Nola zaindu adineko pertsonen osasun fisiko eta emozionala

"Adinberri" adineko pertsonen osasun fisiko eta emozionala lantzeko eguneroko saioa ikusgai dago ETB1 eta eitb.eus-en.
Card image cap
2020/05/20

Ordu erdiko iraupena du programa bakoitzak eta bi zatitan banatzen da: ariketa fisikoa eta mindfulness/meditazioa. Zati bakoitza gaian aditua den talde batek lantzen du. 

Ariketa fisikoko saioak Iñigo Vicens adituak gidatzen ditu. 20 minutuko tartean, hainbat ariketa egiten ditu, etxean egiteko modukoak. Vicensek egiten dituen ariketa horiek Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU-UPV) eta Athlon S. Coop. enpresako aditu talde batek landu ditu. Ariketa fisikoen ostean, mindfulness/meditazioari zuzendutako espazio batekin biribiltzen da saioa. Baraka Psikologia Integraleko Institutuko aditu taldeak sortu ditu saioak, eta gaian trebatuta dagoen Zuriñe Hidalgo izaten dute gidari. 

Ongizate emozionala eta sentimenduak

Bizitzan, batzuetan, prestatuta ez gauden egoerei aurre egin behar izaten diegu. Gaur egungo pandemiaren ondorioz, gure ohiko errutinak aldatu behar izan ditugu. Egoera horrek emozioak eta sentimenduak sortzen dizkigu, eta horretarako tresnak beharko ditugu.

Autozainketak hobeto sentitzen eta gure ingurunea zaintzen lagunduko digu. Halaber, higiene mentalari eusteak eta jarrera positiboa zein ikasteko jarrera izateak indartuko gaituzten baliabideak emango dizkigu.

Hauek dira egoera honek irauten duen bitartean gure ongizate eta osasun emozionala zaintzeko eta babesteko aholku batzuk.

Sortu zure eguneroko errutina hainbat motatako jarduerekin, eta saiatu ordutegi erregularrak betetzen.

Eguna pasatzeko errutina bat sortzea eta ordutegi erregular batzuk betetzea laguntza handiko bi alderdi dira emozionalki indartsu mantentzeko eta nerbioak kontrolatuago edukitzeko.

Jarduera mota desberdinen arteko oreka bilatzen saiatu, besteak beste:

  • Autozainketa (higiene pertsonala, elikadura, atsedena).
  • Erantzukizunak (telelana eta etxea edo gainerakoak zaintzea).
  • Ariketa fisikoa.
  • Aisia.

Jardueren zerrenda bat egin dezakezu, eta hurrengo egunak pixka bat planifikatu. Errutinaren barruan oreka bilatzea komeni da, egun bakoitza pixka bat desberdina izan dadin. Zure ustez erabilgarritasun txikikoak diren jardueretan denbora gehiegi ez emateak edo “denbora galtzeak” egunaren amaieran hobeto sentitzen lagunduko dizu. Etxean egin gabe dituzun lanak berreskuratzeko aprobetxa dezakezu.

Fisikoki aktibo mantentzea oso garrantzitsua da. Ariketa fisikoak eragin positiboa du ongizate emozionalean. Antsietatea murrizten eta loaren kalitatea hobetzen laguntzen du. Saiatu egunero ariketa fisiko pixka bat egiten, zure mugikortasunaren eta egoera pertsonalaren arabera. Adibidez, etxetik ibiltzea, dantza egitea, ariketa-taulak egitea, eskailerak igotzea, etab.

Gogoratu leku nahikoa uztea gehien gustatzen zaizkizun edo ondo sentiarazten zaituzten aisia-jardueretarako. Kontuan izan proposamen ugari daudela ohiko komunikabideetan, webgunean eta sare sozialetan. Gogoan izan umorea antsietatea murrizteko oso antidoto baliagarria dela.

Beste pertsona batzuekin bizi bazara, saiatu konpainian zauden denbora eta intimitaterako une eta espazio batzuk uztartzen. Elkarrekin denbora gehiago igarotzean, garrantzitsua da elkarbizitzarako oinarrizko arau batzuetan ados jartzea (ordutegiak, espazioak, erantzukizunak, etab.); horrela, eztabaida batzuk saihestu ahal izateko.