Adimen artifiziala diseinuan: aukerak eta erronkak

Adimen artifiziala diseinuan: aukerak eta erronkak

Nora Inoriza. Strategy & Experience Design
Adimen Artifiziala (AA) hainbat sektore eraldatzen ari da, eta diseinua ez da salbuespena. Funtsezkoa da horren eraginari buruz hausnartzea eta gure tokia topatzea.
2025/04/07

Hauek dira DIARADESIGNen orain arte aztertutakoarekin ateratako lehen konklusioak, denbora gutxian seguru aldatuko direnak:

Non dago AA-ren balioa diseinu-prozesuan?

Diseinuaren prozesu klasiko bat (Analisia, Ideazioa eta Garapena) kontuan hartzen badugu, analisi fasean AA aliatu indartsua da datu-bolumen handiak kudeatzeko, patroiak ateratzeko eta gako interesgarriak sortzeko. Horri esker, erabaki arinagoak har ditzakegu.

Ideazio fasean, AAk sormenerako tresna indartsua dela erakutsi du. Irudiak, bideoak eta kontzeptuak oso azkar sortzeko aukera ematen digu. Hala ere, oraindik ez da giza kalitateak eskaintzen duen originaltasunera, sentsibilitatera eta xehetasunera iristen.

Garapen fasean, ordea, oraindik ez dugu argi ikusten nola ekar dezakeen balio esanguratsua. Agian, diseinatzaileok hor izan gintezke indartsuagoak.

Gainera, diseinatzailearen rola estrategian eta erabakiak hartzean inplikazio handiagoa lortzerantz ere aldatuko da, eta AA, berriz, zeregin operatiboagoez arduratuko da. Emozioak eta intuizioak giza atributuak izaten jarraituko dute zorionez.

“Ideazio fasean, AAk sormenerako tresna indartsua dela erakutsi du. Irudiak, bideoak eta kontzeptuak oso azkar sortzeko aukera ematen digu. Hala ere, oraindik ez da giza kalitateak eskeintzen duen originaltasunera, sentsibilitatera eta xehetasunera iristen”

Aurrez aurre ditugun erronkak

Sormenaren homogeneizazioa da deskubritzen ari garen erronketako bat: AAk edukia azkar sortzeko aukera ematen badu ere, emaitzak errepikakorrak izateko eta egiazkotasunik ez izateko arriskua dago. Hor ere zeresan handia izango dugu.

Beste erronka bat da, tresna irisgarri gisa aurkezten bada ere, kalitatezko emaitza profesionalak lortzeko prestakuntza eta ezagutza handia beharko direla.

Gure diseinuen pribatutasunak eta babesak ere kezkatzen gaitu. Hala ere, jende askok ez badaki ere, gaur egun, AA generatiboek “izoztutako garunak” bezala funtzionatzen dute, denbora errealean ikasi gabe. Beraz, momentuz, lasai gaude horrekin.

Gure lanbidean izango duen eraginari dagokionez, uste dugu etorkizunean enpresek gehiago baloratuko dituztela AA aplikatzen dakiten diseinatzaileak eta erantzun-denbora azkarragoak eskatzen hasiko dira AAri esker. Gure lehiakideak ere diseinu potenteagoak eskaintzen hasiko dira AArekin. Horregatik, funtsezkoa da ikastea eta haren potentziala aztertzea.

Hala ere, uste dugu diseinua ez dagoela arriskuan. Gure balioa ez datzalako soilik estetikan, baizik eta estrategikoki pentsatzeko, emozioekin konektatzeko, testuingurua interpretatzeko eta pertsonekin lan egiteko dugun gaitasunean.