Arizmendi Ikastola, eraikuntza arloan etorkizunari aurre hartzen

Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketak energia berriztagarriaren, energiaren eraginkortasunaren eta eraikuntzaren aldeko apustu sendoa egin du, Europako eskakizunen harira iraunkortasunaren arloa indartuz. Aitor Axpe (arkitekto eta irakaslea) eta Gartzen Undagoitia (Eraikuntza ingeniaria eta irakaslea) elkarrizketatu ditugu, izan ere, 2012-2013 ikasturtean Goi Mailako Eraikuntza Zikloa doan egiteko aukera eskainiko du Arizmendi Ikastolak.
Card image cap
Aitor Axpe (arkitektoa eta irakaslea) eta Gartzen Undagoitia (Eraikuntza ingeniaria eta irakaslea)
2012/07/20

Aitor Axpe eta Gartzen Undagoitia

Aitor Axpe, Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketako irakasle eta arkitektoa; eta Gartzen Undagoitia, Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketako irakasle eta Eraikuntza ingeniaria.

Zer da eskaintzen duzuena?
Orain arteko eraikuntza modeloa agortu egin da eta energia berriztagarrien zein jasangarritasunaren arloan eskaintza berri bat egin nahi dugu. Eraikuntza beti existitu da, baina eredu berria eskaini behar diogu. Hori guztia da Arizmendi Ikastolan eskaintzen duguna, eraikuntza arloa bizirik dagoela aldarrikatu nahi dugu-eta.

Atzera begiratuz gero, zein izan da eraikuntzaren bilakaera?
Gaur egungo zientzia eta teknologia jarri nahi dugu orain ehun urteko ereduaren eskura. Aspaldi, orain mende bat, baserri edo eraikin bat egiterakoan, kontutan hartzen ziren eguzkia nondik ateratzen zen, haizeak nondik jotzen zuen… Era berean, lekuan lekuko hornitzaileak erabiltzen zituzten. Azken 50 urteotako eredua erabat erasokorra da eta ez ditu aintzat hartzen horrelako eragileak, energiaren kontsumoan oinarrituta dagoela esan dezakegu… eta hori ez da batere jasangarria. Gure ustez ez dauka zentzurik Euskal Herrian eta Malagan ezaugarri berdinak dituzten eraikinak egitea.

Zeintzuk dira Eraikuntzako Goi Mailako Zikloan eskaintzen dituzuen ikasgaiak?
Lehenengo mailan ikasgai orokorrak eskaintzen ditugu; egiturak, marrazketa, diseinua, proiektuen aurrekontu zein neurketa… hau da; eraikuntza arloko oinarrizko ikasgaiak izaten ditugu. Bigarren ikasturtean, berriz, proiektu konkretuak garatzeko aukera izaten dute ikasleek. Ikasgaiak honako hauek dira: eraikin bizitokia, eraikin ez bizitokia, ingeles teknikoa, enpresa… Gainera, ikasleek aukera dute enpresetan praktikak egiteko.

Aurten, gainera, berrikuntzak ere izango dira, ezta?
Bai, aurten berriztu egin dugu eskaintza, Europako Arautegiaren eskakizunetara egokituz. Oro har zikloa moldatu da energia berriztagarrien arlora.

Beraz, arlo horretan dago etorkizuna.
Etorkizunera begira, eta etorkizunari aurre hartuz, Energia Eraginkortasunean Teknikaria tituludunak formatu beharko ditugu. 2020rako ahalik eta energia gehien aurreztu beharko du gizarteak eta kontsumoa murriztu beharko du. Eraikuntza arloan lan esparru berri bat sortuko da: Energia Eraginkortasunean Teknikaria. Ziurtagiri horrek ate asko irekiko dituela aurreikusten dugu. Hori guztia aintzat hartuta, ikasturte berrian eraikuntza arloko zikloetan matrikulatzea doakoa izango da. Eraikuntza Arizmendi

Zein da zuen ikasleen perfila?

Jatorri ezberdineko ikasleak ditugu. Batzuk batxilergotik datoz, beste batzuk beste ziklo batzuetatik eta badira unibertsitatetik datozenak ere. Eraikuntza arloan lanean ibilitakoak ere baditugu eta lanean dihardutenak, eta enpresak eskatuta, formatzera datozenak.

Zer esango zeniokete interesa izan baina oraindik matrikulatu ez direnei?

Esango genieke eraikuntza ikasketek irteera profesional ugari eskainiko dituela etorkizunean eta Arizmendi Ikastolan ikasketa konbentzionalez gain, lehiaketak, jardunaldiak eta tailerrak ere antolatzen ditugula, guztiak ere oso interesgarriak. Gainera, eta arestian esan dugun bezalaxe, eraikuntza beti existitu da eta existituko da. Azken 50 urteotako eredua aldatu beharra daukagu eta eraikinak birgaitzeko edo berreskuratzeko lana egongo da. Lan esparru horretan txosten energetikoak egingo dituzten profesionalak beharko dira, eta hor ere lan handia egongo da. Nolabait, etxebizitzek, ikuskatze tekniko bat pasatu beharko dute eta norbaitek egin beharko ditu txosten horiek. Eraikuntza Arizmendi

Arlo profesionalean garatzeko aukerak aipatu dituzu. Horren harira, aipagarria da Jaurlaritzak etxebitzitzen birgaitzerako atera dituen dirulaguntzak, ezta?
Halaxe da, bai. Uste dugu merkatua mugiarazi dezakela Jaurlaritzaren diru poltsak. Guztira, 9,3 milioi euro bideratu ditu Jaurlaritzak Revive programarako. Dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte fatxadak konpontzeko, igogailuak jartzeko, aireztapen sistemak jartzeko…  1980 urte aurretik eraikitako etxebitzitzek jaso ahal izango dituzte laguntzak.

Irakaskuntza