Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
Arratia, baserri kutsuko eskualde industriala
Bederatzi herrik osatutako mankomunitatea da Arratia, 15.000 biztanle eskaseko eskualde berdea, “baserri girokoa” Xaber Ozerinjauregi Batz kooperatibako presidentearen hitzetan. Urte askoan zehar nekazaritza eta abeltzaintza izan baditu ere bere ekonomian ardatz, orain 60 bat urte industria bilakatu zen eskualdeko ekonomiaren motor nagusia. Garai haietan sortu zen Batz, “lan enplegu kooperatiboa” eskaintzeko asmoz, eta baita, gerora, beste enpresa txiki eta ertain asko ere.
Egun, eskualde “aberatsa” da Ozerinjauregiren ustez: “bertakoentzat ere zerbitzu onak ditugu eta bizi kalitate on bat edukitzeko gai gara, baserri kutsua galdu gabe. Lehen Arratian industrian lan egiteko aukerak falta ziren, eta jendea kanpora joaten zen. Arratiar askok egiten dute lan Durangon, Basaurin, Galdakon edo Eibarren”.
Bizkaiko Foru Alduandiaren arabera, Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa, Ubide eta Zeanuriko herrietara 3,84 milioi euro bideratu dira azken urteotan, euren garapen ekonomikoa indartzeko. Hala, hiru industria gune nagusi aurki daitezke egun eskualdean: Igorren, Diman eta Artean. “Sektore askotako enpresak ditugu: nekazal inguruan lanean dabiltzanak, eraikuntza enpresak, TIC, automobilgintza, metal-mekanika, zerbitzuak… baina esan beharra dago, gehiengoa, industria arloan oinarritutako enpresa txiki eta ertainak direla”, dio Ander Arakistain Errota Fundazioko teknikariak.
Enplegu kooperatiboa duen eskualdea
Batzez gain, Ormazabal edota Ilunbe bezalako industria enpresa handiak ere badira. Batz MONDRAGON taldeko kooperatiba da, eta 1.300 langile ditu denera. Horietatik 500 baino gehiagok eskualdean egiten dute lan, bi lantegi baitituzte bertan: bata, handiena, Igorren eta bigarren bat Artean. Hirugarren planta bat ere badute Bizkaian, Zamudion, hain zuzen, 250 langilekoa. "MONDRAGON taldeko kooperatiba bat izatetik dator gure eragin handiena eskualdean", nabarmendu du presidenteak.
Munduan zehar zabalduta dago Batz (Txina, Mexikon eta Txekian dituzte lantegiak), “baina jakinik gure erroak Arratian daudela eta hemendik ekin zela proiektua”, Ozerinjauregiren hitzetan. Hala, eskualdean “bertako gazteentzat industria arloan lan egiteko aukera kooperatiboak sortzea” izan zen hasiera batean Batzen helburua, “desberditasunak gutxitu, kohesio eta ongizate sozial handiagoa lortzen duen modeloa", kooperatibarena, eskualdean hedatuz.
Xaber Ozerinjauregi: “Munduan zehar zabalduta gaude, baina jakinik gure erroak Arratian daudela eta hemendik ekin zela proiektua”
Halaber, industriak mankomunitatea nolabait berpiztu badu ere, azken urteak “industria mailan oso gogorrak” izan direla aitortu du Arakistainek, “baina Arratiarrek esaten duten legez, txiri-txiri badoa egoera gris hori koloreztatzen". Hain zuzen, Errota Fundazioak betebehar hori du, eskualdeko ehun ekonomikoa dinamizatzearena.
Lehiakortasuna giltzarri
Batz eskualdeko eragile nagusienetako bat den heinean, Errota Fundazioan behar zuen izan. "Arratian erroak dituen kooperatiba gara gu, eta beste gauza batzuen artean gure inguruko eraldaketa soziala dugu helburu kooperatiban bertan ere bai”, dio Ozerinjauregik
Eskualdeko enpresen lehiakortasuna hobetzeko asmoz hainbat betebehar zehaztu ditu Errotak. Alde batetik, berrikuntza bideratzeko gaitasuna. Horretarako Zulaibar zentroaren garrantzia azpimarratu du Arakistainek. “Azken urteetan, Zulaibar ikastegiak eskaini dizkigun zerbitzuei esker jauzi kualitatibo bat eman dugu eta argi dago, astiro-astiro, elkarlanean, gure proiektuen eskaintza Arratiako enpresatara iristeko bide hori lantzen jarraitu behar dugula”.
