Basque Culinary Center Fundazioak 136,6 milioi eurotan kokatzen du bere inpaktu ekonomikoa

BPGd-ari eginiko ekarpena 74,8 milioi eurokoa izan da, eta zergen eta lan-kotizazioen bidezko itzulkin publikoa 22,5 milioi eurokoa.
Card image cap
2019/06/13

Atzo ekainak 12, Basque Culinary Centerren Patronatua bildu da, erakundearen organo gorena. Bilera berezia izan da; izan ere, Basque Culinary Center Fundazioa eratu zeneko 10. urteurrenean gaude. Hori dela eta, proiektuaren bilakaera guztia errepasatu dute, sorreratik bertatik hasita. Bilera hori aprobetxatuz, «Basque Culinary Centerren inpaktu sozioekonomikoa» azterlanaren bigarren edizioa aurkeztu da. Duela lau urte «zer ekarri dio Basque Culinary Centerren irekierak Euskadiri?» galderari erantzuteko egin zen analisiaren eguneraketa da.

Inpaktuaren bigarren azterketa horrek agerian utzi du erakundeak bizi duen azelerazio-prozesu bizia.

 Igoera nabarmena

Ikertaldek eginiko azterlanean nabarmentzen denez, Basque Culinary Centerrek bilakaera bat izan du eta sendotu egin da, fenomeno global bezala eta gastronomiako bikaintasunaren nazioarteko topagune gisa. Ildo horretan, zifrek igoera nabarmena izan dute, 2014koekin alderatuta. Inpaktu ekonomiko metatua, duela 8 urte Basque Culinary Center zabaldu zenetik, 136,6 milioi euroan zenbatetsi da. BPGd-ri eginiko ekarpena 74,8 milioikoa izan da, eta administrazioarentzako itzulkinak 22,5 milioikoak. Azken urteko datuei erreparatuta, ikusiko dugu Basque Culinary Centerren guztizko inpaktu ekonomikoa 24,4 milioikoa izan zela (2014an baino % 59 gehiago). BPGd-ari eginiko ekarpena 13,4 milioi eurokoa izan zen (% 64ko igoera 2014tik), eta zergen eta lan-kotizazioen bidez sortutako diru-sarrera publikoak ere hazi egin ziren, 4,3 milioi eurora iritsi arte (% 65 inguruko igoera, 2014ko datuekin alderatuta).

Hazkundearen sustatzaileak

Basque Culinary Centerren jardueraren hiru ardatzek sustatzen dute hazkundea. Ildo horretan, alor akademikoa, prestakuntza, sendotu egin da.

Araututako ikasketei dagokienez, Zientzia Fakultatean % 27ko igoera izan du ikasle kopuruak, mundu osoko ikasleak erakartzeko dinamika batekin. Arautu gabeko ikasketek, bestalde, igoera zinez handia izan dute azken lau urte hauetan: % 81. Gainera, prestakuntzari dagokionez, jarduteko ildo berriak planteatu dira, hala nola online prestakuntza.

Gastronomiaren sustapenarekin lotutako ardatza indartu egin da, sektoreko topagune, desberdinen arteko lotune eta gastronomiaren difusio eta promoziorako tresna gisa. Ildo horretan, Basque Culinary Centerren antolatutako ekitaldiek % 68ko igoera izan dute 2014. eta 2018. urteen artean, guztira 146 ekitaldi egin baitira. Aipatzekoa da 2018an zehar 9.300 pertsona baino gehiago bertaratu zirela Basque Culinary Centerreko ekitaldietara, horrek ingurunean dakarren inpaktuarekin.

Azkenik, Gastronomiako Teknologia Zentroa etorkizuneko ardatz eta balio erantsiko zerbitzuen motor bezala defini genezake. Ikerketa eta berrikuntza teknologikoarekin lotutako alderdietan ardaztuta, honako hauek dira haren garapenaren oinarriak: askotariko ikerketa-proiektuak; lankidetza konpainiekin, balio-proposamen berriak planteatzeko; eta beren negozio-eredua gastro-tech sektorean duten startupetan zentratutako ekintzailetza. Ildo horretan, nabarmendu beharrekoak dira Culinary Action! eta antzeko ekintzailetza-programak: 2015tik startupen 120 hautagaitza baino gehiago jaso dira; horietako 48ri laguntza eman zaie, eta 33 aktibo daude gaur egun ere.

Mondragon Unibertsitateko Zientzia Gastronomikoen fakultatea