Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
Ander Jauregi Goñi ikaslearen proiektua saritu dute
Euskaraz egindako ikasketa-amaierako proiekturik onenari saria eman diote MONDRAGONek Arrasaten duen egoitza nagusian. Sariaren irabazlea Ander Jauregi Goñi izan da, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko ikaslea, “Energia eta Potentzia Elektronikako Unibertsitate Masterrean IK-4 Ikerlanentzat egindako « Bihurgailu multifase baten diseinua eta garapena” lanagatik. ». Mondragon Unibertsitateak eta MONDRAGON Korporazioak 1.500 euroko saria eman diote zazpigarren edizio honetan.
Aurkeztutako proiektu guztiek maila tekniko-akademiko handia dute, eta euskaraz ongien idatzitakoa izan da saritua.
Sariok duela zazpi urte sortu ziren, MONDRAGON Korporazioko Euskara Batzordearen ekimenez, Mondragon Unibertsitateko ikasleek lan-munduan sartzeko egin beharreko ikasketa-amaierako proiektuak euskaraz egin zitzaten. MONDRAGON Korporazioak erronka hori jasoa zuen bere Plan Estrategikoan, eta 2010ean lantalde bat sortu zuen, Korporazioko eta Fakultateetako kideez osatua, sariak abian jartzeko. Hala, fakultate bakoitzeko bi ordezkarik eta Korporazioko batek osatutako epaimahaiak Korporazioko enpresetan egin eta sariketara aurkeztutako proiektuak aztertu dituzte.
Guztira 198 proiektu egin dira euskaraz Mondragon Unibertsitatean, eta horietako 20 onenak ebaluatu dira sarirako, Enpresagintza Fakultatetik, Goi Eskola Politeknikotik eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatetik.
Epaimahaia osatzen duten fakultate bakoitzeko kideak hauek izan dira: Eneko Bidegain eta Karmele Perez (Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea), Rafael Altuna eta Miriam Leibar (Enpresagintza Fakultatea), Xabier Arrasate eta Pedro Urteaga (Goi Eskola Politeknikoa) eta Ander Etxeberria (MONDRAGON Korporazioa). Proiektuak sakon aztertu ondoren, epaimahaikideak ados jarri dira puntuazioa eman eta sariduna aukeratzeko orduan.
Sariduna
Ander Jauregi Goñi (Goi Eskola Politeknikoa)
Proiektuaren izena: Bihurgailu multifase baten diseinua eta garapena.
Laburpena:
Lanaren helburua BIHURGAILU MULTIFASE BATEN DISEINUA ETA GARAPENA egitea da. Lehenik eta behin teknologiaren gaur egungo egoera aztertu da ikerketa publikazioetan oinarriturik, diseinu egoki bat burutu ahal izateko. Simulazio bitartez aurkeztu dira diseinurako irizpideak eta beraien egokitasuna, bihurgailua osatuko duten elementu guztien aukeraketa justifikatzeko. Jarraian, hautatutako osagaien disposizioa definitu da diseinu mekaniko egoki bat lortzeko. Bihurgailuaren diseinu orokorra kontutan harturik kontrol egoki bat eta berau inplementatzeko interfazeak definitu dira. Azkenik proiektuaren emaitzak aurkeztu eta etorkizunerako ildoak proposatu dira.