Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
Batz kooperatibak urrezko ezteiak bete eta gero, etorkizunera begira
Kooperatibaren sorrera, urte hauetan izan duen eboluzioa, etorkizunera begira dituzten erronkak, ... gai hauek guztiak aztergai izan dira mahainguruan.
Urrezko ezteiak ospatu dituzue 2013an; une egokia kooperatibaren historiari errepasoa egiteko. Nola gogoratzen duzue zuetariko bakoitzak bizi izan duzuena?
Jose Ramon Bustinza.1963an hasi ginen, Talleres Arraba izenarekin sortutako tailerrean, Igorren bertan. 15 bazkide behar ziren eta horiek guztiak bildu genituenean sortu genuen Batz kooperatiba, 1963ko abenduan. Beranduago, 1968an etorri ginen gaur egungo egoitza honetara. Orduko kooperatiba gehienak ideia zehatz batekin sortu ziren, lan edo produktu konkretu bat egiteko, baina guk denetarik egiten genuen: konponketak, mekanizazio lanak, eta abar. Garai hartan inguru honetan ez zegoen industriarik eta bertako gazteon nahia zen zerbait sortzea, zonaldeari bultzada ematea. Mekanizazioan hasi ginen, ondoren moldeak egiten genituen, trokelak ere bai, eta hortik bideratu zen poliki poliki enpresa proiektua.
Ilusio handia genuen baina hasierako urte haiek oso gogorrak izan ziren. Eskerrak gurasoekin bizi ginela, hilabete askotan geratzen baikinen kobratu barik! Batik bat hasierako 8-10 urteak oso gogorrak izan ziren! 80. hamarkadan hasi zen enpresa definitzen eta burua altxatzen, produktua definitu genuenean.
2.000 urtean jubilatu nintzen, 65 urte bete nituenean.
Karmelo Uriarte. 1972an hasi nintzen, fundatu eta bederatzi urte beranduago. Tailerrean hasi nintzen, gero ingeneritzan eta gaur egun hobekuntza arloan nago. Aurten bertan aurre jubilatzea espero dut! Gogoan dut Arrasaten maestria bukatu ondoren, bi bazkideek esan zidatela aukera zegoela hemen lanera sartzeko; eta horrelaxe hasi nintzen. Ordurako produktua definituta zegoen, trokelgintza arloan.
Kooperatibak oso hazkunde bortitza izan zuen urte gutxitan. 80. hamarkadan esate baterako langile asko sartu ziren batera eta barne antolaketan izugarri eragin zuen. Horrekin lotuta, kooperatibaren eboluzioan aldaketa handiak eman dira, zentzu guztietan: eraikinetan, barne antolakuntzan, produktuan, prestakuntzan, teknologian, … eta aurrera begira belaunaldi berriek dute etorkizunerako giltza, guri erreleboa emateko garaia heldu zaigu!
Rakel Uriarte. Badira 28 urte hemen hasi nintzela, harreran lehendabizi eta orain logistikan. Ni sartu nintzenean bi negozioak garatuta zeunden: trokelgintza eta sistemasetako arloak, baina hala ere ni izan nintzen sistemak arloan sartu nintzen lehendabiziko emakumea. Arloa asko garatu da, orduan kotxeentzat katuak bakarrik egiten ziren eta gaur berriz, pedalak, palankak, eta abar. Gainera, garai hartan Igorreko planta genuen bakarrik, eta gaur egun Txekian, Mexikon, Txinan, … mundura zabaldu gara!
Rakel Uriarte: "Merkatuari begira, automozioa nahiko gaizki dago eta horri aurre egin beharko diogu. Energia berriztagarrien negozioak besteen emaitzak konpentsatzen laguntzen digu".
Alaitz Lejarreta. Orain dela 17 urte sartu nintzen Batzen eta biltegian egiten dut lana gaur egun, nahiz eta produkzioan ere ibili naizen. Sistemasetako arloan hasi nintzen eta ni sartu nintzenerako, enpresa montatuta zegoen eta produkzioa martxan, nahiz eta antolaketa aldetik asko zegoen hobetzeko.
