75 pertsonak hasi dute Hidrogenoaren Teknologien I. unibertsitate masterra

Repsol-Petronor taldeak sustatua eta 5 unibertsitatek eta beste prestakuntza-zentro batzuek diseinatua, programa modu birtualean eskaintzen da Bilbon, Bartzelonan, Tarragonan eta Zaragozan.
Card image cap
2021/10/18

Guztira, 75 pertsonak ekin diote gaur Hidrogenoaren Teknologiei buruzko Unibertsitate arteko I. Masterrari. Repsol-Petronor Taldeak sustatu du, eta Mondragon Unibertsitateak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Universitat Politècnica de Catalunyak, Universitat Rovira i Virgili unibertsitateak, Zaragozako Unibertsitateak, Somorrostro Lanbide Heziketako Zentro Integratuak eta beste 5 prestakuntza- eta ikerketa-zentrok diseinatu eta abalatu dute. Lau tokitan eskaintzen da, Bilbon, Bartzelonan, Tarragonan eta Zaragozan, eta nagusiki modalitate birtual sinkronoan, plataforma birtual baten bidez.

MasterHidrogeno1 (2).JPG

Lehen edizioaren arrakastak aurreikuspenak gainditu ditu. 350 informazio-eskaera baino gehiago jaso dira. Hori dela eta, antolatzaileek plaza-kopurua handitu behar izan dute; 60 zeuden hasieran aurreikusita, eta azkenean, 75 izan dira. Horietatik, 30 pertsonak Bilbon egingo dute masterra, eta beste 45ak Bartzelona, Tarragona eta Zaragozaren artean banatuko dira. Hidrogenoaren Teknologiei buruzko Unibertsitate arteko Masterraren helburua da ezagutza berritzaileak eta abangoardistak zabaltzea hidrogenoaren eta hari lotutako teknologien arloan, eta teknologia horiek energia-trantsizioan laguntzeko duten ahalmenari buruzko prestakuntza ematea. Irakasleek aurrez aurre emango dituzte euren irakasgaiak horretarako prestatutako lekuetan, eta ikasleek aurrez aurre eta online —plataforma birtualean— hartu ahal izango dituzte eskolak. 

Unibertsitate arteko masterrean, unibertsitate-adituek eta 12 erakunde sustatzaileetako teknologia- eta ikerketa-zentroetako kideek hartzen dute parte, baita industrian jardunean diharduten profesional ezagunek ere.

Alderdi praktikoa da prestakuntza honen ardatz nagusietako bat: parte-hartzaileek praktikak egingo dituzte simulazio-paketeen bidez, bisita teknikoak enpresetara eta aurrez aurreko laborategiko praktikak, aztertutako kontzeptuekin eta tresnekin esperimentuak egiteko. Amaitzeko, master-amaierako lan bat egin beharko dute, benetako erronka bat oinarri hartuta. Enpresen inguruneetan hidrogenoaren teknologien arloan aurrera egiten laguntzea izango da lan horren helburua.

Aurrekaririk gabeko lankidetza

Repsol-Petronorrek teknologia- eta energia-arloan duen esperientziaz eta 5 unibertsitate sustatzaileen laguntzaz gain, masterrak beste 6 erakunde hauek ere izango ditu bidelagun: Somorrostro Lanbide Heziketako Zentro Integratua, Comte de Rius Lanbide Heziketako Zentroa, Bartzelonako Institut Escola del Treball Fundación Lanbide Heziketako Zentroa, Piramide Lanbide Heziketako Zentro Publiko Integratua, Industria Antolamenduko Eskola (Industriaren eta ETE-en Idazkaritza Nagusiaren bidez Industria Ministerioari atxikitako fundazio publikoa) eta Aragoiko Hidrogenoaren Fundazioa. Hamabi erakundeek indarrak batu dituzte Hidrogenoaren Teknologiei buruzko Unibertsitate arteko Masterra abian jartzeko.

Aurrekaririk gabeko lankidetza-ekimen bat da, industriako, unibertsitate-arloko eta lanbide-heziketako erreferentziazko erakundeen artekoa.

Industrian hidrogenoaren teknologien garapena bizkortzea du lankidetza horrek helburu, beharrezkoa izango baita unibertsitatean prestatutako ingeniaritza-profilen eta lanbide-heziketatik datozenen artean oreka lortzea.

Masterrak Hidrogenoaren Euskal Korridorearen (BH2Cren) proposamenari lotutako jakintza-gela bat sortzeko ekimenean du oinarria. Erakundeen eta enpresen arteko proiektu handi bat da gela hori, eta Euskadi ekonomia produktibo berdearen hub handi bat eta energia-eredu berri baten buru izatea du xede. Repsol-Petronorren eskutik eta 80 enpresaren eta ezagutza-zentroren baino gehiagoren parte-hartze aktiboarekin, urtean 20.000 tona hidrogeno ekoiztea aurreikusten du proiektuak, eta horri esker urtean 1,5 milioi tona CO2 baino gehiago isurtzeari uztea. 2026ra arte, 1.300 milioi euroko inbertsioa egingo da esparru horretan, eta espero da zuzeneko 1.340 lanpostutik gora eta zeharkako 6.700 lanpostu baino gehiago sortzea.

Hidrogenoa, funtsezko bektorea

Hidrogenoa da erregai fosilekiko mendekotasuna zein berotegi-efektuko gasen isurtzeak txikitzeko potentzialik handiena duten energia-bektoreetako bat. Energia-trantsizioaren testuinguruan, teknologia horien aldeko apustu argia egin dute erakundeek. Gobernuak dagoeneko iragarri du 2023ra arte 1.500 milioi eurotik gorako inbertsioa egiteko asmoa duela hidrogenoaren sorrera eta erabilera sustatzeko, eta 2030erako inbertsioa 8.900 milioiraino igotzea aurreikusten du.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa