Aldahitz ikerketa proiektua, aztergai

Aldahitz Ikerketa hizkuntza-ohituren aldaketa-prozesuak aztergai dituen proiektua da, arreta berezia jartzen duena euskararen norabidean gertatzen diren prozesuetan. Izaera aplikatua duen ikerketa garatzen da proiektuan nagusiki, eta horretarako, erakundeen eta ikerlari-teknikarien sare bat dago eratua, ohituren aldaketarako metodologiak eta ezagutza garatzeko baliatzen dena (metodologien prototipoak, proba pilotuak, ezagutzaren eta tresnen garapena, ikerketa, zabalkundea…).
Card image cap
2023/01/16

Pablo Suberbiola, Soziolinguistika Klusterreko kide eta Aldahitz proiektuaren arduradunarekin eta Amaia Balda, Emun-eko koordinatzaile orokorrarekin izan gara.

29_Nagusia.jpeg

Pablo Suberbiola: “Asmoa da, bere erakundean hizkuntza ohituren aldaketak (euskararen aldera) egin nahi dituenari tresna praktikoak eskaintzea”.

Zer da Aldahitz?

Aldahitz Ikerketa Soziolinguistika Klusterrak 2010an hasita hainbat erakunderekin lankidetzan garatzen duen lan-ildoa da. Ikerketa-ildo horren aztergai nagusia honako hau da: hizkuntza ohituren aldaketa prozesuak, prozesu horiek euskararen aldera (sozialki hizkuntza ahularen aldera) gertatzen direnean. Ikerketa proiektu honek izaera aplikatua du, eta helburua da teoria eta praktika lotzea. Hau da, hausnarketa teorikoa eta ezagutza zientifikoa lotzea erakundeen premiekin eta euskararen erabileran aurrera egiteko sortzen diren galdera eta zailtasunekin.

Hori horrela, 2010etik hona, literatura zientifikotik eta teoriatik abiatuta, hiru tresna praktiko sortu ditugu: Eusle metodologia, Ulerrizketa metodologia eta Uler-saioak metodologia. Hiru tresna horien garapena eta horren gaineko ikerketa egiten dugu proiektuan. Modu horretan, tresna horiekin eta horien aplikazioan sortzen den ezagutzarekin, asmoa da, bere erakundean hizkuntza ohituren aldaketak (euskararen aldera) egin nahi dituenari tresna praktikoak eskaintzea eta, ahal dela, aplikatzeko errazak. Hiru tresna horien baturari Sistema integrala deitzen diogu. Beraz, “Aldahitz sistema” baino, esango genuke Aldahitz proiektuan sortu dugula –edo hobe esan, sortzen ari garela- hizkuntza ohiturak aldatzea errazteko “sistema” moduko bat, hiru metodologiaz osatua.

Esplikatuko zeniguke labur-labur Aldahitzeko hiru metodologia horien helburua eta garapena ahalik eta xehetasun gehienarekin?

Eusle metodologia pentsatuta dago hizkuntza ohiturak euskararen aldera errazteko edo probokatzeko talde natural batean (enpresa bateko 10-15 laguneko departamendu bat, adibidez), bertako kide guztiek euskara ongi ulertzen dutenean. Ez da beharrezkoa denek erraztasuna edo ohitura izatea euskaraz egiteko, baina bai taldeko guztiak gauza izatea euskaraz elkarrizketa arrunt bat ulertzeko. Horrez gain,  bigarren baldintza ere badu metodologia honek: taldeko borondatea. Talde horren gehiengo argi batek nahia izan behar du euskara gehiago erabiltzeko, ohiturak aldatzeko, eta erronka bat aurrera eramateko. Baldintza horiek beteta, talde batek Eusle metodologia esperientzia bat egiten duenean (bi hilabetekoak izaten dira), talde horretako euskarazko erabilerak gora egiten du.

Ulerrizketa metodologia pentsatuta dago, nolabait esan, “koska bat beherago” daudenentzat. Hau da, euskara neurri batean ulertu bai, baina elkarrizketa arrunt batean zenbait gauza ulertzen ez dutenentzat. Aldahitzen esaten dugu euskara ulertzeko “tarteko” maila dutela halako kideek (teknikoki, B1 inguruko ulermena). Halako lankideei, euskara ikasteko ahalegin handia egin arren (adibidez, A edo B ereduetan ikasitako jendea, edo euskara ikasten euskaltegian pare bat urte ibili baina “tarteko” maila horretan geratu dena), normalean lankide euskaldun guztiek lantokian erdaraz egiten diete. Eta horrela, kide horiek ezin dute haien euskara maila inoiz hobetu; besteak beste, inork ez dielako euskara errealik egiten egoera errealean. Gurpil zoroa da. Eta frustrazio askoren iturri. Ulerrizketa metodologia tresna bat da kate hori hausten saiatzeko, eta “tarteko” maila duten lankide horiei euskaraz egiten hasteko. Laneko eguneroko egoera errealean, ez aparteko klasetan.

Horretarako, “tarteko” ulermena duen lankide horri eskatzen zaio, batetik, jarrera aktiboa: aldiro konprobatzea lankideek euskaraz egin diotena ongi ulertu duela, eta zeozer ez badu ulertu, esatea eta eskatzea. Horrekin batera, askatasuna ematen zaio gaztelaniaz edo euskaraz egiteko, ahal duen edo unean ateratzen zaion moduan. Beste aldean, “mintzatzaileei” (euskaraz ongi moldatzen diren lankideei), eskatzen zaie euren euskara egokitzea: mantsoago hitz egin, ongi ahoskatu, zerbait ez bada ulertu, beste hitz batzuekin esan… Modu horretan “ele biko” elkarrizketak sortzen dira: kide bat euskaraz, bestea gaztelaniaz, baina elkar ongi ulertuz.

Uler-saioak metodologia da sistemaren hirugarren hanka. Kasu honetan, euskararen erabileratik urrunen dauden kideei dago zuzendua metodologia: euskaraz ezer-ezer ez dakitenei, edo oso-oso gutxi. Metodologia hau euskara ikasteko modu berritzaile bat da, ohiko euskalduntzetik apartekoa. Kasu honetan, ez dira lantzen –ohikoa den moduan– hizkuntzaren lau trebetasunak (ulertu, hitz egin, irakurri eta idatzi), bakarra baizik: besteek euskaraz ahoz esandakoa ulertzea. Helburua da ahalik eta denborarik laburrenean euskara –hasieran, oso oso oinarrizko euskara, eta progresiboki, gero eta konplexuagoa– euskara ulertzera iristea.

(Euskarazko) ulermena dagoenean, (euskarazko) erabilera posible da

Hiru metodologien garapenari dagokionez, esango genuke Eusle ongi garatuta, aplikazio eta zabalpen fasean dugula. Ulerrizketa, ongi definituta, baina oraindik garapen eta hobekuntza fasean. Eta Uler-saioak berriz, ikerketa aldetik oraindik pilotaje fasean dagoela esango genuke.

Zein iturri teorikotatik edan du?

Aldahitzen hizkuntza ohituren aldaketa prozesuez teorizatzeko eta ikertzeko baliatzen dugun oinarri nagusia EHUko irakasle eta ikertzaile Pello Jauregi Etxanizen eskutik landu dugu. Bera izan da proiektuko zuzendaria 2010ean abiatu genuenetik 2021arte, eta gaur egun ere harreman zuzenean jarraitzen du gurekin, aholkulari gisa. Nolanahi ere, 2010eko lehen oinarri hartatik aurrera, Aldahitz ikerketa-ekintza proiektua izan da, teoria eta praktika lotzen saiatzen dena etengabe, eta erakunde sare baten lankidetzaz eta laguntzaz garatu dena.

Ikerketa-ildo honetan baliatzen ditugun iturri teorikoen ezaugarri nagusiak oso labur azaltzeko, lau ideia nabarmenduko genituzke.

Lehen ideia ikuspegi kolektiboa da, talde ikuspegia. Hizkuntza erabilera ez da inoiz norbanakoaren gauza soilik. Bigarren ideia bat da jokaera urratzailea eta harekiko babesa. Talde batean finkatuta dagoen jokaera bat (adibidez, harremana zein hizkuntzetan izan) aldatzeak hautsi, -Aldahitzen esaten dugu, urratu- egiten du arau inplizitua. Hori gertatzea nahi badugu, jokaera horrek babesa behar du, taldearen babesa.

