Arizmendi Ikastolatik bioeraikuntzan eredu den Noain herriari bisita

Jasangarritasuna helburu izan duen 16 urteko eraikuntza lan eredugarria bertatik bertara ezagutu dute Arizmendiren ekimenez hainbat debagoiendarrek Noain (Nafarroa) herrira egindako bisitan. Guztira 40 lagunek hartu dute parte, tartean Arrasate eta Oñatiko udaleko ordezkariek.
Card image cap
2013/06/10

Arizmendiko Lanbide Heziketak antolatutako XXI. Mendeko Etxebizitzen jardunaldietan Mikel Baztanek, Noaingo lorezaintzako eta Agenda 21eko arduradunak, hitzaldia eman zuen ‘Lorezaintza, jendearen bizi kalitatea hobetzeko tresna bat’ izenburupean. Hitzaldiaren arrakasta ikusita, Arizmendi Ikastolak deialdia bailarara zabaldu eta Noain gertutik ezagutzeko eta bioeraikuntzaren ikuspegia sakontzeko aukera izan dute bisitarekin.

Beste eredu bat ezagutu dute

Mikel Baztan izan dute bisitaren gidari, izan ere, eragin handia izan du Noain herriaren antolaketan. Bisitaren harira, Eraikuntzako ingeniaria den Gartzen Undagoitia Arizmendiko irakasleak Noainen ekologikoki, ekonomikoki eta sozialki jasangarria den herriaren gestioa nola landu duten azaldu digu: “Oso mantenu gutxiko lorategi eta baratze ekologikoekin, uraren kontsumoa jaitsiaz, ongarri naturalak erabiliz, pestizidak saihestuz, herritarrak kontzientziatuz, eta baztertuta dagoen jendea integratuz”.

Jasangarritasunaren bila

Noain lorategi ekologiko batean bihurtu da bere eremu berdeei, zuhaitzei eta parkeei esker. Gaur egun jasangarritasuna helburu duen naturaren eta eraikuntzaren arteko uztarketaren erreferentzia da Noain. Hainbat proiektu izan ditu bere ibilbidean eta orain ere egitasmo berriekin jarraitzen dute. Bertako lan antolamenduak hiru zutabe ditu: politikoa, langileena eta herritarrena. Hori horrela, herrian eraiki behar diren eraikuntza publikoei begira, Agenda 21ekoen laguntza jasotzen ari dira eta era berean udalarekin harremanetan daude. Herritarren harrera eta parte-hartzea nabaria da, izan ere, boluntario sare bat osatu dute hainbat ekimenetan laguntzeko.

Ezagututakoarekin txundituta

Guztira 40 lagunek egin dute bisita: Arrasateko Udaletik alkatea, zinegotzi bat eta bi teknikari; Eskoriatzako, Ibarraundiko eta Oñatiko teknikariak; Lanbide Hastapeneko eta Lanbide Heziketako eraikuntzako irakasle eta ikasleak; honetaz gain, Ikastolako azpiegiturako saileko langileak eta zenbait herritar. Debagoieneko ordezkariak txundituta etorri dira Noainen jasotako esperientziarekin.

Irakaskuntza