Arizmendi ikastola: taldean digitalizazio etiko eta arduratsu baterantz
Iparra argi dugu, eta pertsona erdigunean jarrita, gure komunitatea eta etorkizuneko jendartea osatuko duten norbanakoak mundu digitalean ahalduntzea da gure helburuetako bat. Honek, egindako ibilbidearen inguruko autokritika sakon bat egitera bultzatu gaitu, eta hori dela eta gaur egun “marko teknopedagogikoa” osatu nahian ari gara teknologiei dagokienez gure jardun, helburu eta izaerarekin koherenteak izango diren irizpide eta egin beharrekoak zehaztu asmoz. Gure mugen jabe gara, eta esparru honek duen dinamismoa kontuan izanik, marko hau ere etengabe berrikusi beharko dugula argi dugu.
Jakin badakigu guri ere badagokigula kurrikulumek ezarritakoa bete eta Europa mailan DIGICOMP markuan zehaztutako gaitasunen lanketa. Gure anbizioa ordea, hortik haratago doa: instrumentalismotik haratago, gure komunitatea ahaldundu nahi dugu.
“Euskal Herrian zein mundu zabalean esperientzia eta eredu arrakastatsu ugari daude digitalizazio etikoago eta arduratsuago baten aldeko apustua egin dutenak”
Bide honetan, batez ere Ameriketako Estatu Batuetan sortutako eta haien kontrolpen dauden erremintetan nagusitzen den datuen erauzketa eta ustiaketa neurrigabean oinarritzen den eredu teknologikoaren aurrean, datuen eta informazioaren inguruko kultura eta kontzientzian sakontzen saiatuko gara. Ahal dugun neurrian dauden arrakala ezberdinak gutxitzeko ahalegina egingo dugu eta gure hizkuntza eta kultura bultzatuko ditugu eremu digitalean euskarazko eduki, tresna eta baliabideak sustatuz. Era berean, indibidualismoaren aurrean talde izaera aldarrikatuko dugu, erreminta hauen erabilerak naturan duen inpaktua neurtzen eta murrizten saiatuko gara eta eskubide digitalak bermatzeko eta gure komunitatearen osasuna zaintzeko ahalegin berezia egingo dugu. Esperientzian eta ebidentzia zientifikoetan oinarritzen saiatuko gara eta burujabetza digitalerantz pausuak ematea da gure asmoa. Honetarako hezkuntzaren mesedetan egon beharko liratezkeen baliabide libreak izatea ezinbestekoa dela uste dugu.
Galderak
Zein erreminta dira egokiak gure misiorako? Zenbatekoa eta nolakoa izan beharko litzateke pantailen eta beste gailu teknologiko batzuen erabilera jardun pedagogikorako eta ikas-irakaskuntza prozesurako esanguratsua izan dadin? Nola doitu hau adin tarte ezberdinetara? Nola indartu talde izaera, auzolana, kooperazioa, kritikotasuna, autoeraketa gaitasuna etabar, erreminta hauen laguntzaz? Nola baliatu modu eraginkor batean erreminta ezberdinak hauek dituzten argi-ilunak kontuan hartuta eta gure komunitatearen osasuna bermatuz?
Euskal Herrian zein mundu zabalean esperientzia eta eredu arrakastatsu ugari daude digitalizazio etikoago eta arduratsuago baten aldeko apustua egin dutenak. Era berean gero eta aditu eta ikerketa gehiago daude ikasgeletan teknologien erabileraren argiilunen inguruan edota teknologiek gure osasunean duen inpaktuaren inguruan. Teknologien munduan ere demokratikoagoak diren ereduek gero eta indar gehiago dute, fedibertsoa deritzonak esaterako. Bide luzea dugu aurretik, baina zorionez ez gaude bakarrik.