Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
Aritz Otxandiano: "Hasierako harremanak izan ditugu Statkraftekin parke eolikoaren proiektuaren inguruan"
Aritz Otxandiano Fagor taldeko iraunkortasun arduradunak Euskadi Irratiko "Faktoria" albistegian jakinarazi du kooperatibak energia berriztagarrietan oinarritutako energia ekoizpen proiektuetan inbertitzeko aukera aztertzen ari direla. Norabide horretan, jada elkartu dira Statkraft energia konpainia publiko norvegiarrarekin, Debagoienean garatu asmo duen parke eolikoaren egitasmoan parte hartzeko aukeretan sakontzeko. "Bai, izan ditugu hasierako hartu-eman batzuk. Oraindik ez dugu sakondu, eta ez dugu informazio zehatzik, baina badago gure aldetik prestutasun bat, Debagoieneko udalekin eta herritarrekin batera, Statkraftek mahai gainean jarri duen eredu berriak eskaintzen dituen aukerak esploratzeko".
Otxandianoren arabera, horrelako egitasmo batek aukera eskaintzen die parke horien kokaleku izango diren lurraldeetako eragileek zuzenean jabetzan eta kudeaketan parte hartzeko eta, beraz, "prezio justuan sortuko den energiaren onuradun zuzenak izateko".
Adibidea ere jarri du: "Fagor taldeak Debagoienean dituen ekoizpen plantetan urtean 300 megawatt ordutik gorako kontsumoa du; eolikoeen bitartez sortu beharko balitz energia kopuru hori, Statkraftek 200 megawatt baino gehiago instalatu beharko lituzke. Baina berak proposatutako parkeak 25 megawatt baino ez ditu sortuko, gure beharren laurdena. Dugun erronkaren tamaina erakusten du". Egiturazko beste neurri batzuk ezinbesteko jo ditu horrenbestez, batez ere, elektrizitatearen merkatuaren erreforma sakona: "Gainerako neurri aringarriek lagunduko dute negua igarotzen baina ez da nahikoa".
Energia kostuen garestitzea Fagorren nola eragiten ari den galdetuta, datua eman du: "Argindarraren kasuan, bost aldiz garestiago ordaintzen ari gara aurten, eta, gasa, sei aldiz garestiago. Zenbakitara ekarrita, Fagor talde osoari 70 milioi euroko gainkostua eragin dio. Neurriak hartu ezean, irabazi guztiak jango lituzke, Fagorren urte normal batean irabaziak 50-60 milioi euroren bueltan dabiltzala kontuan hartuta". Oraingoz ez dute ekoizpena eteteko aurreikuspenik, baina ikusta udazkena eta negua ziurgabetasunez beteta datozela, ez dute baztertzen.
Edukia hemendik jasota: https://www.eitb.eus/