BBF: ekintzailetasunerako faktoria

Bilbao Berrikuntza Faktoria ez da unibertsitateko ohiko kanpusa, baizik eta ekintzailetasunerako faktoria bat. Bertan eragiten dute agente ezberdinek : ikasle, irakasle, ikerlariak, enpresak, startup ezberdinak...
Card image cap
2019/03/15

Mondragon Unibertsitatearen garapen estrategiaren barruan kokatu behar da Bilbao Berrikuntza Faktoriaren sorrera. Izan ere, hirigune handietara hurbiltzeko estrategia garatu nahi zuen Mondragon Unibertsitateak eta Bilbora hurbiltzeko helburua garatzea planteatu zen, eskaintza diferentzial batekin.

Beste faktore batek ere izan zuen berebiziko eragina. Izan ere, Enpresagintza fakultatearen LEINN gradua Oñati eta Irunen eskaintzen zen eta Bilbon eskaintzeko proposamena landu zuten, bertan ez zegoelako antzeko ikasketarik, eta Bilbon kokatzea garrantzitsua zelako. Gainera, nazioartean beste antzerako esperientzia batzuk ere bisitatu ziren, ekintzailetasunarekin lotuta eta horrelako espazio berriak sortzen ari zirela ikusita, Bilbao Berrikuntza Faktoria sortzeko erronkari ekin zioten.

“Faktore hauek kontuan hartuta, Bilboko Udalarekin bildu ginen orain dela sei urte, eta interes handiarekin hartu zuten planteamendua. 2013ko uztailean sinatu genuen hitzarmena eta horrelaxe kontzeptualizatu genuen gaur egun den Bilbao Berrikuntza Faktoria” dio Lander Beloki, Enpresagintzako dekanoak. 

IMG_3451

Zer da BBF? Eta, zer ez da?

Bilbao Berrikuntza Faktoria ez da unibertsitateko ohiko kanpusa, baizik eta ekintzailetasunerako faktoria bat. Bertan eragiten dute agente ezberdinek : ikasle, irakasle, ikerlariak, enpresak, startup ezberdinak...

Mondragon Unibertsitateak LEINN graduaren eskaintzarekin inauguratu zuen espazio berria eta ondoren master eskaintzak ere gehitu ditu, guztiak berrikuntza, ekintzailetasuna eta formazio unibertsitarioarekin lotuta.

Horrez gain, espazio berean daude inkubazio eta azelerazio espazioak, eta baita enpresa kontsolidatuak ere. Faktore horiek guztiak osatzen dute ekosistema. “Horien artean elkar eraginak sortzea da helburua, modu naturalean gainera, hurbiltasunagatik eta guk gainera sustatu egiten ditugu horiek, komunitate ezberdinak sortaraziz”.

Komunitateak. Komunitateen bitartez jarduera ezberdinak sortzen dira. Izan ere, marketing digitaleko edota beste master batzuetako ekintza batzuk modu irekian antolatzen dira, bertako ikasleaz gain beste eragile batzuk ere parte hartzeko. “Horrela, gai horrekin interesa duten pertsonak erakartzen dira eta hortik ere aukera berriak sortzen dira. Nahiz eta ez egon hemen, gurekin interaktuatzen dute; hori da interesgarria!”

Nazioartean oihartzun zabala izan du proiektuak eta bisita asko jasotzen dituzte. Proiektuak erakartzen du, batik bat, “balio erantsia lortzen delako, faktore ezberdinak nahastuz”.

As Fabrik

As Fabrik ez litzateke posible izango BBF aurretik garatu ez balitz, eta izan dituen emaitzak lortu ez balitu! 

Orain arte eginiko bideak beste bide berriak ere irekiko ditu. Momentu honetan Zorrotzaurren kokatuko den As Fabrik ari da gauzatzen. Bertan ere ekintzailetasuna eta berrikuntza sustatuko dira baina zerbitzu aurreratuen sektorera bideratuta eta nagusiki industriaren eraldaketa digitalerako espazioa izango da. Ikuspegi honekin, bertan izango dira enpresak, eskaintza unibertsitarioa, formazioa, ikasleak, startup ezberdinak eta joera berria antzemateko behatokia. Honen baitan, programa berriak ere jarriko dira martxan bertan, adibidez Business Data Analytics gradua eta MyGADE gradua. Masterren artean, eraldaketa digitalarekin lotutako programak garatuko dira: ziber-seguritatea, Big Data, Internet of things... “As Fabrik ez litzateke posible izango BBF aurretik garatu ez balitz, eta izan dituen emaitzak lortu ez balitu! 2020ko irailean izango da errealitatea eta funtsezkoa izango da Bilboko Udalak eman dion babesa eta europar fondotik jaso dugun laguntza”.

DATU ADIERAZGARRIENAK: 

  • 260 ikasle ikasketa ofizialetan, urtero.
  • Gradu eta master unibertsitarioak: LEINN, LEINN International, marketing digitaleko master unibertsitarioa, pertsonen talentuaren kudeaketa estrategikoan master unibertsitarioa, erakundeen nazioartekotzean master unibertsitarioa.
  • Profesionalei zuzendutako programak:  Pertsona eta Taldeen Coaching masterra, marketing digitaleko aditua, MBA Executive, Zerbitizazioan Aditua, Team Mastery programa, Kirol Berrikuntzan graduondoa, Barne Ekintzailetza eta Berrikuntzan Programa…
  • 150 profesional inguru urtero programa itxietan eta beste profesional asko, komunitateko ekintzetan.

 

 

Irakaskuntza unibertsitate zentroa