Arizmendi Ikastolak abian jarri du zenbait ikasleren itzulera

Gaur itzuli dira Lanbide Heziketakoak eta maiatzaren 28an itzuliko dira Batxilergoko bigarren mailakoak.
Card image cap
2020/05/18

Osasun larrialdiak sortutako testuinguruan ikasturte amaierari heltzeko Arizmendi ikastola plan propioa burutzen ari da, ikasle eta familiei behar bezalako artapena emateko asmoz. Plan propio horren baitan, ikaskuntza presentzialera bueltatzea ikaskuntza maila batzuetan eta egoera zehatz batzuetan aurreikusi du.

Kontuan hartuta, ikaskuntza prozesua pertsonen arteko interakzioaren eta ikasten ari den pertsonaren ahaleginaren arabera gertatzen dela, ikaskuntza presentzialak, ikasle-irakasle eta ikasle-ikasle harreman zuzena, gertukoa eskaintzen du. Eta telematikoki jarduteak, berriz, artapen pertsonalizatuagoa eskaintzeko betarekin batera, ikasleak lan pertsonala modu egokituagoan egiteko aukera.

Hori horrela, jardun presentzialean ez ezik, ikastolak digitalizazioan egin duen ibilbideari eta inbertsioei esker, telematikoki ere ikas-irakaskuntza prozesuari aurre egiteko aukera guztiak ditu, DBH eta Batxilergoan, bereziki. Ikasturte amaieran, ikasleen beharrizanak ezberdinak diren heinean, erantzuna egoera ezberdinei doitua izango da presentzialitatera itzuli edo telematikoki jarraitze horretan.

Harreman pertsonala, interakzio zuzena eskatzen duten kasuetan presentziala areagotuko du Arizmendi ikastolak, artapen telematikoarekin konbinatuta, beti ere, osasun emergentziak ahalbideratzen badu. Presentzialitatera, beraz, bueltatuko diren ikas-mailak ondorengoak izango dira:

• Lanbide Heziketan, bueltatuko dira jardun presentzialera, maiatzaren 18an hasi eta ekainaren 19a bitartean ziklo eta mailaren arabera, ondoko ikasle hauek: 2. ebaluazioko berreskupenak eta ohiko eta ez-ohiko azterketak egin behar dituztenak; errefortzuak zein feed-backa jasoko dutenak; Selektibitatera aurkeztuko direnak eta jarduera praktikoak egingo dituztenak.

• Batxilergo 2. mailan, Selektibitatea egingo dutenak. Probarako prestatzeak, telematikoaz gain, errefortzu berezia eskatzen du. Maiatzaren 28an hasiko da jardun presentziala.

• Batxilergo 1. mailan, errefortzua behar duten ikasle bakar batzuk, telematikoki ematen zaien artapena sendotzeko. Ekainaren 1ean bueltatuko dira ikastolara.

DBHko ikasmailetan, jarduerak telematikoa izaten jarraituko du, talde handiko, talde txikietako eta bakarkako atentzioa emanez, orain arte modura. Hala ere, errefortzua edo arreta espezifikoa behar duten ikasle bakar batzuentzat zenbait saio presentzial bideratuko dira, salbuespen modura. Datorren astean, ikastolara bueltatuko diren gazte eta familiei adieraziko zaie ikastolaratzerakoan kontuan hartu beharreko osasun neurriak eta plangintza zehatza.

Irakaskuntza