Arrasateko Eguzki dorrea berritu du ULMAk

Horrela, eraikinaren efizientzia energetikoa hobetu da, hezetasunak eta kondentsazioak ezabatu, eta higiezinaren estetika ere hobetu da.
Card image cap
2019/10/07

Eguzki dorreak, Arrasateko eraikinik ezagunenetakoak, bere irudia berritu du. Dorrea 1971n eraiki zen, eraikin altuak eginez lekurik txikiena okupatu eta inguruko berdeguneak maximizatzeko joerari jarraituta.  Ia 50 urte dauka eta herriko eraikinik altuena izaten jarraitzen du, bere 20 solairuei esker. Denborak egin du azken urteetan eraikinean hainbat lan egin behar izatea, sortzen ziren arazoak konpontzeko, esaterako hezetasunak, pitzadurak, fatxadatik gresiteak askatzea, etab. Esku hartze horiekin, eraikina osorik eraberritu eta bigarren gaztaro bat emateko erabakia atzeratzea baino ez zen lortu.

Ez da erraza izan hainbeste etxe jabe ados jartzea eta denon artean adostea eraikina behin betiko birgaitzeko eta konponketa partzialetarako etengabe egin beharreko gastu gehiagorik ez egiteko irtenbiderik hoberena. Lan hori egiteko obra batzorde bat eratu zen, eta batzordeak erabaki zuen LKS KREAN enpresaren laguntza edukitzea, tamaina handiko proiektuetan soberako esperientzia duen enpresa baita.

LKS KREANek, berriz, ULMA Architectural Solutionsen esperientzian konfiantza jarri eta haren esku utzi zuen eraikinaren larruazalaren aldaketa, eraikinean gehien ikusiko zen aldaketa izanik. 

Obraren helburua eta garapena

Hainbat helburu izan dira behin betiko birgaikuntza honekin bilatu direnak; batetik, eraikinaren efizientzia energetikoa hobetu nahi izan da, bestetik hezetasunak eta kondentsazioak ezabatu, eta higiezinaren estetika hobetu ere nahi izan da. Bilatzen ziren helburuak ikusita, ULMAren fatxada aireztatuaren onurak aukeratu ziren, beste lan batzuekin batera, hala nola garajeetako sabaien isolamendua lehen solairua termikoki isolatzeko, barruko patioen eta balkoien isolamendua, eta mugimendu detektagailuen eta kontsumo txikiko bonbillen instalazioa.  Proiektua gauzatzeko, obra batzordeak honelako birgaitze lanetan esperientzia duen inguruko enpresa bat nahi zuen.  Hainbat aukerak baloratu ondoren, Construcciones Artzamendi enpresa aukeratu zen. Artzamendi eta ULMA enpresek Zerbitzu Integrala eskaini dute, proiektuaren fase guztiak hartuta, eta zerbitzu hori prozesuan inplikatutako guztien onerako izan da: Arkitektoak, enpresa eraikitzailea, instalatzaileak eta etxebizitzen jabeak. Zerbitzua funtsezkoa izan da proiektuaren arrakastarako.

Aholkularitza lan handia egin da, izan ere, fatxadaren puntu kritikoetarako irtenbideak aurkitu dira, kalkulu estrukturalak eman dira, neurrirako zatiketak definitu dira, eta horma euskarriaren saiakuntzak egin dira, hormaren erresistentzia ikusteko eta hormak jasan zitzakeen kargak baloratzeko. Obra gauzatzeko epeak hobetzea da beste lan garrantzitsu bat, plakak ebakitzeko prozesua industrializatu baita, eraikinari neurrirako jantzi bat egiteko. Horrela, lanak egiten ari ziren bitartean zarata eta hauts gutxiago sortu ez ezik, instalazioa azkarragoa izan da.  Instalazio fasean, oso garrantzitsua izan da birgaikuntza lanetan esperientzia zabala duten muntatzaileak eduki izana.  Gainera, proiektuaren arrakastarako funtsezkoa den figura bat eduki da, obra koordinatzailearen figura, alegia. Koordinatzaileak instalazioan eta muntaketan inplikatutako lantalde guztien lana gainbegiratu eta kontrolatu du.

Ulmaren fatxada aireztatuaren sistema

Erabilitako plaken materiala ere –hormigoi polimeroa– proiektu honen elementu bereizlea izan da. Material honen abantailetako bat da testura eta kolore askotan dagoela, eta horrek errazago egiten die bizilagunei nahi duten estetikara hoberen egokitzen den aukera hautatzen.  Gainera, sua ondo erresistitzen duen materiala da eta, kasu honetan, 20 solairuko eraikina denez hori oso garrantzitsua da.

Erabili den fatxada aireztatuaren sistemak profil jarraitua du eta horrekin ekiditen da etorkizunean plakak erori ahal izatea. Plaken artean juntura minimo bat dauka, halaber, eta horri esker barruko ganberara sartzen  den ur kantitatea minimoa da. Estetika mailan ere plaken artean dauden 3 mm eskas horiek jarraitutasuna eta garbitasuna ematen diote fatxadari.

Nabarmena da Eguzki dorreko bizilagunen asebetetzea. Esan dutenez, birgaikuntzarekin aldaketa handia nabaritu dute etxe barruko erosotasunean, batez ere eguraldi txarra egiten duenean.  Goizean etxea egurastu ondoren, tenperatuta 19-20 gradu izatera bueltatzen da segituan. Nabaritzen da barruko beroa mantentzen dela arazorik gabe eta isolamendu termikoa hobetzen dela berogailuan aurreztuta.

Eguzki Dorreko bizilagun batek esaten zigun moduan: “Obrak 2017ko urrian hasi ziren eta lehen fasea bukatuta zegoenean alde horretako bizilagunak nabarmen hasi ziren jada nabaritzen etxe barruko tenperatura aldaketak. Obra normaltasunez egin da, zarata eta hautsaren aldetik ohiko molestiekin, baina instalatzaileen jarrera beti ona izan da eta saiatu dira beti  bizilagunen bizitza ahalik eta gutxien oztopatzen. Inbertsioa merezi du, 1. minututik nabaritzen baita desberdintasuna”. Beste bizilagun batek esan digunez, neguan, goizetan alde handia nabaritzen du eraikina birgaitu aurretik zuen tenperaturarekin konparatuta. Altxatzen denean 21 graduko tenperatura dauka etxean, orain etxe barruan duen erosotasuna oso handia da. Udan ere desberdintasuna nabaritu du tenperaturan, “etxea birgaikuntzaren aurretik baino gutxiago berotzen da. Estetikoki ere asko hobetu da.Obra arazorik gabe egin da, eta ULMAko jendearen prestasuna oso ona izan da;  esperientzia handia zuela ikusten zen.

IKERLAN Zentro Teknologiaren egoitza nagusiaren eraberritzea da ULMA Architectural Solutionsek Arrasaten ere berriki egin duen beste birgaitze lan garrantzitsu bat. Eraikinak 6.000 m2 baino gehiago ditu fatxadan, eta 70eko hamarkadaren hasierako bitxi arkitektonikotzat jotzen da.

ULMA Architectural Solutions, dorrearen birgaikuntza lanez arduratu den enpresa, ULMA Taldeko kidea da. Hau da, 5.500 pertsona baino gehiago, 900 milioi euro inguruko negozio bolumena eta mundu osoko 80 herrialde baino gehiagotan presentzia duen enpresa talde bateko kidea da.