Ausardia, konpromisoa eta berrikuntza, Cikautxoren osagai nagusiak iraganaren eta etorkizunaren eraikuntzan

Card image cap
2021/11/19

Iñigo Urkullu Renteria Lehendakariak; Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak; Bizkaiko diputatu nagusi Unai Rementeriak; Ekonomia Sustatzeko sailaren Bizkaiko foru diputatu Ainara Basurkok; Berriatuako alkate Jon Arriolak eta Cikautxo zein MONDRAGON Korporazioko presidente Javier Principek eta Iñigo Ucinek, parte-hartu dute gaur Cikautxoren 50. urteurreneko ekitaldi nagusian, Kooperatibak Berriatuan duen egoitzan nagusian.

Ekitaldiak 50 urteko ibilbidea gogora ekartzeko balio izan du. Cikautxok eginiko bilakaera oparoa txalotzeaz gain, enpresa proiektua eta izaera kooperatiboa balioan jarri ditu, eta izateko zein egiteko era desberdina inoiz baino biziago dagoela gogorarazteko balio izan du. Pertsonek enpresan duten garrantzia, aberastasunaren banaketa zuzen eta bidezkoa, sustraitzea eta inguruarekin zein lanpostuen sorkuntzarekin daukan konpromisoa balioan jarri dira, besteak beste.

Bilakaera positiboan

Proiektu kooperatiboa Berriatuan sustatzeko aurreneko pausuak zailak izan baziren ere, sustatzaileek ez zuten amorerik eman eta Lea Artibai osora hedatu zuten kooperatiba eredua. Hala, gaur arte, Cikautxok oso bilakaera positiboa egin du bost hamarkadako zikloan. Gaur egun 2.500 pertsona ari dira lanean mundura hedatu den industria taldean, kautxu eta plastikoetan soluzio berritzaileak egiten dituen erreferentziazko taldea bilakatuz, alegia.

cikautxo.jpg

Iñigo Laskurain, zuzendari nagusia: "Cikautxo transformatzen jarraitzen dugu"

Cikautxoko zuzendari nagusi Iñigo Laskurain izan da hitza hartzen lehena. Laskurainek gainbegirada bat eman dio Cikautxo Taldeari, “gaur egun munduan zehar zabaltzen ari den talde industrial bat gara eta harrigarria da ikustea zertan bilakatu den lagun-talde fundatzaile batek martxan jarritako enpresa-proiektua. Hasierako hura talde txikia izan arren, ausardia, gogoa eta kemena erakutsi zuen, zalantzarik gabe. Inguruan lana eta aberastasuna sortzeko helburuarekin jaio zen eta gaur egun 240 milioi fakturatzen ditu hiru kontinentetan banatutako zortzi lantegietan”.

Iñigo Laskurain: "Gaur egun 240 milioi fakturatzen ditugu hiru kontinentetan banatutako zortzi lantegietan”

Bazkide fundatzaileek ezarritako baloreak ere aintzat hartu ditu Laskurainek.  “Ausardiak, talde-konpromisoak eta etengabeko berrikuntzak, gure proiektuaren transformazio jarraitua bideratu dute: material desberdinen gaineko ezagutza garatu dugu, nahasketak fabrikatzeko bere garaian egin zitekeen instalazio aurreratuenaren inbertsio erraldoia egin genuen, edo baita kautxu mundutik plastikoa prozesatzeko teknologietara migratu ere. Gure kulturaren zutabe diren ardatz horiek gabe ez ginen sekula ere automobilgintzaren merkatura abiatuko edo teknologikoki transformatuko injekzio prozesuetatik, estruketa edo puzte-robotizatu prozesuetara. Gure balore horien gainean lan egin dugu, bai, baina jakitun gara, eta eskertuta gaude horregatik”.

