Irakurriena
- 1. Fagor Arrasatek altzairua mozteko lineak hornitu dizkio Mexikoko Termium handiari
- 2. LagunAroren etorkizuneko erronkak aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken zenbakian
- 3. Danobatgroupek fakturazio marka hautsi du berriro 2024an, 344 M€ fakturatuta
- 4. Emakume kooperatibisten lidergoaren aitortza, M8an
- 5. MONDRAGON, konpromisoaren indar eraldatzailea
- 6. "MONDRAGON proiektu kooperatiboa, gertukoa, berrikuntzan oinarritua, eraldatzailea eta irekia da"
Arizmendiko Lanbide Heziketako ikasleak eta adinekoak elkarrekin Bizitza Betea proiektuan
Helduak Adiko Miren Larrea, Bizipoz kooperatibako Eider Etxebarria eta Ainara Menoyo, Arizmendi Ikastolako Zuzendaria Mireia Muruamendiaraz eta proiektuaren arduraduna den Xabin Arriola izan dira hizlariak. Beñat Irazabalek, Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketako zuzendariak eta Dorleta Elkorobarrutiak, Debagoieneko Mankomunitateko lehendakariak ere hartu dute hitza. Hitzaldiaren ondoren, mahai inguru bat egin da, Alba Parrila eta Olatz Martinez ikasleek, Laura Navarro eta Loli Ceciaga adinekoek eta Irati Gallastegi GSR egoitzako terapeutak hartu dute parte bertan. Alde guztiak pozik agertu dira dira ekimenarekin, eta oso positiboki baloratu dute orain arte egindako ibilbidea.
Proiektu hau pasa den ikasturtean hasi zen Debagoieneko Adinekoen eragile desberdinak aztertzeko abiatu zen ekimenetik, non Helduak Adik, Bizipozek eta Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketak parte hartu zuten elkarlanean. Bertan Bailarako adinekoen eragileen mapa bat sortu zen eta beraien nahiak, premiak eta elkarlanerako interesak identifikatu ziren. Lan hartatik abiatuta, aurtengo ikasturteari begira, proiektua hau gauzatzeko eskaera egin zen Gipuzkoako Foru Aldundian (Etorkizuna Eraikiz programaren baitan) eta berau martxan jartzeko aukera eskaini da.
Jada abian eta martxan den proiektu honek hiru zutabe nagusi ditu:
- Bizitza Betearen ikuspegia: Adineko pertsonen artean, zahartzaro aktibotik harago doan kontzeptuari helduz, adinekoek izan ditzaketen sei premia konkretuei erantzuteko helburua eta ikuspegia hartzen du proiektu honek.
- Belaunaldiartekotasuna: Adin guztietarako gizartea osatu ahal izateko, ezinbestekoak dira eta izango dira belaunaldiarteko proiektuak. Gazte eta heldu elkarlanean jarduteko aukera emango duten testuinguru pedagogiko-afektiboak alegia.
- Zerbitzu Ikaskuntza: Gure ikasleen kasuan, ikasketa prozesuan zehar garatu beharreko gaitasunak eskuratzeko aukera ezin hobea eskainiko die adineko pertsonekin batera aurrera eramango duten proiektu honek; ikasleek hala, eginez ikasteko parada izango dute.
Hala, Lanbide Heziketako Mikroinformatika, Osasun Larrialdiak, Erizaintzako zaintza osagarriak eta Gizarte eta Kirol Animaziorako Irakaskuntzako (GIKAI) zikloetako ikasleek tailer desberdinak eskainiko dizkiete adineko pertsonei. Izen emateak irekita daude eta baita tailerrak ere. Momentuz adinekoek martxoko tailerrak burutu dituzte Gizarte eta Kirol Animazioko eta Osasun Larrialdietako ikasleen eskutik. Maiatzetik aurrera, berriz, Erizaintzakoen, Kirol Animaziokoen eta Mikroinformatikakoen txanda izango da.
Tailer guztiak Arizmendi Ikastolako Arrasateko Ferixaleku gunean izango dira. Hala ere, tailerretan parte hartzeko Ikastolako instalakuntzetara joaterik ez duten adinekoak ere kontutan hartu dira ekimen honetan, eta ildo horretatik, Aitamenni eguneko zentrora, Atartera, GSR-ra eta Eskoriatzako Jose Arana eguneko zentrora hurbilduko dira ikasleak bertako egoiliarrei tailer batzuk eskaintzera.
Guztira hamabost tailer eskainiko dituzte Lanbide Heziketako ikasleek:
- Osasun larrialdietakoek (4 tailer): Heimlichen maniobra, sinkopeak, Bihotz birika bizkortzea (BBB) eta odol jario eta erredurak.
- Mikroinformatikakoek (3 tailer): Online aukerak, 3D inpresioa, ziurtagiri digitalak.
- Erizaintzakoek (2 tailer): Gaixotasun fisiko eta psikikoen detekzio goiztiarra eta prebentzioa, eta elikadura Heimlich.
- GIKAIkoek (6 tailer): Indar entrenamendua, K-Stretch, Zumba, erorketarik ez, Nordic Wlaking, Yoga hastapenak.