Irakurriena
- 1. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 2. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 3. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 4. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 5. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 6. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 7. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 8. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 9. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 10. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
Basque Culinary Centerrek 10 urte bete ditu, gastronomia sustatzen
Basque Culinary Center mundu mailako proiektu aitzindaria da; gastronomia arlo akademikora eraman du, eta Espainiako gastronomia-arloko lehen fakultatea eta mundu mailako gastronomiako lehen doktoretza abian jarri ditu. Horrez gain, gastronomia ikerkuntzaren arlora ere bultzatu du, BBC Innovation gastronomia eta ekintzailetza arloko zentroari esker, 7 urte baino gehiago dituen Culinary Action! ekimenarekin. 10 urtetan, zentroa osatzen duten pertsonei eta horren ikuspegiari esker, nazioarteko erreferentzia den ekosistema bat sortu da.
Jatorria eta filosofia
Tradizioa, kultura, historia, ekonomia, zientzia, esperientzia, ezagutza eta beste hainbat gauza da gastronomia.
Sektore estrategikoa da maila ekonomiko eta sozialean. Duela 10 urte sortu zen Basque Culinary Center, eta, horren ondorioz, gastronomia-arloko prestakuntza arautua jaio zen, sektoreko profesionalen eskaerei erantzuteko. Unibertsitate mailako prestakuntza zentroa da, gastronomia garaikideko beharrizanei aurre egiteko ikuspegi berritzaile eta eraldatzailea duena. Basque Culinary Centerrek 2011n ateak ireki zituenetik, gastronomiaren oraina eta etorkizunaren buru izango diren profesionalak prestatzen lagundu du.
Basque Culinary Centerren gauzak egiteko modua definitzen eta osatzen duten kontzeptuak dira talentua erakartzea, ikuspegi diziplina anitza eta Learning by doing. Ekosistema hori mundu mailako erreferente bilakatu da; izan ere, espiritu ekintzailea du eta berrikuntza eta mugen ikerkuntza iraunkorra hartzen ditu oinarritzat, bere jarduera ardatzen bitartez.
Gastronomia-sektorerako aurrerapenak eta lorpenak
Horietariko lehena, ezagutzan oinarritutako erreferentzia-zentro bat sortzea izan zen. Basque Culinary Center profesionalei entzutearen eta ikuspuntu integral batetik gastronomia-sektorearen garrantzia ulertzearen emaitza da. Halaber, erakunde horrek gastronomia unibertsitateko plazan kokatzea lortu du Gastronomia Zientzien Fakultatea eta Gastronomia eta Sukaldaritzako Arteen Gradua sortuta. Prestakuntza horrek, dagoeneko, 10 promozio eta ia 500 graduatu ditu, graduaren hiru ibilbideetan: “Sukaldaritzako abangoardia”, “Berrikuntza, negozioa eta ekintzailetza” eta “Elikagaien garapena eta teknologia”.
Basque Culinary Centerrek sektorearen prestakuntza jarraitua eta garapen profesionala bultzatu ditu, 10 master sortuta, baita profesionalentzako 400 ikastaro eta espezializazioko beste 40 eta zenbait tailer, mintegi eta online prestakuntzako programa anitzak ere. Horrek erakusten du Fakultateak sektoreko profesionalen prestakuntza indartzen duela, etengabe prestakuntza-eskaintza berriak sortuta. Basque Culinary Center kulturarteko esparrua da. Horren froga dira ikasturte honetako programa eta ekimenetan parte hartzen duten 35 herrialdetako 600 ikasleak eta 500 profesional baino gehiago.
BCC Innovation sortzearekin batera, munduko lehen Gastronomiako Zentro Teknologikoa jaio zen, zeina gastronomia-arloko ikerkuntzez eta berrikuntzez arduratzen den. Gaur egun, 30 ikertzaile baino gehiago biltzen ditu, eta arlo zientifiko-teknikoko 57 artikulu eta argitalpen ditu (2013-2021), baita elikaduraren sektoreko enpresekin batera egindako 150 proiektu baino gehiago ere. Era berean, nabarmendu beharra dugu 2019an eratutako LABe‑Digital Gastronomy Lab, Donostian kokatutako berrikuntza irekirako living lab bat, non gastronomia birpentsatu eta elkarlanean sortzen den.
Gastronomiak aurrera egiten du eta Basque Culinary Center gastronomia arlo zientifiko eta teknologikoetan aintzatesteko erreferente bihurtu da. BBCk Munduko lehen Gastronomia Doktoretza programa abiarazi du gastronomia-arloko goi mailako prestakuntzaren aldeko apustua egin baitu beste behin ere. Gainera, International Journal of Gastronomy and Food Science (IJGFS) aldizkaria, zeinaren argitaratzaileen burua Basque Culinary Center taldekoa den, 2020an gastronomia argitalpen zientifikoen munduan lehen aldiz sartu duen aldizkari aitzindari bihurtu da.
Gastronomiaren sustapena eta berau ezagutzera ematea izan dira azken hamar urteetako gakoak. Erakundeak 140 ekitaldi baino gehiago bultzatu ditu azken urteetan, urtero 10.000 lagun ingururekin, eta 2020an, ia 200 ekitaldi birtual antolatu zituen, zeintzuetan ia 20.000 pertsonek hartu zuten parte. Ekimenen artean, Basque Culinary World Prize nabarmendu beharra dugu. Sukaldariburuentzako sari horrek ekimen eraldatzaileak ekarri ditu eta “gastronomiaren Nobel” bezala ezaguna da; 5 urtetan, mundu osoko hedabideetan 7.000 inpaktu baino gehiago lortu ditu.
Basque Culinary Center mundu mailan erreferente den ospe oneko marka da, eta nazioarteko ikuspegia duen erakunde paregabe eta aitzindari gisa kokatu du bere burua. Era berean, lanpostuak eta aberastasuna ere sortu ditu; izan ere, bere jarduerekin, urtero 24,4 milioi euroko ekarpena egiten du, eta BPGri 13,4 milioi euroko ekarpena egiten dio, baita 4,3 milioi euroko zerga-itzulkina ere urtero (2018an egindako ikerketa baten arabera).
10. urteurrena
Topaketak, eztabaida-mahaiak eta eduki esklusiboak izango dira hilabete hauetan garatuko diren ekimenetako batzuk.
Horien bidez, Basque Culinary Centerrek 10 urteko ibilbidea ospatuko du. Jarduera-programa jarraitua izango da, nahiz eta egokitu egin ahalko den COVID-19ak sortutako testuinguruaren garapenaren arabera. Hala ere, zalantzarik gabe, Basque Culinary Centerren ibilbidean presente egon diren eragile eta kolektibo guztiak hartuko ditu kontuan, hala nola erakundeak, enpresak, ikasle ohiak, patronatuko kideak, nazioarteko aholkularitza-batzordea, Basque Culinary Center osatzen duten pertsonak eta baita oraingo ikasleak eta sektoreko pertsona garrantzitsuak ere. Ospakizun horiek 2021eko irailean amaituko dira horretarako egingo den ekitaldi berezi batean.
Etorkizunerako proposamena
Mundua erronka handi batzuei aurre egiten ari da, eta Basque Culinary Centerreko kideok uste dugu gastronomia irtenbidearen parte dela. Gainera, sektorea aurrekaririk gabeko eraldaketa-prozesu batean murgilduta dago, eta erakundeak, goi mailako prestakuntzatik, gastronomiaren garapenaren ikerkuntzari eta berrikuntzari laguntzen jarraituko die, gastronomiak duen ahalmen eraldatzailea azpimarratuta bere ekimen eta jardueren bitartez.