Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
Basque Culinary Center eta Agrobank elkartu dira gastronomia eta nekazaritza elikagaien sektoreen artean sinergiak bultzatzeko
Basque Culinary Centerrek eta AgroBank nekazaritzako elikagaien sektorera zuzentzen den CaixaBanken negozio-ildoak bat egin dute, nekazaritzako elikagaien sektorearen eta sektore gastronomikoaren arteko sinergiak sendotzeko eta sektore horiek bultzatzeko, nekazaritzako elikagaien sektorearen balioa azpimarratzen duten eta hura ikusgai jartzen duten zenbait sustapen-ekimenen bitartez. Aliantza berri horren barruan garatuko diren proiektuen artean, nekazaritzako elikagaien sektoreko gazteei ikusgarritasuna emateko ekimen bat nabarmentzen da. Izan ere, gazte horiek sektorea eraldatzen ari dira beren lanaren eta proiektuen bitartez. Datozen hilabeteetan aurkeztu eta martxan jarriko da, sektorean gero eta kezka handiagoa eragiten duen arazo bati erantzuteko.
Gainera, bi erakundeen arteko akordioari esker, GastroXperience programa garatuko da. Ezagutza-esperientzia paregabe bat zenbait hiritara eramango duen tour gastronomikoa da, gastronomiako joera berriak herritarrei gerturatzeko Basque Culinary Centerreko profesionalen eskutik. Hala, proposatu da esperientzia batzuk sortzea ikuspegi gastronomikoa zabaltzeko CaixaBankeko bezeroen artean. Testuinguru horretan, lehenengo geralekua Logroño izan zen: Adela Balderas Basque Culinary Centerreko Berrikuntza eta Jatetxeen Kudeaketa Masterreko koordinatzaile eta Oxfordeko eta Deustuko unibertsitateetako irakasleak hitzaldi bat eskaini zuen; Luis Arrufat Basque Culinary Centerreko masterren sukaldaritzako sailaren koordinatzaileak showcooking bat egin zuen, eta elkarrizketa bat izan zen Carlos eta Iñigo Echaprestorekin, zeinek koktel bat eskaini baitzuten beren Venta Moncalvillo jatetxean antolatutako ekitaldiko parte-hartzaile guztientzat, anfitrioi-lanak egiteaz gainera.
Topaketa horiekin, azken finean, sektoreen arteko sinergiak, negozio-ideia berrien garapena eta sormena bultzatu nahi dira. Hurrengo geltokietako bat Vigo izango da, eta tour honetako beste topagune bat Basque Culinary Centerren egingo da, Donostian.
Aliantza horrekin, Basque Culinary Centerreko patronatuan sartuko da AgroBank. Sektoreko hainbat enpresaz gainera, chef ezagunak ere patronatuko kide dira; besteak beste, Juan Mari eta Elena Arzak, Eneko Atxa, Karlos Argiñano, Martin Berasategi eta Hilario Arbelaitz. Akordioa sinatzeko ekitaldia Basque Culinary Centerren instalazioetan egin da, eta han izan dira Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendaria eta Juan Pedro Badiola CaixaBankeko iparraldeko lurralde-zuzendaria. Badiolak azaldu duenez, “Harro gaude Basque Culinary Center gisako proiektu disruptibo eta berritzaile batean parte hartzeaz. Gainera, gure AgroBank lerroaren bidez egin dugu, nekazaritzaren esparruan ez ezik gastronomiarenean ere badauden arazoei irtenbideak emateko asmo garbiarekin”. Bestalde, Aizegak nabarmendu duenez, “Agrobank Basque Culinary Centerreko patronatuan sartuta, gastronomiaz dugun 360 º-ko ikuspegian aurrera egiten jarraituko dugu. Fokua bereziki talentu gaztean jarrita, nekazaritzako elikagaien sektorean egiten dugun lanean sakonduko dugu ikuspegi gastronomikotik”.
Ekosistema berdingabea
Basque Culinary Centerrek ekosistema bereizi bat osatzen du, zeinean elkarren ondoan bizi baitira prestakuntza, berrikuntza, ikerketa eta ekintzailetza, gastronomia garatzeko eta bultzatzeko asmoz. Basque Culinary Centerren aburuz, jaten dugunari eta jateko moduari buruzko ezagutza arrazoitua da gastronomia. Gure xedearen oinarria balio hauek dira: pasioa, berrikuntza, bikaintasunerako orientazioa eta konpromiso soziala. 2011tik, Donostian dago kokatuta Basque Culinary Center. Erakunde aitzindaria da, eta Gastronomia Zientzien Fakultateak eta BCC Innovation gastronomiako zentro teknologikoak osatzen dute. Diziplinarteko ikerketa-zentro bat da, eta produktuen eta zerbitzuen diseinuan ikertzen eta berritzen du. Aldi berean, enpresei, ekintzaile berriei eta proiektu garrantzitsuak dituzten gazteei laguntzen die.