Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
Basque Culinary Centerrek Nazioarteko Batzordea eta Patronatuko chefak bildu ditu, lehen promozioa graduatzeko
Basque Culinary Centerrek bere Nazioarteko Aholku Batzordea eta bere Fundazioaren Patronatuko chefak bildu ditu, bi helburu hauekin: alde batetik, proiektu berriak bultzatzea; eta bestetik, Basque Culinary Centerren Gastronomia eta Sukaldaritza Arteen Graduko lehen promozioko ikasleen graduazio-ekitaldian parte hartzea. Izan ere, Gastronomian graduatutako Estatuko lehen promozioa izango da. Mondragon Unibertsitatearen Gastronomia Zientzien Fakultateak –Espainiako lehena– eta elikaduraren eta gastronomiaren arloko Ikerkuntza eta Berrikuntza Zentroak osatzen dute Basque Culinary Center.
BCCren Nazioarteko Aholkularitza Kontseilua 2010. urtean sortu zen, Patronatuari lan estrategikoetan aholkularitza eta nazioarteko proiekzioa emateko. Munduko sukaldari ospetsuenetako hamaikak osatzen dute. Lehendakaria Ferrán Adriá da, eta gainerako kideak honako hauek dira: René Redzepi (Danimarka), Joan Roca (Espainia), Heston Bluementhal (Erresuma Batua), Mássimo Bottura (Italia), Michel Bras (Frantzia), Gastón Acurio (Peru), Yukio Hattori (Japonia), Dan Barber (AEB), Enrique Olvera (Mexiko) eta Alex Atala (Brasil).
Horietatik, Ferrán Adriá, Enrique Olvera, Gastón Acurio, Yukio Hattori eta Joan Roca izan dira ekitaldian, Batzordeak gonbidatutako beste hauekin: Carlo Petrini (Slow Food Internacionaleko lehendakaria), Christian Puglisi (Danimarka) eta Dominique Crenn (AEB).
Bizitza osoko lorpenei eskainitako lehen sari globala sortuko dute Basque Culinary Centerrek eta bere Nazioarteko Aholku Batzordeak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean.
Proiektu berriak
Nazioarteko Aholku Batzordeak joan den asteburuan Donostian egindako bileraren ondoren, gaur eman dituzte ezagutzera proiektu berriak, prentsaurreko bidez. Proiektuok chef garaikidearen figura dute oinarri. Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusi Joxe Mari Aizegaren hitzetan, “fenomeno biderkatzailea da: bazter guztietako pertsonak beren lanaren inplikazioaz jabetzen ari dira, ikuspegi zabalago batetik; ondorioz, balio hauek sustatzen dihardute: babestea, biodibertsitatea, garapen soziala, elikagaien produkzioa, baliabideen aprobetxamendua, osasuna, kultura, artea, herentzia, nortasuna, sormena…”.
Honako hauek daude gogoeta horretan oinarritutako proiektuen artean: alde batetik, plataforma bat sortzea, chefaren lanbideari dimentsio berria emateko; ekimen horren bidez webgune bat sortuko litzateke eta lantegiak eta mintegiak antolatu eta gauzatuko lirateke. Beste aldetik, Nazioarteko Sari bat eratzea, sukaldari jakin baten ibilbidea saritzeko. “Basque Culinary Centerren badakigu lanbideak dimentsio berria hartu duela. Gure unibertsitate-zentroak gastronomian trebatzeko helburua du, ikuspegi teknikotik zein intelektualetik; horregatik, dimentsio berri hori finkatzen lagundu nahi dugu, uste osoa dugulako zerbait positiboa itzuli ahal diogula gizarteari”, azaldu du Joxe Mari Aizegak. Haren iritzian, “ikaragarri gustatzen zaigu dokumentazioa bildu, interesatzen zaiguna jaso eta hori ezagutzera ematea; sinergiak sorrarazi eta sukaldaritzaren eremuan dauden gauza on guztiak ezagutaraztea, eremu hori sekula ez baita gaur egun bezain zabala eta kitzikagarria izan”.
Bizitza osoko lorpenei eskainitako lehen sari globala sortuko dute Basque Culinary Centerrek eta bere Nazioarteko Aholku Batzordeak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean.
Sariaren sustatzaileek iragarri dutenez, gure lanbideari aparteko ekarpena egin dion chef bati emango diote.
Saria urtero emango zaio bere lanbideko kideek aukeratutako chef nabarmen bati. Basque Culinary Centerrek, munduko gastronomiaren arloko unibertsitate nagusiak, sariduna aukeratzeko prozesua gainbegiratuko du. Sariaren inguruko xehetasun guztiak urrian ezagutaraziko dira, saria ofizialki aurkezten denean.
Bestalde, Batzordearen zati bat berrituko da. Batzordekide berriak laster ezagutaraziko dira, Patronatuak onartu eta gero. Horiek kide izaten jarraituko dute eta bileretara azalduko dira.
Nazioarteko Aholku Batzordearen bileraren babesleak Errioxako Jatorri Deitura, Silestone eta Catalana Occidente izan dira.
Lehen promozioa
Gastronomiako lehen promozioko ikasleen graduazioa 18:00etan izango da. Ekitaldi akademikoan, Nazioarteko Aholku Batzordeko kideak eta Fundazioaren Patronatua osatzen duten kideak izango dira. Guztira 54 ikasle graduatuko dira (19 emakume eta 35 gizon). Horiek guztiek Gastronomia eta Sukaldaritza Arteen Gradua egin dute eta aurten bukatu dituzte ikasketak. Horrela, Gastronomian graduatutako Estatuko lehen promozioa izango da. Horretarako, unibertsitate-prestakuntza berritzailea jaso dute. Horren ardatzak honako hauek dira: diziplinartekotasuna –ikasle guztiek ikasi behar dituzte sukaldea, zerbitzu eta jangela, enpresa-kudeaketa, kultura eta zientzia–, eginez ikastea –prestakuntza denboraren % 70 benetako prestakuntza praktikoa da–, garapen pertsonala eta talde-lana.
Basque Culinary Center 2011ko irailean jarri zen martxan. Ordudanik, prestakuntza eman die etorkizunean mundu zabaleko jatetxeetako sukaldeetan arituko diren profesionalei, jatetxeetako kudeatzaile izango direnei eta elikagaien industriako enpresak zuzenduko dituztenei.
Lau ikasturteotan, ikasleek hainbat gai ikasi dituzte, sukaldaritzaren abangoardiari, elikagaien industriari, berrikuntzari, negozioari eta ekintzailetzari buruz, unibertsitate-irakasleek eta gastronomiako, sukaldaritzako eta jatetxe-arloko profesionalen eskutik.
Aurten, laugarren mailako ikasleek karrera-bukaerako proiektuak egin dituzte elikagaien edo jatetxeen arloetan (ikasleek praktikak egin dituzte tokiko, nazioko eta nazioarteko jatetxe eta enpresetan), eta proiektuak aurkeztu eta defendatu dituzte.
Basque Culinary Centerreko 54 ikasleetatik, ia erdiek –% 44k– beren negozio propioaren bidez landu nahi dute etorkizuna. Ekintzaile izan nahi dute, beraz. Beste 20k abangoardiako tekniken ibilbidea aukeratu dute, eta gainerako 9ek industriari lotutako ibilbidea. Ikasleak jatorriaren arabera sailkatzen baditugu, 24 Euskal Autonomia Erkidegokoak dira (7 Arabakoak, 4 Bizkaikoak eta 13 Gipuzkoakoak), 1 Mexikokoa, 1 Frantziakoa, 3 Galiziakoak, 5 Valentziakoak, 1 Asturiaskoa, 3 Gaztela-Leongoak, 1 Kataluniakoa, 6 Andaluziakoak, 2 Kanarietakoak, 4 Madrilgoak, 2 Murtziakoak eta 1 Nafarroakoa.