Asier Elorza (Mundukide): “Kooperatibak dira Mundukideko kooperanteen harrobirik onenak”

Card image cap
2023/03/20

Munduko hiritar baino, munduan diharduen euskal hiritar globaltzat du Asier Elorza arrasatearrak bere burua. “Munduan leku bat edukitzea inportantea da” dio Elorzak, erreferentziazko sustraiak, gaztetako sasoiak bizitzan sekulako garrantzia duela defendatuz. Horrek, ordea, ez dio mugarik jarri eta 15 urte daramatza Mundukideren txapelaz Brasil, Mozambike eta Kolonbian kooperante lanetan, "kooperatiba eredua bizitza hobetzeko oso egokia izan daitekeela erakusten".

Kolonbia da orain Asier Elorzaren etxea. Aurretik Brasilen egin zituen 7 urte, bi sasoi ezberdinetan. Ondoren Mozambiken izan zen, eta Afrikako hego-ekialdean, munduko herrialderik txiroenetakoan egin zituen 3 urte. Kolonbian 4 urte daramatza eta bertan bizi da bi seme-alabekin eta emaztearekin. Kooperanteen lana bertatik bertara ezagutzeko asmoz egin dugu hitzordua Asier Elorzarekin, Mundukideren ereduaz eta kooperante izatearen arduraz aritu gara.

Nolakoa da kooperanteen lana?

Erakutsi nahi dugu hemengo esperientzia kooperatiboa beste lurralde batzuetan inplementatzea posible dela. Mundukiden dihardugunok beste lurralde batzuetara gure eredu sozial eta ekonomikoa eramaten saiatzen gara. Kontutan izanda nolakoa den herrialde bakoitzeko egoera eta ezagutzaren transferentzia herrialde bakoitzera egokitu behar dela kontutan izanda. Eta askotan ez da erraza. Gure proposamenak eskaintzen dituen onurak ikusten dituzten arren, konfliktoak ere sortzen dira. Kontziente izan behar zara zer eskaintzen duzun eta nola hartzen zaituzten.

Mundukiden dihardugunok beste lurralde batzuetara gure eredu sozial eta ekonomikoa eramaten saiatzen gara. Kontutan izanda nolakoa den herrialde bakoitzeko egoera eta ezagutzaren transferentzia herrialde bakoitzera egokitu behar dela kontutan izanda

Eta egunerokotasuna, nolakoa da?

Lan-taldeak sortzen ditugu eta gure antolakuntza kultura txertatzen saiatzen gara, egokitzen tokian tokira. Eta askotariko errealitateak bizitzen ditugu. Esaterako, indigenekin zailagoa da -ez da hain lineala haien pentsatzeko era-. Nekazariekin, esaterako, enpresagintza soziala sustatzen dugu.

Ez da berdina izango Afrikan edo eta Hego Ameriketan aritzea.

Erabat desberdina da. Mundukideren lana herrialde bakoitzean oso ezberdina da eta horrexegatik da hain aberatsa. Afrika gordina da eta han egiten den lana oinarrizkoagoa izaten da. Kolonbian eta Brasilen, esaterako, kooperatiba handiak ditugu, enpresa handiak dira eta horien kudeaketa konplexuagoa izaten da. Edozelan be, askotariko ereduak daude, talde txiki zein handiak. Indigenekin daramagun enpresa, esaterako txikia da.

Mundukideren lana herrialde bakoitzean oso ezberdina da eta horrexegatik da hain aberatsa. Afrika gordina da eta han egiten den lana oinarrizkoagoa izaten da. Kolonbian eta Brasilen, esaterako, kooperatiba handiak ditugu, enpresa handiak dira eta horien kudeaketa konplexuagoa izaten da

Eta nolakoa da herrialde ezberdinetan jasotzen duzuen harrera? Nola hartzen zaituztete?