Ander Bilbao. Ingeneritzako trokelgintzan hasi nintzen, orain dela 12 urte eta orain dela lau urte lehendakari bezala hautatu ninduten. Bi fazetak partekatzen ditut baina lehendakaritzari dedikatzen diot denbora gehien. Nik ez dut aldaketa handirik somatu sartu nintzenetik, baina hasierak gogorrak izan zirela entzun dut sarritan; fundatzaileek kontatzen dute gurasoei esker egin zutela aportazioa, eta beste batzuk, aldiz, baserrira bueltatu zirela lana utzita.
Ander Bilbao: "50. urteurreneko ekintzetan bazkide asko bere familiarekin izan da hainbat ekintzetan eta horrek aberasten gaitu inplikazio aldetik, konpartitzeko sentimendua sendotuz".
Batzek kooperatibaren aldeko apostua egin zuen hasieratik. Nola bizi izan duzue kooperatibismoaren eboluzioa? Gaur egun bizirik daude balore horiek?
Jose Ramon Bustinza. Egia da guk oso garbi genuela kooperatiba sortu nahi genuela. Batzuk kontaktuak zituzten Arrasaten eta Arizmendiarrietarekin ere hitz egin zuten behin baino gehiagotan. Hala ere, sarritan entzuten genituen gure kontrako gauzak ere; "hauek laster itxiko dute" pentsatzen zuten batzuk. Garaiko egoera politikoa ere kontuan hartu behar da, izan ere gu euskaldunak ginen eta euskalzaleak ez zirenak gure kontra zeunden.
Gaur egun, iruditzen zait langile askok ez dakitela zer den kooperatibismoa, modeloak ez du interesik sortzen sozialki! Baina, gizartean dugun tendentziarekin bat datorrela uste dut, bakoitzak berea ikusten du eta enpresan ere berdintsu jokatzen da! 50. urteurreneko ospakizunen harira ere entzun ditut horrelakoak: "ni ez nator ospakizunetara, ni hona lanera eta soldata irabaztera nator", eta antzekoak.
Jose Ramon Bustinza: Gaur egun, iruditzen zait langile askok ez dakitela zer den kooperatibismoa, modeloak ez du interesik sortzen sozialki! Bakoitzak berea ikusten du eta enpresan ere berdintsu jokatzen da!
Ander Bilbao. Nik ikasketak bukatu eta berehala hasi nintzen Batzen lanean. Aurretik ez nuen kooperatibismoa ezagutzen, beraz, horixe izan zen nire lehen galdera: zer da kooperatiba? Urte batzuk beranduago Kontseilu Sozialean sartu nintzen eta horrek ikuspegi zabalagoa eman zidan.
Urteurreneko ospakizunen harira entzundagoa beharbada normala da 600 langileko kolektibo batean; asko gara eta denetarik gaude! Baina ezin dugu ahaztu bazkide asko familiarekin izan direla hainbat ekintzetan eta horrek aberasten gaituela inplikazio aldetik, konpartitzeko sentimenduagatik, … Gainera, ekintza guztiak langile boluntarioekin antolatu eta burutu ditugu. Batzutan alde negatiboa ikusten dugu bakarrik, positiboa baloratu gabe!
Karmelo Uriarte. Gure artean balore kooperatiboak indarrean dauden arren, ez dugu hasieran fundatzaileek zuten sentimendu berdina! hori begi bistakoa da! Dena den, uste dut kooperatiban bertan ere badugula zer egin, esate baterako bazkide berriak sartzen direnean modeloaren inguruko formazioa eskainiz; hori ezinbestekoa da! Horretan ahalegin berezia egin behar dugu!
Oro har, ados nago aurretik esandakoarekin, ezin dezakegu dramatizatu! Kolektibo handia gara eta uste dut gehiengoa identifikatzen dela kooperatibismoarekin.
Alaitz Lejarreta. Gogoan dut lanean hasi aurretik etxean komentatu nuela Batz kooperatiban hasiko nintzela lanean; oso pozik hartu zuten notizia, lana izateaz gain kooperatiba zelako. Gaur egun, sentimendu hori izugarri aldatu da, lana baloratzen da eta ez hainbeste modeloa. Nire kasuan, Kontseilu Sozialeko kide naiz eta boluntario bezala ibili naiz 50. urteurreneko ekintzak antolatzen eta nahiz eta lan handia egin dugun, gustora geratu gara emaitzekin, eta hori da garrantzitsuena.