Iñigo Laskurainek Cikautxok bide luze horretan, ibilbide maldatsuan batzuetan, izan duen laguntza eta babesa ere eskertu nahi izan du publikoki. “Instituzioak beti alboan eduki zaituztegu, laguntzeko prest”. Era berean, Cikautxo Talderaren etengabeko transformazio prozesu horretan aipamen berezia egin dio Korporazioari. “Bide horretan MONDRAGON bisionarioa izan genuen bidelagun eta bultzatzaile. Gure aukera enpresak zerotik hastea izan zen: lehenengo makinak erosi eta martxan ipini, behar genituen pertsonak kontratatu eta trebatu, bai teknikoak, zuzendariak eta langileak. Lan egiteko modu horretan ere ausardia eta talde konpromisoa izan dira gure oinarrizko elementuak. Cikautxoko langile eta bazkideen ahalegina izugarria izan da erronka horri aurre egiteko. Eredu honek bidea eman digu gure balore kultural hauek zabaltzeko bai Europan, Amerikan eta Asian”.

Giza talde global horrek lortu du gaur egun Cikautxo Taldeak momentu gozoa bizitzea. Finantza-egoera indartsua da eta merkatuan kontratu berrien kopuru handia lortu du. “Pandemia urtean gure kontratu berrien errekorra lortu genuen eta aurreikusitako emaitza eta kudeaketa-plana bete ditugu. Taldeko langile eta bazkideok pozik eta harro gaude gure aurrekoek guri emandako lekukoari eusten diogulako. Modu berean, guk hurrengo belaunaldiei ere egoera onean eman nahi diegu enpresa, eta horretarako ekintza berriak eta berrikuntza-proiektuak garatzen ari gara, Cikautxo transformatzen jarraitzen dugulako”.

IMG_2021.jpg

Cikautxoko langileak, urteurreneko ekitaldi nagusian antolakuntza lanetan aritutakoak, Iñigo Urkullu lehendakariarekin.

Enpresak eta orohar gizarteak bizi duen momentu bereziaren inguruan, Iñigo Laskurainek ere zenbait gako aipatu nahi izan ditu. “Gizarteak iraunkortasuna eskatzen du mugikortasunean, eta horrekin batera ibilgailu elektrikoa eta material eta baita energia iturri berriztagarriak erabiltzea ere. Honek guztiak merkatuaren joera apurtzea ekarri du: alde batetik, produktu tradizionalak ordezkatuta gelditzen dira, beste batzuk, aldiz ,desagertuta; eta bestaldetik, teknologia eta aukera berriak sortzen dira”.

Cikatek, zentro teknologikoa

Cikautxo Taldeak, Cikatek teknologia berrien zentroaren gidaritzapean, 50 urteko transformazioari jarraipena eman beharko dio. Enpresak produktuak transformatu beharko ditu, plastiko berriztagarriak eta bio-materialak erabiliz. Bateriadun edo hidrogenozko piladun kotxe elektrikoetan agertzen diren produktuak garatu beharko dituzte, eta industria 4.0 transformazio digitalak ematen dituen aukerak erabili bikaintasunaren bila.

Horren harira, Laskurainek bere interbentzioa Jose Maria Arizmendiarrietaren hitzekin amaitu nahi izan du, “indarraren benetako seinalea, ez da bizitzeko gaitasuna, aldatzekoa eta ingurugiroari egokitzekoa baizik. Gu, bazkide eta langileok, Berriatuan eta munduan, prest gaude elkarrekin lan egiteko eta transformazio behar honi aurre egiteko. Erronka honi erantzungo diogu gure betiko baloreetatik: ausardiatik, konpromisotik, elkarlanetik eta berrikuntzaren kulturatik. Eta lortuko dugunaren konfiantza badugu. Cikautxo Taldea hemen egongo da aurrerantzean ere, hemen elkartu garenon ahaleginari esker, urteurrenak ospatzen, gure inguruko herrietan ongizatea eta aberastasuna sortuz. Eta bide beretik jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu”.