Harrera oso ona izaten da baina trabak ere izaten dira. Eta proposatzen diegun lan-ereduari dagokionean, beti aukeratu behar duzu erdiko bidea. Beti ekilibristarena egiten aritu behar zara, irtenbideak eta proposamenak adosten. Nik joera eta lan egiteko modu batzuk oso errotuta ditut eta herrialdeetan ere errotuta daude ideia eta modu asko, eta askotan frustrantea bada ere, erdi-bideak adostera jo behar duzu.

Etengabe sortzen ari gara, eta sortu behar dugu beste kultura batean, beste antolakuntza kultura batean oinarrituta, zurea eta haiena uztartuz, eta gainera errentagarritasunaren mesedetan. Nekazaritza arloan, birziklapenaren arloan… berdin da zein sektoretan, baina proiektu errentagarriak sustatu behar dira, komunitate horien bizitza kalitatea hobetuko dutenak.  

Ze aurreikuspenekin joan behar du kooperanteak?

Lehenengo aldia ederto gogoratzen dut. Brasilera joan nintzen bertako proiektu bati hasiera ematera, eta hasierako kolpea handia izan zen niretzat. Erdialdeko Amerikan kooperazioan aritutakoa nintzen, baina Brasilera joan nintzenean beste errealitate bat aurkitu nuen. Brasilen mugimendu handi baten barruan antolatutako nekazariak genituen, euren proiektuak martxan jarri nahi zituztenak eta ni neu errealitate hartara egokitzera behartuta nengoen. Herri antolatua beti garatuko da hobe. Kolonbia, Ekuador eta Brasileko proiektuetan ideia hori garatzen da. Pobreziatik irten nahi dute eta euren seme alabak beste gizarte batean hazi nahi dituzte. Brasilen, esaterako, politikan sartzen ari dira, politika publiko berriak egiten eta proposatzen. Guk ekonomia soziala, gestio ereduak berrantolatzen ditugu eurek nahi duten arte. Kooperatiba handietan gutxiago sartzen gara eta txikietan gehiago laguntzen dugu. Gestio mailan denetik egiten dugu.

Asier Elorza1.JPG

Zauden tokian zaudela, egokitu beharra izango duzue beti.

Bizitzak erakusten digu moldatu behar garela eta denok moldatzen gara. Haiek eta gu. Gure aholkulari batek esaten du ‘El agua dijo vamos. La piedra dijo para. El remolino dijo, vamos a bailar’. Esaldi honek laburtzen du gure esperientzia. Burua ireki, begiak zabaldu eta ikasi. Naiz eta guztioi kostatzen zaigun, ikasi behar dugu ezer ez Inposatzen, gure egiteko modua, gure eredua, proposamenetik bakarrik txertatu ahal izango da, haien onarpenik ez badago jai dugu.

“Mundukidek gu bezalako lankideak behar ditu”

Zergatik dira egokiak kooperatibetako langileak Mundukiderentzat?

Eredu kooperatiboa hedatzera joaten direlako. Eredu hori bertaratu behar da, kasuan kasu, esperientzia ezberdinetara egokituz. Hemengo jendearentzat, gure kooperatibetan ari direnentzat, eta munduan laguntzeko irrika dutenentzat, Mundukide da aukera onena. Beste batzuek marketin gehiago egiten badute ere, guk isilik egiten dugu lan, gure eredua oso balekoa dela erakutsiz.

Zer esango zenioke kooperante bezala lan egiteko zalantzan dagoen pertsona bati?

Guk eredu ekonomiko eta soziala proposatzen diogu munduari. Kooperatibetako jendeak badaki zein den oinarria. Kultura bat dago, guk txikitatik ikasi duguna, ez da gehiago behar. Hori jakinda nahikoa da abentura abiarazteko. Hori baita eramaten duguna, hori da eskatzen dutena eta hori da egokitzen duguna. Hori izanez gero, baduzu joateko oinarrizko elementua. Kooperatibak dira Mundukideko kooperanteen harrobirik onenak. Eta ikuspegi pertsonaletik ere, sekulako esperientzia da.

 

 

Kooperazio kooperatiboa