Rakel Uriarte. Kooperatibak une txarrak izan dituenean, guztiok inplikatu gara eta hainbat neurri hartu dira: soldatak jeitsi, adibidez. Elkarrekin egin dugu aurrera! Hala ere, kooperatibismoaz ari garenean eta bere balore historikoetaz, ezin dugu ahaztu gizartea bera ere izugarri aldatu dela. Testuingurua aldatu bada, nola ez dira aldatuko baloreak? Batzutan testuingurua ahazten zaigu honetaz hitz egiten dugunean, pentsatuta beste garai bateko gizartean bizi garela.
Aztertu dezagun egungo egoera. Nolakoa da Batzen egoera eta zein aurreikuspen egin daitezke aurrera begira?
Jose Ramon Bustinza. Izan duen eboluzioa ikusita, oso modu positiboan ikusten dut Batz. Hala ere, apur bat ikaratu naute azkenaldian ematen ari diren gertaerak; adibidez Fagorren itxierak izugarri ikaratu nau! Golpe izugarria izan da guztiontzat!
Kooperatibak izaten duen eboluzioa ere hurbiletik jarraitzen dut, izan ere jubilatuta egon arren, urtean behin etortzen naiz, kooperatibak gonbidatuta, eta egoeraren berri izaten dugu. Horretaz gain, bertan ditut bi seme lanean; zentzu horretan, arro sentitzen naiz!
Karmelo Uriarte: "Ahalegin berezia egin behar dugu kooperatibismoaren baloreak bazkide berriei trasmititzeko, gure modeloaren inguruko formazioa eskainiz".
Karmelo Uriarte. Orain dela urte batzuk dibertsifikazioaren alde eginiko apostuari esker, Batz oso bide onetik doala esan genezake. Horretaz gain, herrialde desberdinetara zabaldu dira gure negozioak eta hori ere positiboa da. Etorkizuna ziurtatzeko beste neurri batzuk hartu dira gainera: garapen handiko sektoretan murgildu gara, energia arloan esate baterako. Nolabait modu estrategikoan posizionatu gara eta hori baikorra da, berme edo garantia bat ematen digu! Aurrera begira, prest eta adi egon beharko gara emango diren aldaketetara egokitzeko.
Rakel Uriarte. Bizi izan dugun eboluzioa hain handia izan da, ezin dugula imaginatu etorkizuna nondik nora etorriko den! Adibidez, hemen hasi nintzenean lau albaran egiten genituen, lau bezeroenak; gaur aldiz, Estatu Batuetarako bakarrik itsasoko lau kontenedore prestatzen ditugu; Txinara, Mexikora, … bidaltzen ditugu piezak, mundu osora! Lehen genituen erreferentziak bere balioa galdu dute! Dena den, merkatuari begira, automozioa nahiko gaizki dago gaur egun eta horri aurre egin beharko diogu. Baina, energia berriztagarrien negozioak besteen emaitzak konpentsatzen laguntzen digu.
Alaitz Lejarreta: "Krisi garaian negozio berriak martxan jartzeko gaitasuna izan dugu, eta baita horiek sendotzeko ere. Etorkizunean hori mantentzea izango da erronka".
Alaitz Lejarreta. Momentu honetan ondo ikusten dut kooperatiba. Dena den, aurrerantzean zaila izango da gora egitea! Uste dut gure helburua orain arte bezala mantentzea izan behar dela. Egia da krisi garaian negozio berriak martxan jartzeko gaitasuna izan dugula, eta baita horiek sendotzeko ere. Adierazgarria da, adibidez, energia negozioak azken bi urteotan izan duen hazkundea Batzen. Etorkizunean hori mantentzea izango da erronka.
Ander Bilbao. Gure jokaera erreaktiboa dela esango nuke, hau da, bezeroak erronka bat planteatu digunean erantzun egokia emateko gai izan gara eta, horri esker lortu dugu toki estrategikoa merkatuan. Gainera, lau negozio izateak konfidantza ematen digu aurrera egiteko, bata bestearekin orekatuz. Hala ere, ezin dugu lo hartu, adi mantendu behar gara edozein aldaketari aurre egiteko! Etorkizun motzean, zaila izango da orain arte bizi izan dugun hazkundea ematea.