Irakurriena
- 1. Danobatgroupek fakturazio marka hautsi du berriro 2024an, 344 M€ fakturatuta
- 2. Emakume kooperatibisten lidergoaren aitortza, M8an
- 3. MONDRAGON, konpromisoaren indar eraldatzailea
- 4. "MONDRAGON proiektu kooperatiboa, gertukoa, berrikuntzan oinarritua, eraldatzailea eta irekia da"
- 5. MONDRAGON Healthek osasunerako eta zaintzarako teknologia aurkeztu du FITECUn
- 6. TU Lankide berritua: 7 hobekuntza MONDRAGONi buruz informatzeko
Arrakastatsua izan da aurtengo PBL Day

Orona Ideon egin zen atzo PBL Day jardunaldiaren III. edizioa, benetako arazoen ebazpenean oinarritutako ikaskuntza-metodologia erakusteko eta unibertsitateko ingeniaritza-graduetako ikasleek diseinatutako proiekturik onenak erakusteko helburuarekin.
Mondragon Unibertsitatea aitzindaria da Estatuan PBL metodologia ezartzen bere fakultate guztietan. Ikasleek benetako arazoak ebatziz ikas dezatela bilatzen du.
Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntzaren (PBL) metodologia erakustea izan da jardunaldiaren helburua, hau da, egiten ikastea eta prestatzen ikastea, benetako arazoak ebatziz. Lehiaketarako hautatu diren 27 PBL proiektuak erakusteaz gain −panelak eta bideoak egongo dira ikusgai jardunaldi osoan zehar−, ekitaldian 2018ko PBL proiekturik onenari eman zaio saria, finalisten artean aukeratu dena. Ikasleek ikasturte akademikoko sei hilabeteetan zehar garatu dituzten proiektuak dira.
Proiektuak
Aukeratutako 27 proiektuak ikasleek egindako 446 proiektuen lagin bat baino ez dira. PBL proiekturik onena izendatzeko hautaturiko lanen artean, ingeniaritza-esparru guztietako proiektuak daude: energia, biomedikuntza, ekoteknologia, diseinu industriala, elektronika, informatika, mekanika, antolakuntza edo telekomunikazioak. Proiektu finalisten artean, eskuzko irabiagailu baten diseinua, banbuzko bizikleta elektriko baten diseinua, birgaitze-ariketa baten diseinua, ibilgailuak gidatzeko automata bat, soinuaren anplifikadore bat eta portuko trafikorako kontrolagailu automatiko bat egon dira, besteak beste.
Ikasleek gogokoen duten proiektua bozkatu ahal izan dute, PBL Day jardunaldian ikusgai jartzen diren proiektu guztien artean. Boto gehien jaso dituen taldeak 400 euroko saria jaso du.
PBL metodologia
Europa iparraldeko eta Estatu Batuetako unibertsitatekoekin parekagarria den eredu honen bitartez, ikasleek ikasgelan eta banaka bereganatzea zailak diren gaitasunak garatzen dituzte (komunikazioa, lidergoa, erabakiak hartzea eta abar). Azken finean, benetako arazoei aurre egitean, taldean lan egiten ikasten dute; gainera, erantzukizunak eta konpromisoak hartzen dituzte, eta horrek ikaskuntza-prozesuarekiko motibazioa eta inplikazioa areagotzen ditu.