belaunaldi arteko elkartasuna, komunitatea eta berrikuntza uztartuko zituen etxebizitza proiektua garatzeko. Urrian aurkeztu zen jende aurrean.
ISEAk proposatutako proiektua etxebizitza-premiei erantzuteko sortu da, bereziki gazte eta adinekoen artean. Aitor Orobengoak emandako datuen arabera, Arrasaten, biztanleriaren laurdenak 65 urte edo gehiago ditu, eta adin-tarte horretan mendekotasun tasa Gipuzkoako batez bestekoa baino altuagoa da. Bestetik, gazteek etxebizitza eskuratzeko dituzten zailtasunak ere badaude proiektuaren jomugan.
Apartamentu funtzionalak
Proiektuak 65 apartamentu sortzea aurreikusten du, 1, 2 edo 3 logelako diseinuekin, guztira 8.000 m²-ko eremuan. Egungo ikastetxearen egitura mantenduko da, eta lorategi bihurtutako patioak izango ditu, bai egoiliarrentzat, bai herritarrentzat irekiak. Gainera, erabilera komunak eta komunitate espazioak izango dira, elkarlanerako eta elkarbizitzarako espazioak sustatuz.
Apartamentuek diseinu funtzionala izango dute, argi naturalaren aprobetxamendua lehenetsiz eta terraza banakakoak eskainiz. Eskema horren bidez, bizitegi-espazioa erosoa eta jasangarria izan dadin saiatuko dira.
Apartamentuen diseinua ISEAk eta KREANek egin zuten hasiera batean. Ondoren, ID-Arte (EHU-UPV) Barne Diseinuko 3. mailako ikasleek apartamentuen diseinu zehatzak landu dituzte.
Belaunaldien arteko, elkarlaneko eta autokudeatutako komunitate bat garatzea proposatu dute, balio kooperatibotan oinarrituta, partekatutako eskubideak eta betebeharrak bere gain hartuko lituzkeena eta eraikuntza kolektiboko partaidetza-prozesuen bidez garatuko liratekeena.
Bideragarritasuna
Proiektuaren bideragarritasuna da oraindik oztopo nagusia. ISEA eta Arrasateko Udala Foru Aldundiko Zaintza eta Gizarte Politiketako sailarekin harremanetan daude Mesedetako Ikastetxeko proiektuan parte hartu dezan.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza ezinbestekoa izango da, bai inbertsio handia delako, bai Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatu behar delako. Proiektua gauzatzea erabakita ere, lehiaketa publikora atera beharko litzateke, ISEAren proiektua aukeratu edo ez erabakitzeko.
Belaunaldi arteko etxekidetzaren garrantzia
Orobengoaren hitzetan, “belaunaldien arteko bizikidetza komunitarioaren onurak ugariak dira. Adinekoen osasun mentala eta segurtasun sentsazioa hobetzen laguntzen du, eta gazteei eta bestelako taldeei elkarrekintza eta sostengu sare bat eskaintzen die”.
Era berean, “bizipen horrek herritarren erantzukizunari eta jarrera zibikoari buruzko kontzientzia hartzea ere errazten du, eta horrek ekintza komunitarioan jende gehiago inplikatzen eta partaidetza eta ardura handiagoko elkarteak sortzen laguntzen du”, Orobengoaren ustez.
Kasu guztietan, belaunaldien arteko, elkarlaneko eta autokudeatutako komunitate bat garatzea proposatu dute, balio kooperatibotan oinarrituta, partekatutako eskubideak eta betebeharrak bere gain hartuko lituzkeena eta eraikuntza kolektiboko partaidetza-prozesuen bidez garatuko liratekeena.