Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
Arrakastatsua suertatu zen MUk antolatu zuen hezkuntza kulturaniztunari eta eleaniztunari buruzko jardunaldia
Katalunia eta Euskadi gizarte kulturaniztun eta eleaniztunen adibideak dira, gainera, bi herrialde horietako hezkuntzan askotariko pertsonek dute lekua. Horri, hain zuzen, hezkuntza inklusiboa deitzen zaio. Hezkuntza eredu hori berritzeko eta esku hartzeko gogoeta egiteko eta jarraibide batzuk emateko helburuarekin, Mondragon Unibertsitateak eta Universitat de Vic-ek hezkuntza-berrikuntzari buruzko jardunaldia antolatu dute gaur, Mondragon Unibertsitateko Humanitateen Fakultateko Aretxabaletako campusean. Jardunaldian, ikertzaileek familiaren, immigrazioaren eta pertsona desgaituen eginkizuna aztertu dute hezkuntzaren alorrean. Jardunaldia unibertsitate bien artean dagoen lankidetza-hitzarmenaren baitan egin da. Lankidetza horren emaitzetariko bat, hain zuzen, Estatu osoko aurreneko baterako doktoretza ofiziala abian jartzea izan da. Doktoretzak “Berrikuntza eta Esku-hartzea Hezkuntzan” izenburu du eta Europar Eremuko unibertsitate-ikasketetara egokiturik dago.
Hori horrela, doktoretza hori egin nahi duten guztiek –unibertsitate bietan egin dituzte egonaldiak– bertatik bertara alorreko azken ikerketen berri, baita doktoretzaren berri, izatea da aurreneko ikerketa-jardunaldi horren helburua. Irailean, hain zuzen, doktoretzaren bigarren edizioa jarriko da abaian, ikasturte akademiko hau lehen urtea izan baita.
Jardunaldia 9:00etan hasi zen eta unibertsitate biek baterako doktoretzaren programa aurkeztu zuten baita aipaturiko alorreko beren ikerketa-ildoak eta -taldeak ere, unibertsitate bietako doktoregaien ekarpenekin. 15:00etan, doktoretza-programaren batzordeko lehendakari eta hezkuntza eleaniztunean aditu den Ignasi Vila ikertzaileak esku hartu zuen, eta alor horretako ikerketako azken joerak azaldu zituen.
Jarraian, unibertsitate bietako ikertzaileek bilerak izan dituzte baterako proiektuak bilatzeko, eta, azkenik, unibertsitate bietako doktoregaiek informazioa elkartrukatu zuten.
Doktoretza
Doktoretza-programa Mondragon Unibertsitatearen eta Universitat de Vic-en arteko baterako programa da, eta unibertsitate bien baliabideak eta sinergiak batzeko helburuarekin diseinaturik dago. Horiek historia, balio eta ezaugarri oso antzekoak dituzte. Doktoretza-programak, unibertsitate bakoitzean 14 doktoregairentzako plazak dituenak, bi ikerketa-ildo ditu: berrikuntza eta esku-hartzea gizarte kulturaniztunetan eta eleaniztunetan, eta berrikuntza eta esku-hartzea hezkuntza inklusiboan. Doktoretza euskaraz, gazteleraz eta ingelesez emango da, Mondragon Unibertsitatearen kasuan, bere Eskoriatzako eta Aretxabaletako campusetan, eta doktoregaiek egonaldiak egingo dituzte Universitat de Vic-en. Ikastaroak hiru urteko iraupena izango du denbora osoko dedikazioan, eta bost urtekoa denbora partzialeko dedikazioan.
Gizarte kulturaniztunetako eta eleaniztunetako berrikuntzari eta esku-hartzeari buruzko ikerketa-ildoaren kasuan, ikerketak honako hauen arteko loturak aztertuko ditu: familia, eskola eta lurraldea, immigrazioa, hizkuntzen eta literaturen irakaskuntza/ikaskuntza eta kultura-ikasketak. Bestalde, hezkuntza inklusiboaren ikerketa-ildoak pertsona guztien (pertsona desgaituen eta beste ezaugarri batzuk dituztenen) hezkuntza beharrei erantzuna ematea du xede, baita hezkuntza inklusiboaren erronkari dagokion berrikuntza metodologikoari erantzuna ematea ere.
Doktoretza-programak doktoregaien eta irakasleen mugikortasunaren aldeko apustu estrategikoa egin du. Horri esker, unibertsitate bietako doktoregaiek nahiz irakasleek beste esperientzia batzuk ezagutuko, unibertsitate bietako prestakuntza- eta ikerketa-jardueretan parte hartuko eta ikertzaile-taldeen artean sareak sortuko dituzte.
Doktoretza-programa egin nahi duen ikasleak unibertsitate bietako batean egin beharko du izena emateko eskabidea. Hortaz, ondorio akademikoei eta administratiboei dagokienez, matrikulatu den unibertsitatearekin izango du lotura.
Ignasi Vila
Hainbat hamarkada Katalunian bizitzen daraman donostiarra da Ignasi Vila. Bertan, Universitat de Girona-n lan egiten du irakasle gisa. Psikologia Ebolutiboan eta Hezkuntzan katedraduna da. Bere bizitza osoa hezkuntza elebidunari loturiko gaiei eskaini die eta, bereziki, Kataluniako murgiltze linguistikoari loturiko arazoei. Bere ikerketa-ildoetariko bat da hezkuntza elebiduna antolatu eta ebaluatzea, eta familiatik eskolara hizkuntza aldatzeko programari arreta berezia eskaintzen dio.
Immigrazioaren hazkundearen eskutik, Kataluniako hezkuntza-esparruan azaldu diren arazo linguistikoei eta horrek eleaniztasuna nabarmen handitu izanari arreta berezia eskaini die. Bestalde, eta hainbat arrazoi direla eta, gure lurraldearekin harremanetan jarraitu du eta Euskadiko hizkuntza- eta hezkuntza-errealitateak oso ondo ezagutzen ditu. Hainbat topaketatan, mintegitan, ikastarotan eta antzeko jardueratan hartu du parte, bai unibertsitate-alorrean bai euskal hezkuntzarekin loturikoetan. Gainera “Grups de Recerca i Actuació amb les Minories Culturals i els Treballadors Estrangers (GRAMC)” elkarteko lehendakaria da.