Arizmendi Ikastolak Guraso Mintegia antolatu du aurten ere

Haurraren nortasunaren oinarrizko hezurdura lehenengo sei urteetan eraikitzen da. Hain justu ere, Mintegiaren helburua da adin tarte horretan seme-alabak dituzten gurasoei ezagutaraztea eraikuntza horren nondik norakoak. Arizmendiko guraso guztiek izango dute aukera jardunaldietan parte hartzeko.
Card image cap
Iazko Guraso Mintegia.
2011/10/04

Aurtengo ikasturtean mintegiak bi atal izango ditu: batetik, azalpen teorikoa emango da Arizmendi Ikastolako psikologo eta pedagogoen eskutik, eta Rafael Cristóbal doktorearen gidaritzapean; bestetik, kasu konkretuak aztertuko dira gurasoen parte-hartzearekin. Era berean, aurten bi mintegi eskainiko dira: aurreko ikasturteetan mintegietan partaide izan diren gurasoei zuzendutakoa bat eta hastapeneko ikastaroa guraso berrientzat.

Lan saioak Uribarrin eta Basabeazpin

Aurten lan saioak Arrasateko Uribarri gunean eta Aretxabaletako Basabeazpin egingo dira, urtean bederatzi saio izango dira, zapatu goizetan. Interesatu guztiek izena emateko aukera izango dute eta dagoeneko urrian egingo den saioan parte hartu ahal izango dute. Izen-ematearekin batera lehenengo hiruhilekoaren ordainketa egingo da eta hurrengo biak hiruhileko bakoitzean, 15 euro saioko. Era berean, Arizmendik haurtzaindegi zerbitzua eskainiko die parte-hartzaile guztiei.

Rafael Cristóbal, mintegiko zuzendari

Guraso izatea gaur da mintegiaren izenburua eta zuzendaria Rafael Cristóbal da. Besteak beste, Medikuntzan doktorea da, Mondragon Unibertsitatean Psikologian irakasle eta Haur Psikiatrian eta Psikologian aditua. Cristobalekin batera, Arizmendi ikastolako orientatzaile den Arantxa Lejarraga ere hizlari gisa arituko da. Informazio gehiago nahi izanez gero, www.arizmendi.eu webgunera jo dezakete interesatuek.

Irakaskuntza