Abian da Ika Mizka 2013 zirkuitua

Gaztezulok antolatu du zirkuitua, eta Gipuzkoako Foru Aldundia, Mondragon Unibertsitatea eta Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntza izan du. "Eta hik? Nola bizi dunk euskara?" egitasmoaren barruan kokatzen da iniziatiba.
Card image cap
2013/10/16

Gazteak gure hizkuntza erabiltzeak duen garrantziaz sentsibilizatzeko ez ezik, euskaraz bizitzearen aldeko hautua indartzeko helburua duen egitasmoa da hau.

Aurten zirkuitu modura dator Ika Mizka, eta hiru geldiune izango ditu: lehenengo saioa urriaren 24an izango da Ordizian (Mondragon Unibertsitatearen Goierriko campusean), bigarrena azaroaren 14an Eibarren (UPV/EHUren Industria Injiniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolan) eta hirugarrena abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Irunen (Mondragon Unibertsitatearen Bidasoako campusean).

Iaz bezala, Ika-Mizka proiektuak hainbat alorretako aurpegi ezagunak eta gazteak bilduko ditu mahaiaren bueltan, euskaraz eta euskara bizitzeko moduez hitz egin eta eztabaidatzeko.

Zirkuitua osatuko duten saio bakoitza iragartzeko, bideo promozional bana sareratuko dugu astebeteko aurrerapenarekin. Ikus-entzunezko labur hauetara, batez ere sorkuntza adar ezberdinetako profesionalak ekarri ditugu zintzotasunez hitz egitera, euren obrak euskaraz imajinatzeak, pentsatzeak eta egikaritzeak dakartzan gazi-gozoak aitortzera.

Hain justu, mezu honekin batera doakizue lehenengo bideo laburra ikusteko esteka: http://www.gaztezulo.com/ikamizka

Ekimenean parte hartu  nahi duten gazteek, izena emateko aukera daukate GAZTEZULO.COM webgunean eta bertan jaso ahal izango dira baita ere egitasmoari buruzko xehetasunak.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa