Irakurriena
- 1. INNKIA jaio da, enpresen behar zehatzetarako Adimen Artifizala
- 2. Laboral Kutxak 274 milioi euroko irabazi garbia lortu du 2024an
- 3. Digna Gonzalez, Bexen Cardioko zuzendari nagusi berria
- 4. Espainiako Kongresuak LagunAroren berezitasuna aitortzen duen Errege Lege Dekretua baliozkotu du
- 5. MONDRAGON, etorkizuneko emakume zientzialariengan eragiten
- 6. Markina Xemeingo BeraKruz Ikastola prest FLL Euskadi MONDRAGONen aritzeko
Aldundiak argi berdea eman dio Irungo Arbes egoitza berriaren eraikuntzari

Gipuzkoako Foru Aldundiak Irungo Arbes egoitza berriaren proiektua onartu zuen Diputatuen Kontseiluan. Egoitza berria eraikitzeko proiektuaren arabera, 130 plaza sortuko dira adinekoentzat, zazpi bizikidetza-unitatetan banatuta, eta 26 plaza desgaitasuna duten pertsonentzat, bi unitatetan banatuta. Horrez gain, eguneko bi zentro sortuko dira, adinekoentzako 30 plaza eta desgaitasuna duten pertsonentzako 25 plaza dituztenak, eta tutoretzapeko 48 apartamentu, mendekotasunik ez duten 50 adinekorentzat.
Erakunde adjudikazioduna Arbesko Egoitza da (GSR-k, Kreanek, eta Altuna y Uriak osatzen dute), eta bera arduratuko da proiektua idazteaz, 24 hilabeteko egikaritze-epearekin zentro berria eraikitzeaz, abian jartzeaz eta 22 urtez kudeatzeaz, 270,9 milioi euroko balioarekin. Lanak irailean hasi eta 2026an amaituko dira. "Garrantzi handiko" proiektua da, bai Irunentzat, bai Gipuzkoa osoarentzat, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiaren hitzetan, "gure lurraldeak zainketei dagokienez bizi duen eraldaketaren beste adibide bat da"; izan ere, Arbesen osatuko den espazioaren eta emango den zerbitzuaren diseinua lurraldean zabaltzen ari den zainketen eredu berriaren ondorio izango da, arreta pertsonalizatuagoa, berritzaileagoa eta komunitatearekin konektatuagoa eskainiz.
Auzoari irekita egongo den egoitza
"Konplexutasun handiko espedientea da, baina Foru Aldundiko teknikariek, Irungo Udaleko teknikariekin elkarlanean, hilabete asko lanean eman ondoren, errealitate bihurtu da", adierazi zuen Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak. Obraren aurrekontua 32.421.183,97 eurokoa da, eta prozesuaren hurrengo urratsa izango da egikaritze-proiektua eta azterketa tekniko osagarriak egitea (segurtasuna, osasuna, kalitate-kontrola eta hondakinen kudeaketa).
Peñak zehaztu zuen bezala, egoitzak 6.913 m2-ko lurzati trapezoidal bat hartuko du, guztira 19.363,32 m2-ko azalera eraikia duena, Irungo Arbes auzoan, "eta auzoari irekitako espazio bat eratuko du, non komunitatearekiko lotura lehenetsiko den". Egoitza zentroak, bere zerbitzu eta instalazioen artean, kafetegi bat eta kanpoko urbanizazio bat izango ditu, erlazio hori ahalbidetzeko.
"Funtsezko" proiektua Irunentzat
Bestalde, Cristina Laborda Irungo alkateak azpimarratu zuenez, "adineko pertsonen ongizateak lehentasuna izan du beti Irungo Udalarentzat, eta hiriaren behar historiko bati erantzungo dion proiektu baten aurrean gaude. Zalantzarik gabe, gure adinekoen bizi-kalitatea hobetuko duen ekipamendua da, Aldundiarekin lankidetzan egiten ari dena”.