Alfonbra gorria otso Benitoren abentura berrien estreinaldirako

Arizmendi Ikastolako Basabeazpi guneko irakasle, langile, ikasle eta gurasoen komunitateak eginiko abenturazko filma estreinatu berri da Aretxabaletan, Zaraia aretoan, alfonbra gorri eta guzti. Arteman Komunikazioa enpresa atxabaltarrak grabatu eta editatu du lana, gertuko eragileekin duen konpromisoari erantzunez.
2021/07/08

Ostegunean alfonbra gorria jarri zuten Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxean. Gonbidatutako izarrak Arizmendi Ikastolako Basabeazpi guneko 5 urteko gelakoak, irakasleak, familiak eta nola ez, Benito Otsoa eta bere lagun Azeria izan ziren. “Benito lagunen arrastoan” film laburraren estreinaldi ikusgarria egin zuten Arkupeko Zaraia zinema aretoan. Aurkezpena Eneritz Urrutiak gidatu zuen Arantzazu Lagunilla eta Gorka Etxabe Arteman komunikazio taldeko kideen laguntzarekin.

51286185355_4c942397b9_k.jpg

Familia ugari gerturatu ziren Arkupera, estreinaldia bertatik bertara bizitzera.

Emozioz beteriko proiektua izan da eta hiru helburu izan ditu:

  • Haurren bizipenak eta emozioak aktibatzea. Esperientzia berrien bidez, egoera desberdinak deskubritu eta urte askoan gordeko dituzten oroitzapenak sortu: proiektuaren prestaketa, entseguak, grabazio-egunak, urduritasuna aurkezpen egunaren aurretik…
  • Gure ondarea berreskuratzea: aldaketa handiko garai hauetan gure bailarako ondarea mantentzea: esamoldeak, abestiak, herriko hainbat txokotako izenak… Horretarako, Miren Arenazaren laguntza paregabea izan dute.
  • Tokiko eragileekin lankidetzan aritzea: “Benitoren lagunen arrastoan” komunitatetik eta komunitatearentzat sortutako proiektua da. Kasu honetan, Arteman komunikazio taldearekin elkarlanean atera dute aurrera proiektua. Eunate Martinez, Artemaneko kidea, arduratu da grabazioak egiteaz eta bideoaren edizioaz. Eunateren hitzetan “Emozioz beteriko proiektua izan da, eta esperientzia ahaztezina bizi ahal izan dut. Proiektuak aurrera egin ahala, gehiago gozatzen nuen eta edizioaren unea zirraragarria izan da benetan “.

51285889424_9b9429eb15_k.jpg

Arizmendi Ikastolako, Basabeazpi guneko, irakasle eta langileak. 

Konfinamenduan garatu den proiektua izan da. Garai hartan, larunbatetan, gonbidatu bereziak sartzen ziren Aretxabaletako gure etxeetan, eta une latz horiek poztu egiten gintuzten. Horregatik, Ikastolak keinu bat egin nahi izan diete proiektu honetan Mikel Alberdi eta Ibai Zangituri. Familiek eta haurrek asko gozatu zuten emanaldian eta photocallean argazkiak atera ahal izan zituzten irteeran, izar handiek bezala. Izan ere, beraiek dira benetako izarrak! “Benito lagunen arrastoan” duela lau urte estreinatu zen “Benitoren arrastoan” proiektuaren bigarren zatia da. “Benito otsoa” sagaren hasiera izango al da?

Irakaskuntza