“Satisfazio asko eman dit musikak eta pribilegiatua sentitzen naiz”
Zein da zure egitekoa LABORAL Kutxan?
Aseguruen negozioa LABORAL Kutxako bulegoan bertan kokatzen da gaur egun. Nolabait, nik eramaten ditudan zonetako aseguruen negozioaz arduratzen naiz. Negozioaren garapenean lankideekin elkarrekin kolaboratzen dugu prozedurak hobetzen, formazioa eta aholkularitza eskaintzen edo eta dinamizazio komertziala bultzatzen. Nire kasuan, Arrasaten nago kokatuta.
Lanetik kanpo, musikaria zara afizioz?
Bai, esango nuke afizioa baino gehiago dela! Etxean gitarra jotzen egotetik diskoa grabatzera dauden betebeharrak ezberdinak dira, noski. Hainbat kontu kudeatu behar dira: entseguak, grabaketak, hedapena, komunikazioa eta beste hainbat.
Baina musikan ez zara berria. Aurretik ere ibilitakoa zara, ezta?
Bai, 90. hamarkadan, oso gazte hasi nintzen Hor Konpon taldean. Baina gero familia kontuagatik, beste etapa bat bizi nuen, beste lehentasun batzuekin. Eta orain berriz bueltatzeko aukera izan dut eta 2020an, pandemiaren erdian, hasi ginen Mila Modu taldean eta diskoa atera genuen Elkar zigilupean.
Zergatik bueltatu zara? Taldekide berriak zarete?
Nire kasuan musika zaletasuna betidanik izan dut bizirik, zainetan eramaten den zerbait da!
Eta nahiz eta ez den izan helburua, zerbait egiteko gogoa nuen eta aukera parean tokatu denez, aurrera egin dugu. Taldekideak, batzuk berdinak gara, baina estiloa eta taldea erabat aldatu da. Lau pertsona gara eta nik gitarra jo eta abestu egiten dut.
Nola definitzen duzu Mila Modu taldea?
Modu berezian zaintzen dugu eszenaratzea, kantak, letrak eta transmititu nahi duguna. Gure lehen diskoa sei kantekin atera dugu aurkezpen giza eta hor ahots sakonak, atmosfera elektrikoak, melodia landuak eta indarra dira nagusi.
Eta nolakoak dira zuen abestiak? Zein da estiloa?
Galdera zaila da, baina nolabait etiketatu behar bada rock power pop bezala definituko nuke. Lehen ez zen horrelako etiketarik existitzen baina ikasi dugu eta gaur egun hortxe kokatzen gara.
Eta letrak? Zer transmititzen duzue?
Euskaraz kantatzen dugu eta kolaborazio desberdinak lortu ditugu letrak osatzeko. Tartean izan dira bertsolariak, filosofoak edo idazleak, esate baterako, Joseba Sarrionandiaren olerki bat musikatu dugu. Helburua ez da bakarrik musika jotzea, debate filosofikoa piztea ere bada. Baloreak, injustiziak, gizarteko arazoak… hainbat gaiei inguruko hausnarketa sustatu nahi dugu, protagonisten bitartez. Esate baterako, abesti batean etorkinen egoera landu dugu eta eurekin grabatu dugu kanta. Zentzu horretan, proiektu anitza da eta beste pertsona batzuei ere irekia.
Hori guztia hobeto kontatzeko eta kantatzeko, bideoklipak ere grabatu dituzue.
Bai, horrela da. Bi bideoklip atera ditugu eta, hirugarrena datorren egunetan kaleratuko da , irudiak lagunduta gauza asko kontatu eta transmititu daitezkeela, sentimenduak azaleratzea errazagoa da.
Azkenaldian izan duzue aukerarik kontzerturik eskaintzeko?
Bai, bost kontzertu eman ditugu abendutik. Egia esan egoerak ez du asko laguntzen. Uda parterako baditugu batzuk agendan baina Hilabetez hilabete ari gara programatzen gure ekintzak. Ez dakigu herriko jairik izango ote den, eta kultura aretoak ere momentuan momentukoa ari dira prestatzen. Ezjakintasun handia dago, oro har!
Aurkeztu duzue azken disko hau?
Bai, Durangoko Plateruena antzokian eta Oñatin aurkeztu genuen abenduan. Bete egin ziren aretoak eta oso gustura sentitu ginen, hori bai, publikoa musukoaz eta jasarrita!
Aurrera begira, zeintzuk dira asmoak?
Udaberritik aurrera zuzenean jotzea eta aurrerago eta dena ondo ba doa, kanta berriak grabatzea. Hori da talde baten prozesu naturala: sortu-grabatu-argitaratu-zuzenean jo.
Zer da musika zuretzat? Zer ematen dizu?
Satisfazio asko eman dit musikak, izan ere sortze prozesu baten emaitza disko batean ikustea hunkigarria da, benetan! Zentzu honetan, pribilegiatua sentitzen naiz, eta neurri batean nire semeei utziko diodan ondarea horixe izango da!
Musika, zure eguneroko bizitzan dago?
Bai, zentzu batean edo bestean. Ez dut egunero jotzen baina entzun bai, era desberdinetako musika gustuko dut; aukera ematen dit gozatzeko eta ikasteko.
Eta belaunaldi gazteak nola ikusten dituzu?
Enbidia asko sentitzen dut! Aniztasun zabala dago gaur egun, eta asko gustatzen zaizkit sortzen ari diren bakarlariak, taldeak, emakumearen papera musikagintzan,... Gainera, uste dut jendeari denetarik entzutea gustatzen zaiola, ez bakarrik modan dagoen taldea edo estiloa. Zentzu horretan garaiak hobera aldatu dira.