Berrikuntza handiko proiektua

Berrikuntza maila oso handiarekin, automozioaren merkatu globalean Cikautxok posizionamendu bikaina lortu du. MONDRAGON Korporazioaren babesarekin globalizazio prozesu arrakastatsua garatu du. Era berean, teknologikoki punta-puntako instalazioak garatu ditu eta bere zentro teknologiko propioa ere abian jarri du, Cikatek. Horren guztiaren inguruan hitz egin du MONDRAGONeko presidenteak.

Iñigo Ucin: “Cikautxo moduko enpresa proiektuaz harro sentitzen da MONDRAGON; ondo definitutako estrategiarekin munduko merkatu globalean lehiakortasunez ari da, aldaketei etengabe egokitzen".

Iñigo Ucinek balioan jarri du Cikautxok berrikuntza arloan, bere historia luzean, eginiko lan handia, eta horrexegatik guztiagatik Korporazioa harro sentitzen dela gaineratu du. “Cikautxo moduko enpresa proiektuaz harro sentitzen da MONDRAGON; ondo definitutako estrategiarekin munduko merkatu globalean lehiakortasunez ari da, aldaketei etengabe egokitzen eta merkatuaren gorabeherei aurre hartzen”. Ucinek 50 urteko ibilbidea eta Cikautxok erakutsitako etorkizunerako orientazioa nabarmendu nahi izan ditu, “hori guztia datozen belaunaldiei talde sendo eta dibertsifikatua uzteko”, gaineratu du.

Lehendakariak: "Zorionak eta aurrera!"

Urteurreneko ekitaldiak balio izan du produkzio zentroan bisita gidatuak egiteko, hiru taldetan banatuta egin dira aipatu bisitak, goizeko 10etatik aurrera. Ondoren iritsi da hitzaldien txanda, Pili Kaltzada kazetariak aurkeztuta, eta haien hitzen eta Egaña bertsolariaren saioaren ondoren, ekitaldiari amaiera ofiziala emateko, Euskadiko Lehendakari Iñigo Urkullu Renteriak hartu du hitza.  

Lehendakariaren lehenengo hitzek Cikautxo zoriontzeko balio izan dute, eta eskerrak emateko “etorkizunera begira dagoen erakundeari”.  Pertsonak eta berrikuntza dira Cikautxoren zutabeak eta baita kooperatiba izaerarekin hain lotuta dagoen gizarte konpromisoa ere. Horren inguruan Lehendakariak bide berean lanean segitzeko animatu ditu kooperatibistak. “Prestakuntza, talde lana eta langileen parte hartzea sustatzen dituzue; Cikatek teknologia gunearen bitartez ikerketa, garapena eta berrikuntza bultzatzen dituzue; eta zuen ereduak garapen iraunkorra, ingurumena eta ongizatea zaintzen ditu. Beti ere, bezeroekin duzuen harremana mantenduz eta erantzun berritzaileak bilatuz eta landuz; segi bide beretik”, gaineratu du Urkulluk.

Azken 50 urteetan izandako une zailak eta krisialdiak ere gogora ekarri ditu Lehendakariak, baita uneotan bizi den krisi garaia ere. “Orain ere, aurrekoetan bezala, egoera honetaz baliatu nahi dugu irakasgaiak aplikatzeko, indar berria hartzeko eta aurrera egiteko”. Elkarlana eta kolaborazio publiko-pribatua balioan jarriz amaitu du Lehendakariak bere hitzaldia. “Erakundeen, kooperatiba edo enpresa munduaren eta gizarte osoaren helburua da lankidetza publikoa eta pribatua uztartzea lehiakortasuna irabazteko eta kalitatezko enplegu berriak sustatzen jarraitzeko”. Eta zalantzarik gabe, “gizartearekin, inguruarekin eta pertsonekin konpromisoa erakusten duen kooperatiba da Cikautxo”. Horrexegatik guztiagatik, “zorionak mende erdiko ibilbideagatik eta eskerrik asko zuen eredua mundu osoan sustatzeko egiten duzuen ahaleginagatik!”.

Kautxuz eta plastikoz egindako soluzio berritzaileak.