Aurkeztu da Euspot 2014, euskarazko iragarkien lehiaketa

EUSPOT, euskarazko iragarkien lehiaketaren hirugarren edizioa egingo da aurten. 2012an sortu zen, alor guztietan euskarazko sormena sustatzeko eta euskararen erabilera hedatzeko. Ostiralean aurkeztu zen hirugarren edizioak ‘pintxo potea eta euskara’ izango du ardatz, eta lanak maiatzera arte aurkeztu ahal izango dira. Aretxabaletako Udala, Mondragon Unibertsitatea eta Arteman Komunikazioa Koop. Elkartea dira lehiaketaren sustatzaileak.
Card image cap
Iñigo Louvelli, Aretxabaletako Udaleko Euskara zinegotzia; Arantzazu Lagunilla, Arteman Komunikazioa Koop.Elkarteko zuzendaria; eta Goio Arana, MUko irakaslea.
2014/02/03

Ostiralean aurkeztu zen Euspot 2014, euskarazko iragarkien lehiaketaren hirugarren edizioa. Aurkezpenean Goio Arana (HUHEZIko (MU) Komunikazio Departamentuko ordezkaria), Iñigo Louvelli (Aretxabaletako Udaleko euskara zinegotzia) eta Arantzazu Lagunilla (Arteman Komunikazioko ordezkaria) izan ziren.

Iazko datuak

2013ko lehiaketak arrakasta dotorea izan zuen. Guztira 22 lan aurkeztu ziren, Euskal Herriko toki askotatik bidalitakoak guztiak ere. Aurtengo edizioaren helburua da, spot lehiaketa kontsolidatzea eta euskararen panoraman erreferentziazkoa bilakatzea. Lehiaketaren aurtengo asmoa, batez ere, gazteen parte-hartzea sustatzea izango da. Gazteen sormena bultzatuz eta ilusioak piztuz. Lehiaketa irekia da eta edozeinek har dezake parte.

Aretxabaletako Udalak EUSPOTen aldeko apustua egin nahi du aurten ere, euskara bizitzako alor guztietara hedatzeko eta arlo horretan egiten ari diren lana goraipatu nahi du. Gainera, antolakuntza batzordetik nabarmendu nahi da aurten ere 16 urtetik gorakoek aukera izango dutela lehiaketan parte-hartzeko, eta horretarako harremanak sustatu dira zenbait ikastola eta eskolarekin.

Aurtengo berrikuntzak

Maiatzaren 15ean egingo den sari banaketa ekitaldia zuzenean grabatuko da eta GOIENAk, Hamaikak eta Tokikok eskaini ahal izango dute Euskal Herriko toki telebisten sarearen bitartez.

Oinarri sendoekin izaera irekia

MUk, Artemanek eta Aretxabaletako Udalak antolatutako spoten lehiaketak izaera irekia du eta Euskal Herrian parte-hartzea sustatu gura du. Beti ere, Debagoienean oinarri sendoak jarrita. Horretarako, Mondragon Unibertsitateak bere ikasketa kurrikulumean sartu du spoten gaineko ikasgaia eta Arizmendi ikastolako zein Kurtzebarri eskolako DBHko ikasleek lehiaketan parte hartu ahal izango dute. Unibertsitatearentzat lehiaketa bera eta ikasleen parte-hartzea epe luzerako inbertsioa da. Inbertsio baita ere hizkuntzaren erabilerari dagokionez.

Lanak aurkezteko epea

Lanak maiatzaren 9a baino lehen aurkeztu beharko dira www.euspot.eu webgunean eta sari banaketa ekitaldia maiatzaren 15ean egingo da Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxeko Zaraia aretoan. Guztira Euspot Lehikatek aurten ere 2.250,00 euro banatuko ditu sarietan.

Lau sari banatuko dira:

1.- Spotik onena. / 1.000 euro

2.- MUko ikasleen spotik onena. / 500 euro

3.- Publikoaren saria. / 500 euro

4.- Gazteen saria (18 urte beherakoak) / 250 euro

Lehiaketaren oinarriak eta informazio gehiago: http://euspot.eu/lehiaketaren-oinarriak/

Irakaskuntza

Humanitate eta heziketa zientzien fakultatea