“Sabbatic-entzat oso garrantzitsua izan da MONDRAGON eta LKS Next moduko enpresak lagun izatea”

“Sabbatic-entzat oso garrantzitsua izan da MONDRAGON eta LKS Next moduko enpresak lagun izatea”

MONDRAGON Sustapen Zentroa, negozio berrien sustapenerako eta garapenerako plataforma korporatiboa da. Azken bost urteotan, MONDRAGONek hamabost bat enpresa berri edo ‘startup’-etan inbertitu du, hainbat kooperatiba hauen kapitalean inplikatuz eta, behar izan denean, Funts Korporatiboekin lagunduz. Sabbatic da horietako bat, LKS Next kooperatibarekin batera parte-hartutakoa eta enpresa-gastuen digitalizazioaren kudeaketaren arloan aditua. Oier Marigil fundatzailearekin egon gara.
2022/04/29

Hasteko, hitz egin dezagun Sabbatic-en jatorriaz eta jardueraz.

Sabbatic 2013an sortu genuen hiru ekintzaile gipuzkoarrek. Kontabilitateko eta finantza arloko prozesuen efizientzia hobetzen duten kudeaketarako soluzioak eskaintzen ditugu. Gaur egun, hogei bat lagunek osatzen dugu Sabbatic eta sektore anitzetako ehundaka ETE, enpresa eta multinazionalei eskaintzen diegu zerbitzua. Egoitza batez ere espainiar estatuan daukagun arren, bost kontinenteetan gaude presente. 

Zein alorretan egiten duzue lan eta zein soluzio eskaintzen dituzue?

Sabbatic-en zerbitzuak fakturak eta gastuak kudeatzeko prozesu tradizionaletan oinarritutako arazoei erreparatzen die, paperaren garraioa eta artxiboaren kostea desagertaraziz, eskuz egindako lanetan sor daitezkeen akatsak murriztuz eta kontabilitateko informazioa eta informazio analitikoa handituz, prozesu hauekin lotura duten operazioen kontabilitatearen automatizatzea ahalbidetuz.

Prozesu tradizionalen aurrean, Sabbatic-ek automatizazioa bermatzen du, bi esparru hauetan paperik ez erabiltzea ahalbidetuz: batetik, bidaia profesionalen gastuetan; bestetik, hornitzaileei egindako erosketen fakturen kontabilitatean. APP mugikorrari esker, langile bakoitzak bere gailutik gastuen agiriei argazki bat atera diezaieke, datu hauen irakurketa automatizatuz eta Ogasunak homologatutako kopia konpultsatu eta homologatu digitalak sortuz. 

Gainera, mahaigaineko aplikazioaren bitartez, hornitzaileek bidalitako fakturak eskaneatu edota PDF formatuan igo daitezke, kontabilitaterako datuen sarrera automatizatuz eta inplikatutako pertsonen dedikazioa murriztuz.

_MG_9395 Sabbatic.jpeg

MONDRAGON Korporazioa eta LKS Next kooperatiba Sabbatic-eko akziodun bihurtu direnetik, nolakoa izan da enpresaren ibilbidea?

Sabbatic-entzat oso garrantzitsua izan da MONDRAGON eta LKS Next moduko enpresak lagun izatea konpainiaren proiekzioan eta erabaki estrategiko eta operatiboak hartzerako orduan. Izan ere, epe-laburretan erabaki garrantzitsuak hartzera behartuta egon garen garai hauetan, aholkua eta merkatuko ikuspegi zabala izateak izugarri lagundu digu.

Sabbatic-entzat oso garrantzitsua izan da MONDRAGON eta LKS Next moduko enpresak lagun izatea konpainiaren proiekzioan.

Abantaila handia da jarduera-sektore ezberdinetako ikuspegia eta ezagutza duen eta hainbeste profesional batzen dituen talde bat bidelagun izatea. Gainera, lortutako finantziazioari esker, merkatuari eta bezeroei lotutako prozesuak sendotu ahal izan ditugu, baita I+G eta alor teknikoko lana finkatu ere, Sabbatic moduko izaera teknologikodun enpresa batentzako gakoak direnak.

Azken urteak urte biziak izan dira oso. Osasun-egoera orokorrak mugikortasun eta laneko bidaia gutxiago izan dituen errealitate batera egokitzera behartu gaitu. Aitzitik, behar berriak ere agertu dira, besteak beste, tele-lanarekin lotutakoak eta gure bezeroen finantza-prozesu eta kontabilitatekoen jarraipena bermatzekoak. Honen aurrean, gure irtenbideak sendotu ditugu, jada sarean oinarrituta zeudenak, interneterako sarbidea dagoen edozein leku eta gailuetatik erabiltzeko aukera bermatuz.

Gainera, azken hilabeteotan laneko bidaien mugikortasunaren berreskuratzearekin batera, hamarkadetan zehar aldatu ez diren hainbat prozesu arintzeko beharra geroz eta ageriagoa da, lan mekanikoei dedikazio gehiegi eskaintzea eskatzen baitute.

Mugikortasunaren eta presentzia fisikoaren berreskuratzearen testuinguru honetan, berriki Otaloran izan den Finantza-Kudeaketarako Batzordean zuen soluzioak aurkeztu dituzue. Zein ondorio atera dituzue bertatik?

Jakin badakigu kooperatiba askok prozesu tradizionalen muga batzuk identifikatuta dituztela. Horietako batzuk prozesuok digitalizatzeko bidean daude teknologia eta tresna berriak txertatuz, baina beste asko oraindik ez. Jakina, beharrezkoa da kooperatiba bakoitzaren berezitasunak kontutan hartzea, datuen analisiari zein hauek kontabilitatera iraultzeari dagokionez, idazpenak eskuz sortzen ez jarraitzeko.

Hainbat kooperatibek beren prozesuak berrikusteko beharra somatu dute eta, epe laburrera begira, elkarlanean ari gara hobetzeko proposamenak aztertuz.

Sabbatic-etik gustura landuko ditugu kooperatiba bakoitzak dauzkan behar zehatzak eta gure laguntza eskainiko diegu prozesu digitalizatuen eta automatizatuen efizientzia eta aplikagarritasuna pertsonalki balora dezaten.

_MG_9109 Sabbatic.jpeg

2022ari begira, zein jarduera-aurreikuspen duzue?

Eskaintzen ditugun soluzioak hobetzea eta sendotzea da gure helburu nagusia. Alegia, 2022. urtea 2020an Covid-aren etorrera baino lehen eskaintzen genuenari itxura ahalik eta gehien hartzea. Batetik, hilabete guzti hauek balio izan dute esparru profesional asko prozesu digitaletara geroz eta gehiago egokitzeko, eta, hainbat alorretan transizio horrek jarraitu egingo duela argi ikusten da. Bestetik, hein batean mugikortasuna eta presentzia fisikoa prozesu telematikoek ordezkatuko duten arren, Turismo eta Bidaien mundu mailako Kontseiluak egindako ikerketa baten arabera, 2022.urtean laneko bidaietan egingo diren inbertsioek %34ko igoera izango dutela aurreikusten da.

Etengabeko eraldaketa bizi dugun garai honetan, ziur gaude tendentzia berriek gure teknologiaren apligakarritasunean aukera berriak ekarriko dituztela, langileek lan mekaniko eta ohikoetarako erabilitako denbora gutxitzeko eta beren denborari ahalik eta probetxu gehien ateratzeko asmoz.