Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
Basque Culinary Center, Ikastolen Elkartea eta Eroski sukaldaritza osasuntsua sustatzen
Basque Culinary Centerrek, Ikastolen Elkartearekin eta Eroskirekin elkarlanean, “Sukaldatu” proiektuari eutsiko dio 2013/2014 ikasturtean. Proiektuaren helburua familiarteko sukaldaritza sustatzea da, familietan elikadura osasungarria bultzatzeko. Izan ere, elkarrekin sukaldean aritzea eta jatea funtsezko elementua da familiakoen heziketan. Eta horretarako biderik onena familietako txikiekin hastea da: eskola-umeekin. Programa pilotua iazko ikasturtean jarri zen abian hiru ikastolatan eta, horren arrakasta ikusita, aurtengo ikasturtean beste 13 ikastolatara zabalduko da.
“Sukaldatu/A Cocinar” proiektuarekin, zenbait alorretan sukaldaritzak duen garrantzia azpimarratu nahi da, esaterako, osasunean, familiarteko harremanetan eta, tokiko produktuen bidez, tokiko aberastasunean. Osasunaren alorrean, garrantzi handikoa da osasunari lotutako jarraibideak izatea eguneko otorduak planifikatzean, adibidez produktu freskoak erabiltzea, baita sukaldaritzari denbora eskaintzea ere. Izan ere, bereizezinak dira jatea eta horren aurreko prozesua, hau da, kozinatzea –gainera, gizateriaren garapenean funtsezkoa izan da jarduera hori–, baita kozinatzea eta taldean jatea ere, batez ere familiartean. Era berean, jatea –eta, lehenago, kozinatzea– funtsezkoa da familiaren kohesioa eta herrialde baten kultura soziala indartzeko.
Ikastolan eta etxean
Gaur egun, kezkagarria da oso mundu aurreratua deritzanean gehiegizko pisua edota obesitatea duten haurren kopurua (% 26k gehiegizko pisua du eta % 19k obesitatea). Dieta orekatua pixkanaka utzi eta sedentarismoa handitu izanaren ondorioa da hori. Gauzak horrela, mundu mailako sukaldaririk onenetako batzuek elikadura eta nutrizioa eskolako irakasgaia izatea aldarrikatu dute, haurrei osasuntsu jaten irakasteko.
Basque Culinary Centerrek abian jarri duen proiektua bat dator aldarrikapen horrekin. Proiektuaren helburua, euskal ikastoletako haurrek ez ezik, familiek ere sukaldaritza eta elikadura orekatuaren garrantziaz kontzientzia hartzea da. Horrela, familiak ekimenaren oinarri bihurtzen dira. Proiektuak, hiru ardatzen bidez –ikastola, familia eta denda edo supermerkatua–, familiartean kozinatu eta jateak osasunean duen garrantziaz kontzientziatu nahi du, alde batetik, eta bestetik, sukaldaritza osasungarriaren eta osasun onaren oinarriak ezagutarazi: elikagai freskoak aukeratzea, produktu industrializatu gutxi kontsumitzea eta elkarrekin kozinatzeko denbora hartzea, hain zuzen.
13 ikastola
“Sukaldatu” programak iazko ikasturtean Txantxiku (Oñati), Astileku (Portugalete) eta Txintxirri (Elorrio) ikastoletan lehen urratsak eman ondoren, aurtengo ikasturtean ekimena beste 13 ikastolatara zabalduko da, eta 10 eta 14 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduko zaie. Aste bateko lau goizetan lantegiak egingo dira hainbat ikasgelatako ikasleekin. Lantegiotan, nutrizio-jarraibideak eta elikatzeko ohitura osasungarriak ez ezik, tokiko eta denboraldiko produktuak eta sukaldaritzari buruzko nozioak ere irakatsiko zaizkie. Neska-mutilak erosketak egitera joango dira irakasleekin; ondoren, lantegian otordua prestatuko dute; eta azkenik, kozinatzeko erabilitako lekua garbitu egingo dute. Gainera, sukaldean prestatutako jakiak elkarrekin jango dituzte. Bestalde, gurasoekin egin beharreko saioak –aste bateko bi arratsaldetan– inguruko jatetxe ospetsu bateko sukaldariaren eskutik gauzatuko dira, gurasoentzat erakargarriagoa izan dadin.
Ekimenean parte hartuko duten ikastolak honako hauek dira: Armentia (Gasteiz), Andramendi (Beasain), Kurutziaga (Durango), Kirikiño (Bilbo), Ander deuna (Sopela), Laudio, Jesusen Bihotza (Villabona), Abusu (Bilbo), M. Larramendi (Donostia), Orio, Lautada (Agurain), Urretxindorra (Bilbo) eta Irura (Irura).