Beste aldetik, enpresen arteko kolaborazioak gako direla uste du fundazioko teknikariak. “Enpresen arteko sinergiak ezinbestekoak dira gaur egungo lehiakortasuna areagotzeko. Enpresak merkatuari ahalik eta azkarren erantzuteko gai izan behar dira, eta askotan erantzun hori emateko hainbat enpresek batu egin behar dute prozesu horretan soluzio eta eskaintza berritzailearekin”.
Ander Arakistain: “Azken urteetan, Zulaibar ikastegiak eskaini dizkigun zerbitzuei esker jauzi kualitatibo bat eman dugu eta argi dago, astiro-astiro, elkarlanean, gure proiektuen eskaintza Arratiako enpresatara iristeko bide hori lantzen jarraitu behar dugula”
Horretarako, baliabide teknologiko eta finantzarioak funtsezkoak dira. “Enpresa askok baliabide teknologiko berrien beharrizana erakusten dute gaur egungo merkatuari erantzuten jarraitu ahal izateko. Aldaketak oso azkar ari dira ematen eta honek eskuragarri dauden teknologiak ahalik eta azkarren barneratzera bultzatzen ditu inbertsio eta esfortzu handi bat suposatuz”, plazaratu du Arakistainek.
Batzek Errotaren misioa eta baloreekin hasieratik bat egin zutela dio Ozerinjauregik: “Arratiaren eraldaketa sozioekonomikoa, gizartearen ongizatera orientatuta, garapen jasangarria bultzatzen duena. Beste eragile batzuekin lankidetzan, eta euskaraz”.
Hala, Arratian, beste eskualde orotan bezala, enpresa lehiakorrak beharrezkoak dira. “Enpresa handiak bakarrik ez ditugu eduki behar. Baita txikiak ere. Denak gara beharrezkoak. Horretan aritu behar gara, baina ez bakoitza bere aldetik, elkarlanean egin behar ditugu ahaleginak, bai enpresa handienak, bai txikienak, baita erakunde publikoenak ere. Gainera, hezkuntza arloan Zulaibar dugu”, gehitu du Arakistainek.
Talentua sortu eta mantendu
Eskualde gisa erakargarri izaten jarraitzeko, hainbat erronka zehaztu ditu fundazioko teknikariak. “Esan beharra dago, batez ere, enpresa txikietan, digitalizazioak oraindik erronka bat suposatzen duela”. Jasangarritasuna ere aipatu du: “Datozen urteetarako erronka nagusia bihurtuko zaigu, Europar Batasuneko legedira egokitzeko”.
Hori gutxi balitz, talentua erakartzea ere erronka handienetako bat da Arratiarentzat: “Gaur egun, betirako lanpostuak ez dira hain ohikoak eta jendeak ez du lanpostuz aldatzeko inolako arazorik. Gehienetan pertsonek baldintza hobeak edo ongizatea eskaintzen dizkien lanpostuetara joateko joera dute, beraz, talentua erakartzeko apustu eta planteamendu berriak egin beharko dira.”
Ander Arakistain: “Esan beharra dago, batez ere, enpresa txikietan, digitalizazioak oraindik erronka bat suposatzen duela”
Ozerinjauregik ildo beretik jo du: "Arratiako jendea eduki behar dugu kontuan. Bertakoentzat zerbitzuak emanez eta gazteak bertan bizi eta lan egiteko, enpresak sortzeko leku erakargarri bat izan dadin". Eskualdearekiko konpromisoa berretsiz, beste eragile batzuekin elkarlanean aritzeaz gain, haiekin zuzenean inplikatzen direla dio presidenteak, "ezagutza, esperientzia eta eskura ditugun bestelako baliabide batzuk eskainiz".
Finean, eskualde industriala izanik, sektorearen etengabeko berrikuntzara egokitu beharra du Arratiak. Arakistainen hitzetan, “industria da kalitatezko enpleguak sortzeko motor garrantzitsuenetako bat”. Baina, zerbitzu aurreratuei dagokienez, hau da aholkularitza espezializatuari dagokionez, Arratian oraindik pisu gutxi du. Aitzitik, "ez litzateke arraroa izango datozen urteetan industriari lotutako zerbitzu aurreratuen gorakada bat ematea, izan ere, gero eta beharrezkoagoa den sektore bat da".
Iturria: Enpresabidea