Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
Lea-Artibai eta Busturialdeko 600 ikaslek ospatuko dute Zientzia eta Teknologia Eguna
2019an egin zen Zientzia eta Teknologia Egunaren lehen edizioak jarraipena izango du pandemia urteen ostean. Lea-Artibai eta Busturialdeko Kooperatiben Mahaia Elkarteak (Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide, Laboral Kutxa eta Maier), Leartibai Fundazioarekin elkarlanean, ekimen honen bigarren edizioa antolatu du. Aurten, gainera, ekitaldi bikoitza izango da, bariku honetan Lea-Artibaiko Zientzia eta Teknologia Eguna eta datorren ostiralean, Busturialdeakoa. Bi ekimen hauek Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa dute.
Zientzia eta Teknologia eguna
Bariku honetan, maiatzak 13 (9:30-15:00), Markina-Xemeingo Atxondo polikiroldegian, eta datorren asteko barikuan, maiatzak 20 (9:00-14:30), Gernikako Astra Eraikinean, Lea-Artibaiko eta Busturialdeako Zientzia eta Teknologia egunak ospatuko dira. Kooperatiba Mahaiko enpresak, EHUko eta Leartiker Zentro Teknologikoko ikertzaileak, eta arlo honetan adituak diren bi enpresaren eskutik, robotika, materialak, elektronika, matematika eta elektrizitatea bezalako gaiak landuko dituzte 13 tailer ezberdinetan. Bi ekintza hauetan guztira 600 inguru ikaslek parte hartuko dute, Lea-Artibaiko LH6ko ikasleek eta Busturialdeako DBH4koek.
Talentatu proiektua
Lea-Artibai eta Busturialdeako Kooperatiben Mahaia Elkarteak (Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide, Laboral Kutxa eta Maier), Leartibai Fundazioarekin elkarlanean, 2018-2019 ikasturtean TALENTATU izeneko proiektua jarri zuen martxan eskualdeko ikastetxeekin. STEAM (Science, Technology, Engineering, Art, Mathematics) ikasgaiak sustatu, eskualdea ezagutu, nortasun sentimendua landu, eskualdeko industria nolakoa den ikusi eta etorkizunean bertoko enpresak beharko dituzten langile profilak ezagutzera emateko asmoz, ekintza ugari burutzen dituzte ikasleek egitasmo honen baitan:
Kooperatiba eta enpresetara bisitak (LH eta DBHko ikasleak), Enpresa eta kooperatibetako langileen bisitak ikastetxeetara (DBH eta Batxilergoa), Hitzaldiak (batxilergoa eta prestakuntza zikloetako ikasleei), Enpresetan egun bateko egonaldiak (batxilergoko ikasleek), Herri trukaketak (gazteenek beraien herrietan eskualdeko beste herrietako ikasleak hartu dituzte beraien ondarea eta ingurua erakusteko), Erronken lanketa (kooperatibetako ordezkariak eta irakasleak), Bideo-elkarrizketak (inguruko emakume zientzialariei), Zientzia eta Teknologia Eguna, besteak beste.
Lehenengo edizio hartan TALENTATUk izan zuen arrakasta ikusirik, proiektuari jarraipena ematea adostu bazen ere, pandemia urteak tarteko, egitasmoa moldatu eta beste hainbat ekimenetan gertatu zen bezala, ekintza batzuk bertan behera gelditu ziren eta beste batzuk on-line modalitatearekin jarraitzeko aukera izan zuten.
Azkenean, 2021-2022 ikasturtean TALENTATU proiektua bere jatorrizko bertsiora bueltatu da eta ikasturte honetan Lea-Artibai eta Busturialdeko ikastetxeekin etengabe elkarlanean aritu dira talentua sortu, mantendu eta eskualdera erakartzeko asmoz.
LH1eko ikasleetatik hasi eta Prestakuntza Zikloetako ikasleetaraino heltzen da Kooperatiben Mahai Elkarteak eta Leartibai Fundazioak zuzendutako TALENTATU proiektua. Aurtengo ikasturtean guztira, bi eskualdeetako 25 ikastetxetako 2.314 ikaslek parte hartu dute ekintza ezberdinetan.
Proiektu honekin eskualdeko ikasleak eskualdean lanean gelditzea sustatu nahi da, enpresa eta ikastetxeen arteko elkarlanaren bidez ikasleak eskualdearekin eta bertoko enpresekin duten harremana eta ezagutza hezkuntza ibilbide guztian zehar txertatuz. Hau da, ikasketak dituzten ikasleak lanera kanpora atera beharrean eskualdean bertan gelditzea eta kooperatibek behar dituzten perfileko langileak bertakoak izatea lortu nahi da. Talentua sortu, mantendu eta eskualdera erakartzea.