Basque Culinary Centerrek 200 ekintzaile bilduko ditu Lehen Nazioarteko Foroan

Elikaduraren edo gastronomiaren sektorean ekin nahi duten ekintzaile eta pertsonentzako Nazioarteko Foro aitzindaria antolatu da, otsailaren 3an eta 4an burutuko dena. Bertan aztertuko dira, besteak beste, negozio berriak abian jartzeko gakoak, bai eta etorkizuneko enpresen joerak, erronkak eta aukera berriak ere.
Card image cap
Topaketa otsailaren 3an eta 4an burutuko da, Basque Culinary Centerreko fakultatean.
2014/01/02

Negozio berrietara, negozio-aukeretara, negozioaren etorkizunera, erronketara eta funtzionamendu-mekanismoetara zuzendutako enpresa-ikuspuntutik sektore horri buruz hausnartzeko asmoz, Basque Culinary Centerrek elikadura- eta ekonomia-alorreko ekintzaile guztientzako topagune aktiboa izan nahi duen ekimena jarri du abian. Hain zuzen, sukaldaritza-alorreko ekintzailetzara zuzendutako topagunerik garrantzitsuena antolatzea da asmoa.

Helburua: sektore horretan enpresa-asmorik duen pertsona orok asmo hori garatzeko aukera izan dezala, mundu osoko ekintzaile aitzindarien aldetik horretarako behar duen aholkularitza eta laguntza jasota. Azken batean, ideia bat edo negozio-eredu berri bat abian jarri eta arrakasta izateko eta joerak eta negozio-aukera berriak identifikatzeko gakoak ezagutaraztea da helburua.

Topagunea bi egunetan, otsailaren 3an eta 4 egingo da Mondragon Unibertsitateko Gastronomia Zientzien Fakultatea-Basque Culinary Centerren, eta erreferentziako adituen hitzaldien eta tailer praktikoen bidez egituratuko da. Horretaz gain, baina, partaideek 7 tailer espezializaturen artean aukeratu ahal izango dute.

Sektore zabal-zabala

'Elikaduraren zakua’ betetzen duten osagaien inguruan pentsatzen hasiz gero, ziurrenik harritu egingo gara zenbat ekuaziok osatzen duten ikusita; izan ere, elikagaiak, errestaurazio-lokalak, bertako sukaldaritzari esker bezeroak erakartzen dituzten ostalaritza-establezimenduak, sektoreari lotutako ikerketa, erakartzen duen turismoa, ardoaren eta sommeliergintzaren mundua eta abar luze bat sartzen dira bertan, elikaduraren eta gastronomiaren kontzeptu zabala bete arte.

Horiek guztiak aztertu eta sektorerako hurbilpen zehatza egiteko asmoz, Basque Culinary Centerrek hitzaldi eta tailerrak antolatu ditu. Horien bidez, gainera, negozio berriak sortu eta dinamizatzeko eragile-eginkizuna azpimarratzen du BCCk. Guztira bederatzi hitzaldi aurkeztuko dira, sukaldaritzaren sektorean nazioartean ospetsuak diren ekintzaileen eskutik. Zehazki, honako hauek izango dira hizlariak: Andoni Luis Aduriz, chef handiekin lanean hasi zen chefa, Mugaritzen bakarka hasi ondoren, gaur egun munduko jatetxerik ezagunenetakoa bihurtu duena, bi Michelin izarrekin; Fraser Doherty, 14 urte zituela amonaren errezeta erabiliz % 100ean frutaz egindako mermelada saltzen hasi eta gaur egun, 25 urterekin, munduko 2.000 supermerkatu baino gehiagotan saltzen duena; Carlos Yescas, Mexikoko Gaztaren Institutuaren sortzaileetako bat, arrebarekin batera Mexikoko artisau-gaztak sustatu eta tokiko ekonomia bultzatzen duen Lactography enpresa sortu zuena; Antonio Muiños, kontserbako perretxikoekin lanean jardun ondoren, algen merkatuan sartu eta gizakiek jateko algak bildu, eraldatu eta banatzeko munduan erreferentzia bihurtu dena; Domingo Ojea, Happy Pills markaren bidez gominolak berriztatu eta lokalen eta packagingaren diseinuari esker, pertsona helduentzako marka sortu duena; Xavier Güel serieko ekintzailea, besteak beste Tendencias-TV, Cava&Twitss eta abar abian jarri ondoren, Sinabritus.us, mokofinentzako lehen klub pribatua sortu berri duena; Gianola Nonino Nonino italiar markako zuzendaria, Italiako grappa berpiztu eta edari horren merkatua irauli eta berritzea lortu duena; Víctor Alarcón, emaztearekin batera Madrilgo San Miguel handizkako merkatua birgaitu eta gastronomia kultur ekintza bihurtzen duen Sukaldaritza Kultur Zentroa sortu duena; eta Garikoitz Rios, Bizkaiko mahastizaintza berreskuratzen aritu ondoren, ingurumena errespetatzen duen Itsasmendia upategia sortu zuena, txakolina ez ezik beste ardo batzuk ere prestatzeko.

Hizlari horiekin batera, beste hainbat adituk ere hartuko dute parte, hala nola Maria Canabal joera-bilatzaile eta argitalpen ospetsuen laguntzaileak; Marta Fernandez Gatroeconomyko gastronomia-kazetariak; Xabier de la Maza serieko ekintzaileak; eta Aiala Hernando kontsultore sortzaile, argazkilari eta sukaldaritza-estilistak.

Tailerrak

Hizlari eta adituekin batera, Basque Culinary Centerrek ekintzaileen neurrira egokitutako  tailerrak ere antolatu ditu:

-  Negoziotik ideiara: 48 hours food incubator

- Produktutik finantzaketara: ideiak mostradorearen beste aldetik

- What is next: "elikagai bat, negozio bat" elikadura

- What is next: gastronomiako joerak

- Zure negozio-eredua diseinatzeko osagaiak

- Ekintzailea izatea: pasiotik negoziora

Informazio gehiago nahi izanez gero, www.culinaryaction.com webgunea bisita dezakezu.

Mondragon Unibertsitateko Zientzia Gastronomikoen fakultatea