Arizmendi ikastolan kontsumo eredua aztergai

Nola bultzatu dezakegu gure kontsumo eredua justua, bertakoa eta kooperatiboa izan dadin? galdera gidari honekin eman diote hasiera Arizmendi ikastolako DBH 2ko ikasleek 22-23 ikasturteko lehenengo proiektuari: Amatxon.
Card image cap
Gazteluondoko ikasleak, proiektuaren barruan egin zuten kale-inkesta lehiaketako irabazleari saria ematen.
2023/01/03

Kooperatibismoaz, kontsumo ereduez eta gizartean duten inpaktuaz hausnarketa egin dute Gazteluondo eta Almen guneetako ikasleek eta Leire Izagirre Gazteluondoko tutoreak esan digunez, balorazio positiboa egin dute: “Gaur egun dugun gizartearen kontsumo ereduaz hausnartu dute gaztetxoek eta lan polita egin dute”.

Proiektu honetan elikadura kontsumo jasangaitzetatik abiatu eta oinarrian jasangarriagoak diren ereduak ezagutu dituzte norberaren kontsumo ereduaz jabetzeko. Gure bailarako landa eremuan fokoa jarriz eta jasangarritasunaren irizpideak markatuz (justua, bertakoa, osasungarria eta kooperatiboa), ekoizpen eta antolaketa eredu zehatza ezagutu dute: Mondragon Esperientzia Kooperatiboa. Honen sorrera eta ezaugarriak proiektuaren gakoak dira eta hau ulertzeko lehen sektoreko ereduak aztertu dituzte. Proiektuaren txapela ikaskuntza kooperatiboaren metodologia izan da, elkar menpekotasun positiboa oinarri hartuta.

Proiektu honen bitartez ikasleek pertsona ereduaren 3 bereizgarri landu dituzte bereziki: Kooperatiboa eta autogestionarioa; Analitikokritikoa; eta Barne sendotasuna.

Amatxon proiektua hiru arrazoi nagusigatik sortu zuten. Alde batetik, kooperatiba asko dagoen inguruan bizitzea, Arizmendi Ikastola ere kooperatiba izanik eta guraso askok kooperatibetako partaide izanik, kooperatiba hitzaren atzean zer dagoen aztertu nahi zuten ikasleekin. Hala, kooperatibak nola sortu ziren eta oinarriak zeintzuk diren ikasi dute, baita kooperatibismoaren bilakaera ere. Horrekin lotuta, lehenengo eta hirugarren sektoreko kooperatiba ezberdinak ezagutu dituzte talde-lanean.

Bigarren helburua izan da kooperatiba inguru batean bizitzeak suposatzen duenaz eta gaur egungo kontsumo ereduaren inguruan hausnartzea. Izagirrek azaldu duenez, errezeta bat egin behar izan dute ikasleek eta osagai bakoitzaren inguruan gogoeta egin dute: nondik dator? Garaikoa da? Osasungarria? Lan-baldintza justuetan ekoitzi da? Erosten duten horri garrantzia emanez eta beharrezkoa zer den eta zer ez hausnartuz.

Talde-lana lantzea izan da hirugarren helburua. IK-KI ikaskuntza kooperatiboko metodologia darabilte proiektuak lantzeko orduan eta bakoitzak bere rola du taldean. Egunero, portfolio baten bidez, bakoitzak bere rola ebaluatu du, autoebaluazio bidez eta koebaluazio bidez. Hala, egunero ikasi dute hurrengo egunerako hobekuntzak edo indarguneak zein diren, poliki-poliki talde-lana sustatuz.

Kooperatibak nola sortu ziren eta oinarriak zeintzuk diren ikasi dute, baita kooperatibismoaren bilakaera ere. Horrekin lotuta, lehenengo eta hirugarren sektoreko kooperatiba ezberdinak ezagutu dituzte talde-lanean.

Proiektu berria da eta balorazio positiboa egin dute: “Ikasleen ehuneko handi batek hausnarketa egin du zein gizarte mota dugun eta nora goazen horrela jarraituz gero. Ingurunean eragiten den inpaktuaz eta gizakien baldintzen inguruan gogoeta interesgarriak irakurri ahal izan ditugu. Bestetik, talde-lanean ere asko ikasi dute”, gaineratu du Izagirrek.

Captura de Pantalla 2023-01-03 a las 16.16.34.png

Aratz Arenaza / GAZTELUONDO GUNEKO IKASLEA

Zer ikasi duzu proiektu honetan?

Kontsumo ereduen inguruan ikasi dugu, eredu kapitalista eta eredu justua edo eraldatzailea daudela. Kapitalistarekin horrela jarraituz gero urte gutxi barru mundua amaituko dela ikusi dugu. Ekoizpen intentsiboa eta extentsiboa zer diren ere ikasi dugu. Horretaz gain, kooperatibak ezagutu ditugu. Jose Maria Arizmendiarrietaren historia ikasi dugu eta kooperatibak zergatik sortu ziren. Denak sortu ziren behar bati erantzuteko. Hainbat adibide ikasi dugu eta lehenengo eta hirugarren sektorean oinarritu gara: Kaiku, Lana, Ereindajan, Ausolan eta Behi-Alde kooperatibak ezagutu ditugu. Kooperatibismoa praktikan jarri dugu gure taldeetan IK-KI metodologia erabiliz. Amaieran, kooperatiboki lan eginez sortu behar izan dugu errezeta bat guztiz osasuntsua, justua eta bertakoa.

Egunerokorako zer ikasi duzu?

Proiektu honekin konturatu naiz gauza larregi kontsumitzen dugula eta kontzientzia hartu dugu horren inguruan. Arroparen kasuan, adibidez, armairuan 13 jertse izan beharrean, behar dudana bakarrik izatea.

Captura de Pantalla 2023-01-03 a las 16.16.38.png

Maialen Maillaut /ALMEN GUNEKO IKASLEA

Zer ikasi duzu proiektu honetan?

Zer kontsumo eredu dauden ikasi dugu, bat justua eta benetan kliman eraginean pentsatzen duena eta bestea kapitalista, atzean dagoena ezagutu barik erosten duena. Kooperatibak Euskal Herrian noiz sortu ziren ikasi dugu eta zein filosofia duten. Adibidez, denek gutxi-gorabehera antzera kobratu behar dutela eta guztiak direla kide. Errezeta bat prestatu behar izan dugu eta produktuak nondik datozen ikasi behar izan dugu. Onigiriak egin nahi izan genituen eta arroza nondik zetorren aztertu behar izan genuen. Beste ariketa bat izan zen etxean genituen osagaiak hartu eta bi multzotan banatzea, 0km zirenak eta munduko beste leku batzuetakoak.

Egunerokorako zer ikasi duzu?

Balio izan dit kontzientzia hartzeko zer kontsumo ohitura ditugun eta erosi behar dugun hori benetan behar dugun. Horretaz gain, jakin behar dugu nondik datorren, pestizida gabe egin duten, inor esplotatu gabe… Zer erosten dugun jakiten ikasi dugu.

Irakaskuntza