"Arizmendiarrietaren ideia eta pentsamenduak indarrean segitzen dute"

Iñaki Gabilondo kazetari donostiarrak Arizmendiarrietaren eguneko hitzaldia eskaini zuen iragan asteazkenean Mondragon Unibertsitatean, Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak antolatutako ekitaldian.
Card image cap
2022/11/18

Aretoa bete-bete eginda, ikusmin handia piztu zuen Iñaki Gabilondok iragan asteazkenean Arrasaten, Mondragon Unibertsitatean. Eta Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak antolatutako hitzaldiak gogobeteta utzi zituen bertaratutakoak. Asko izan ziren Gabilondok Arizmendiarrietaren baloreen eta pentsamenduaren inguruan eginiko ekarpenak, balioan jarriz Arizmendiarrietaren gaitasuna ideiatik akziora pasatzeko. "Hark sustatutako ideia, balio eta pentsamendu asko indarrean segitzen dute gaur" esan zuen Iñaki Gabilondok Begoña Marañon SER irratiko kazetariaren galderari erantzunez. 

IMG_6514.jpg

Kazetari donostiarraren esanetan, momentu honetako erronka globala da enpresei "beste zentzu bat" ematea. Beste eredu bat posible dela erakustea. "Gizartea aldatu egin behar da eta enpresak ere bai. Buru-belarri ari dira mundu guztian gai honekin; milaka ekimen ari dira sortzen errentagarritasunetik harago begiratzen duten enpresa-ereduak sortzeko", esan zuen  Gabilondok.

Pentsamendu neoliberala baztertzen duen hausnarketa hori Arrasaten eta Debagoienean "aspaldi" egin zela nabarmendu du: "Argi esan zuen Arizmendiarrietak: pertsonak eta gizartea oinarri dituen enpresak behar dira; ez dirua oinarri dutenak (…) Pertsona eta enpresa komunitatearen zerbitzura jartzea defendatzen zuen eta ez alderantziz". Irakurketa hori "geroz eta hedatuago" dagoela azaldu du kazetariak, baina oraindik "oso gutxi" direla gizartearen zerbitzura dauden enpresak: "Jendea hasi da konturatzen ekonomikoki ondo egotea ez dela nahikoa enpresa baten etorkizuna bermatzeko; enpresek beste balio batzuk behar dituzte. Halere, oraindik gehiengoak makillatu egiten du bere enpresaren irudia, gizarteari ekarpena egiten diotela erakusteko, baina betiere etekin ekonomikoak daude horren atzean".

"Anbizioa eta ausardia"

Arizmendiarrietak "anbizio eta ausardia izugarria" zuen, esan zuen Gabilondok: "Ez zuen enpresa lagunkoi eta gizatiar bat sortu nahi bakarrik, demokrazia hitza txertatu zuen egitekoetan". Bestetik, emakumeen askatasunaz eta hezkuntzaren garrantziaz ere idatzi zuela gogorarazi dute bi kazetariek. "Ez nintzen konturatzen, apaiz atsegin haren ahotik gomendio tonuarekin esandako horiek zein garrantzitsuak ziren; eta, batez ere, zein garrantzitsuak diren gaur egun", azaldu du Gabilondok. "Euskal gizarteak aitortza egin behar dio. Denek ezagutu behar dute Arizmendiarrietaren filosofia eta praktika", erantsi du.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa