Arizmendi Ikastolaren jaia ospatuko dute gaur

Ikastolako jaia ospatuko dute gaur Arrasateko Biteri plazan. Aurtengoa berezia izango da, ikasturte amaiera ospatzeaz gain, Arizmendi Ikastolaren 20. urteurrena ere ospatuko dutelako.
Card image cap
2024/06/14

Ekintzaz betetako egitaraua prestatu du Arizmendi Ikastolak gaurko egun handirako; aurtengo nobedadea, lurralde ezberdinetako jakien postuak izango direlarik.

Goizeko ekintzak, 9:30etatik aurrera

Goizean goiz, lehen hezkuntzako haurrak 9:30ean bilduko dira Biteri plazan ginkana bat burutzeko. Ondoren, 10:30etan, Olarte guneko haurrek danborrada egingo dute. Olartetik hasi eta Herriko plazara arte.

Arratsaldeko ekintzen hasiera, 17:15ean

Arratsaldeko festaren irekiera 17:15ean egingo dute, txalaparta saioarekin, eta jarraian, 20. urteurreneko manifestuaren irakurketa egingo dute bi ikaslek. Ordu berean jarriko dira martxan tailerrak, puzgarriak eta txosna.

52971455410_0a6b68d074_c (1).jpg

Argitxori ongietorria egingo diote ondoren Umezaintzako haurren ikuskizunarekin, eta 17:45etan Laia Bollón ikasleak makilekin jolasak egingo ditu. 18:00etatik aurrera, berriz, trikitilariak, dantzak eta denetariko ikuskizunak izango dira protagonistak.

Jaiaren amaiera, musika emanaldiarekin

Eta jaiarei amaiera emateko, 19:30etan, Ikastolako gurasoa den Erik Martinek - DJ Erik- musika emanaldia eskainiko du. 

Puzgarriak, tailerrak, txosnak eta denda

Txosnetan taloak, Venezuelako arepak, Portugal eta Marokoko jaki dastaketa izango dira protagonistak -jakin, taloak eta arepak erosteko, aurrez tiketak erosi behar izango direla-. Eta ez dira ura, freskagarriak eta garagardoa faltako. Horrez gain, Kilometroak 23ko arropa erosteko aukera ere egongo da, tanta boletoekin batera (ikastolen historiari buruzko txartel pedagogikoa eta 60.000 euroko sariaren zozketa biltzen dituena).

Aurkezle lanetan eta oholtzatik giroa alaitzen, berriz, Aitor Guridi, Zaldibar guneko arduraduna arituko da.

Irakaskuntza