Hirugarren ideia, Jauregik atsegin duen moduan adieraztearren, honako hau litzateke: (euskararen) erabilera nondik etor liteke? Ba, erabileratik. Aldahitzeko metodologien ideia garrantzitsu bat da: egoera bakoitzean, abiatu dezagun euskarazko erabilera, sortu ditzagun baldintza egokiak erabilera gertatzeko, eta ondoren, zaindu eta elika dezagun prozesu hori, erabilera hori sendotu, egonkortu eta naturala izan dadin.

Azkenik, laugarren ideia bat: (euskarazko) ulermena dagoenean, (euskarazko) erabilera posible da.

Captura de pantalla 2023-01-16 a las 8.57.38.png

Amaia Balda: “Denok guretik ematea eskatzen du, lankidearen ikas prozesuan inplikatu beharra eskatzen baitu”

Izaera ezberdinetako talentuarekin euskararen gaitasuna eta erabilera lantzeko zein aldekotasun ditu metodologia honek?

Ba hain justu biak, gaitasuna eta erabilera, elkarlotzen dituelako metodologia honek. Lanlekuan garatzen da, lankideekin, konfiantzazko lekuan eta unetan, eta komunikazioa du oinarri. Euskaraz ulertzea ezinbesteko baldintza da euskaraz ere lan egin ahal izateko. Eta horri begirako formulak landu behar ditugu. Planteatzen dugun uler-saio eta Ulerrizketen formula ez da baztertzailea, osagarria izan liteke euskalduntzearekin, mintza saioekin eta ikasprozesu pertsonalekin.

Metodologia honekin kooperatibek bestelako onurak lortzen al dituzte?

Era kolektiboan garatzen da, lankidetzan, kooperatibetan balio nagusia den kooperazioan oinarrituz. Denok guretik ematea eskatzen du, lankidearen ikas prozesuan inplikatu beharra eskatzen baitu. Babesgune batean garatzen da, leku seguru batean, epairik gabekoa. Taldearen akordioa eta borondatea ditu oinarri.

Era kolektiboan garatzen da, lankidetzan, kooperatibetan balio nagusia den kooperazioan oinarrituz

Zer nolako esperientziak eta bizipenak dituzue Emunen metodologia hauekin?

Esperientzia oso positiboak, oro har, 3 metodologien hartzaile direnen artean. Uler-saioei dagokienez, euskararen ulermena lantzeko premia duten lankideek balorazio oso positiboa egin izan dute. Uste baino gehiago ulertzeko gai direla eta uler-saioetan aurrera egin ahala oraindik eta gehiago ulertzen dutela konturatzen dira. Halaber, oro har, motibazio oso altuarekin aritzen dira. Eusle metodologiari dagokionez, berriz, taldeak norbanakoari euskaraz egiteko ardura emateak pertsona horiei gune konkretu horretan bere hitzartzea euskaraz egitea asko errazten die. Halaber, taldekide gehiago euskaraz egitera bultzatu ohi ditu. Metodologiak, oro har, emaitza oso onak ematen ditu eta, ondorioz, balorazioak ere maila berekoak izan ohi dira.

Azkenik, Ulerrizketei dagokienez, metodologian sakontzen jarraitzen dugu, besteak beste, bi arrazoirengatik. Batetik, euskararen gaitasuna garatzeko bidean pertsona horrek izango dituen bidelagunek beraien rol eta egiteko berria bereganatzea funtsezkoa delako metodologia arrakastatsua izateko eta, edozein pentsamolde aldaketek bezala, horrek bere denbora behar du. Bestetik, Ulerrizketetarako B1-eko ulermen mailatik gertu egon behar du ulermena lantzen ari den pertsonak.

Uler-saioetan aritu ostean, batzuetan, ez da maila hori lortzen eta, horregatik, arrazoi bat eta bestea tarteko, Ulerrizketak lanlekuan egin aurretik babestutako gunean egiten hasi gara hainbat lekutan. Lanketa berri honekin jada asebetetze maila altua duen metodologia honen emaitzak oraindik eta hobeak izango direla uste dugu.