Arizmendi Ikastolako Abesbatzak hirugarren saria eskuratu du Santo Domingo de la Calzadan (Errioxa)

Arizmendi Ikastolako Gaztelupeko Abesbatza Santo Domingo de la Calzadako XXIX. Gabon kanten txapelketan izan zen zapatuan. Gaztelupeko 37 kantari Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Burgos-etik gerturatutako beste 9 talderekin lehiatu ziren.
Card image cap
2019/12/18

Besteak beste, "Neguko Mari" David Azurza musikagile tolosarrarena eta "Gau ilunak ez badu" Xabier Sarasola konpositore beasaindarrarena interpretatu zituzten eta egindako lanak saria izan zuen: 500€.

Abesbatza, eskolaz kanpoko ekintza moduan eskaintzen da Arizmendi Ikastolan, hezkuntza ez-formalaren barne dago eta ikasleek, euren borondatez, parte hartzen dute. Gaur egun Gaztelupen eta Almenen 70 gazte inguru ari dira eta urtean zehar hainbat ekintzatan parte hartzen dute, hala nola: Gabon kanten hainbat txapelketa eta jaialdietan, Debagoieneko abesbatzen topaketan, Abesbatzen Federazioak antolatutako egonaldi eta ikastaroetan, elkartrukeetan beste abesbatza eta musika taldeekin...

Bere lorpen nagusien artean aipatu beharra dago Errenteriko Gabon kanten txapelketan lortutako hainbat zilarrezko eta brontzezko sari, Madrilgo Agrupacoros elkarteak antolatutako III. nazio mailako haur abesbatza lehiaketan 2. saria 2017an, Bartzelona (2019), Valentzia (2018), Alemania (2016), Tudela (2015) edo Tolosako (2015) Abesbatzekin elkartrukeak,...eta aurten "Humanity at music, sinfonia kooperatiboa" proiektuan parte hartzea.

Ikastolako ekintzetan ere parte hartzen dute ikasturtean zehar. Astearte honetan, abenduak 17, adibidez, Arrasateko udaletxean eta Eskualde Ospitalean bertakoei eskaini zizkieten Gabon kanten emanaldi bana.

Irakaskuntza