Fagor Industrialek eta Aretxabaletako Lanbide Eskolak hitzarmena sinatu dute

Fagor Industrial Koop Elkarteak eta Aretxabaleta Lanbide Eskola LHIIk lankidetza hitzarmena sinatu dute. Akordioari esker, Fagor Industrialen kontratazio beharrei erantzuten saiatuko da ALE, eta bide batez DUAL formazioa sustatzen jarraituko du.
Card image cap
ALEren izenean, Joseba Beristain Iñarra zuzendaria eta Fagor Industrialen ordezkari moduan Gema Mancebo, pertsonen gestioko zuzendaria izan dira sinadura ekitaldian.
2018/03/06

Aretxabaleta Lanbide Eskolak zortzi ziklo formatibo eskaintzen ditu, lau famialia profesionaletan banatuta. Familia profesional horiek industria, osasun eta giza arlokoak dira. Hala, esparru zabal horietan formazioa eskaintzeak bailarako enpresa eta erakunde ezberdinekin elkarlanera daramatza. 

ALEko Soldadura eta Eraikuntza Metalikoko ikasleek praktikak egiteko aukera izan dute Fagor Industrialen

Joseba Beristainek azaldu duen bezala, enpresekin harremana sustatzearen asmo nagusiak dira, “batetik ikasleen formakuntzan parte aktiboa izatea, praktikak eta DUAL formazioaren bidez eta baita lan poltsa zerbitzuarekin enpresen kontratazio beharrei erantzun bat ematea. Bestalde, berritzaileak diren proiektuak landu nahi dituzte elkar-lanean. Horretaz gain, ikastetxeko ikasleen formakuntzarako baliagarriak diren materialeen lagapena bideratu nahi da”.

Zuzendariak nabarmendu du “guzti horrek helburu argi bat duela, pertsona profesional konpetenteak hezitzea lan munduko erronkei aurre egiteko gai izango direnak”. 

Orain arte, ALEko Soldadura eta Eraikuntza Metalikoko ikasleek praktikak egiteko aukera izan dute Fagor Industrialen. Izan ere, nabarmentzekoa da ALE dela Debagoienan Soldadura eta Eraikuntza Metalikoko zikloa eskaintzen duen bakarra; hemendik aurrera eta, ALEren estrategiari jarraituz, enpresaren eta ikastetxearen arteko elkarlan bide berriak eraikiko dira: berrikuntza, materiale eta ekipamenduak partekatuz, DUAL eta praktikak eta lan aukerak, besteak beste. 

Hitzarmenaren helburu nagusia da lankidetza-esparru egonkor bat ezartzea. Besteak beste, honakoak dira sustatu nahi diren arloak:

  • Berritzaileak diren proiektuak landu elkar-lanean.
  • Ikastetxeko ikasleen formakuntzarako baliagarriak diren material ekarpenak edo ekipamendu lagapenak lortu.
  • Ikasleen formakuntzan parte aktibo izan: praktikak eta DUAL formazioaren bidez.
  • Lan Poltsa zerbitzua: Fagor Industrialek dituen kontratazio beharrak ALEko ikasleekin asetu.

Akordioaren onurak bi erakundeentzat

  • Ikasleen formazio integrala bultzatzea (teoriko-praktikoa).
  • Enpresaren eta ikastetxearen beharrei neurriko erantzuna eman.
  • ALEko ikasleek Fagor Industrial kooperatibarekin izango duten zuzeneko harremanak eta kontratazioen ehunekoa handitu.
  • Enpresak teknikoak kontratatzeko dituen zailtasunak kontutan hartuta, hitzarmen honek bide hau erraztuko du.

Nazioarteko enpresa taldea.