Bakarra munduan!
MONDRAGON ezagutzera datozen bisitariek, iritsi aurretik, badakite zerbait MONDRAGONi buruz: artikulu eta liburuetan irakurri dute, bideo bat aztertu dute, eskola edo unibertsitatean azaldu zieten… Posible da informazio hori idealizatuta jaso izana, baina hona datozenean ez dute espero ezer idealik. Ez dute printzipio eta baloreen formulazioaz galdetzen. Praktika ikustera datoz; jaso duten hori errealitatean zertan den konprobatzera datoz. Ziurtzat jotzen dute, gainera, gure artean ere izango direla kontraesan eta buruhausteak, negozioarekin zein pertsonekin loturikoak. Badakite ez dela existitzen arazo guztiak eragozten edo konpontzen dituen enpresa-eredua eta MONDRAGONek batzuk konpontzen dituela, baina ez guztiak.
Hala eta guztiz ere, harritzen dira. MONDRAGONeko ereduak positiboki harritzen ditu. Ikusten dute kooperatibismo praktikoa, pertsonen neurrira dagoena, kooperatibismo erreala.
Izaten ditugun bisitari ameslari aktibistak ere makurtzen dira enpresa mota honek lortutakoaren aurrean. Hala, MONDRAGONeko ereduko enpresa dentsitate handia dagoen Debagoiena eskualdea paradigmatikoa da. Inguruko eskualde eta lurraldeez konparatuz, bertan langabezia portzentajea baxuagoa da, errentak altuagoak dira eta ezberdintasun ekonomikoa txikiagoa da. Azken ezaugarri hori gini adierazlearekin neurtzen badugu, munduko gini txikienetakoa dauka. Hau horrela, gurera bisitan datozen pertsonen artean asko politikariak dira: beraien lurraldean lana sortu nahi dute eta bizitza kalitate handiagoko gizartea egin nahi dute. Gogoratu ohi dugun bezala, pertsona aberatsak ez, baizik eta gizarte aberatsak sortzea da kontua.
“Bertakoak, sarritan ez gara kontziente esku artean dugunaz. Etengabe jarraitu behar dugu lanean hobeto ezagutzeko guztiok zer garen; ezagutu estimatzeko eta estimatu hobetzeko”
Protagonistak
Bertakoak, esan bezala, sarritan ez gara kontziente esku artean dugunaz. Hamarnaka, ehunka edo milaka langilek osatutako hemengo enpresak bereziak dira. MONDRAGON bakarra da munduan. Etengabe jarraitu behar dugu lanean hobeto ezagutzeko guztiok zer garen; ezagutu estimatzeko eta estimatu hobetzeko.
Azken finean, zorionekoa da mundua enpresa antolatzeko formula hegemonikoaren aurrean –eragin negatibo garrantzitsuak dituen modeloaren aurrean– MONDRAGONeko eredua existitzen delako. Bestea bezain eraginkorra bada ere, oso positiboki inpaktatzen du gizartean.
Zorionekoak gara protagonista garelako.