Arizmendi Ikastolaren Lanbide Heziketak XXI. mendeko etxebizitzaren gaineko jardunaldia egingo du maiatzaren 9an

"XXI. mendeko etxebizitza" izeneko jardunaldien zortzigarren edizioa egingo da maiatzaren 9an. Bertan jorratuko den gai nagusia espazio industrialen, hiritarren edo landetakoen berreskurapena izango da. Gai hau gero eta indar gehiago ari da hartzen, bai erakundeetan, baita hiritarren artean ere.
Card image cap
2014/04/29

Arizmendi Ikastolaren Lanbide Heziketak iaz hasitako bideari jarraipena eman nahi dio. Natura eta eraikuntza arloko gaiak jorratzen hasi ziren iaz eta aurtengoarekin zikloa itxiko dute. Antolatzaileen esanetan "bi atal horiek batera joan behar dira, pertsonen ongizatea areagotu nahi badugu, jasangarritasunaren ikuspegitik". Alor honetan txertatzen dira eraikinen birgaitzea, materialen erabilpena, orubeen aprobetxamendua, besteak beste. Hori horrela, Arizmendi Ikastolak eraikuntzako profesional eta interesdun guztiekin, eraikitzeko ikuspegi hau partekatu nahi du, gai hauetan adituak diren profesionalen eskutik, euren ikuspuntua eta esperientzia ezagutzeko parada eskainita.

Lan jardunaldian maiatzaren 9an egingo da Arrasaten, Kulturaten. Ekitaldia goizeko 9etan hasiko da, agirien eta dokumentazioaren banaketarekin. Ondoren ongietorria egingo diete bertaratutakoei:
Inazio Azkarragaurizar, Arrasateko alkateak; Alberto Gorroñogoitia, LKSeko zuzendariak; eta Edurne Erauskin, Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketaren arduradunak egingo diete ongietorria bertaratutakoei.

Askotariko hitzaldiak

Luis B. de Carrera González arkitektoa. ”Ekoaldeak: komunitateak eta Eraikuntza" izenburuko hitzaldia eskainiko du. Melitón González, Amayuelas-eko bizilaguna eta Tierra de Campos-eko Paulo Freire landa-unibertsitateko Eraikuntzako saileko arduraduna ere izango dira. Horiek ”Amayuelas, espazioen errekuperaketa formaziorako zein bizitzarako balio gisa”, izenburuko hitzaldia eskainiko dute.

Ekokaleak, sari banaketa ekitaldia

Ekokaleak Hiri-Altzari Iraunkorraren VI. Ideia Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egiteko ere aprobetxatuko dute hitzordua eta ondoren Ramon Garitano arkitektoak ”Bergara: kirol instalakuntzetan bihurtutako industrialdea. Esperientzia aintzindari bat” izenburuko hitzaldia egingo du, eta Pepe Martínez LKSko arkitektoak ”Buesa Arena handitzeko lanak eta Ganadu plazako kupulako lekualdatzea” izenekoa eskainiko du.

Donostiako Tabakalerako eraikinaren berreskurapenaren gaineko hitzaldia ere izango da Jon Monteroren bitartez, eta ondoren hizlari guztiek mahai inguruan parte hartuko dute.

Irakaskuntza