“Publikoari itzuli egin behar diot eskaini didan maitasun guztia”

Fermin Muguruzak bere ibilbidearen errepasoa egin du TU Lankiderekin. Kortaturekin lehen kontzertua eman zuenetik lau hamarkada igaro direnean, beste kontzertu sorta bati ekiteko prest dago orain. Besteak beste, Anoeta beteko du ekainean.
Card image cap
Argazkilaria: Ikor Kotx.
2024/12/05

Uztailean 40 urte bete ziren Kortaturen lehen kontzertutik, eta ordutik ez da gelditu Fermin Muguruza (Irun, 1963): musika, zinema, komikia… Bere ibilbideari errepaso egiteko, abenduan kontzertu berezi bat egingo zuela iragarri zuen, baina jasotako maitasun uholdeak bira oso bat antolatzera behartu du. Horregatik, bihotza beteta itzuliko da oholtzara, bere habitat naturalera, oraingoa benetako azken guda dantza izango den edo ez jakin gabe.

Negu gorria ez, negu beroa eta oparoa da datorkizuna. Nola zaude bira handi honen atarian?

Alde batetik, oso motibatuta nago, eta bestetik, oso eskertuta. 11 urte dira nazioarteko birarik egiten ez dudala, nire bandarekin kontzertu handirik ematen ez dudala, eta ikaragarria izan da niretzako, hainbeste denbora igaro ostean jaso dudan maitasuna, kontzertuen iragarpenek izan duten harrera; hasieran, kontzertu bakarra egitea baitzen nire asmoa.

Bira inprobisatua izan da, beraz.

Nire plana zen abenduan kontzertu handi bat antolatzea, bakarra, nire 40 urteko ibilbide eta ondare osoari errepaso egiteko eta, bide batez, Iñigo anaiari omenaldi berezi bat eskaintzeko. Izan ere, aurten bost urte bete dira zendu zela, eta abenduan, 17an hain zuzen, 60 urte beteko lituzke. Baina gero, etorri den uholde guztia ikusita, behartuta sentitu naiz zerbait antolatzera. Europa osotik erosi dituzte Bilboko kontzertuetarako sarrerak, eta uste dut publikoari itzuli egin behar diodala eskaini didan maitasun hori guztia.

Behartuta orduan, baina, era berean, esan daiteke zure 40 urteko ibilbideko bira bereziena izango dela, ala?

Bira guztiak dira oso bereziak, baina, egia esan, oraingoa desberdina izango da. Alde batetik, ez neukan pentsatuta bira egitea, eta azken bi hilabeteetan antolatu dut dena, horrek dakarren guztiarekin. Gainera, beti egin dudan moduan antolatu nahi izan dut, autogestioaren bidez, promotore handirik gabe eta aspalditik neuzkan kontaktuekin. Hori bai, oraingoan ez ditut kontzertu guztiak denbora gutxian kontzentratuko, nirekin aritzen ziren zenbait kidek orain lan egiten dutelako aste barruan; hori dela eta, asteburuetan egingo ditugu kontzertuak, modu pausatuagoan.

Bestetik, ez ditut ondoan izango Iñigo anaia; Amaia Apaolaza, 25 urtez nire managerra izan zena; diseinatzailea… Badaude maite nituen zenbait pertsona, zenbait sostengu, garrantzitsuak zirenak eta jada ez daudenak. Orduan, desberdina izango da, baina berezia ere bai, noski. Oso presente egongo dira denak.

“Autogestioaren bidez egiten dut lan, eta, beraz, niretzako funtsezkoa da kooperatibismoa gizartea aldatzeko”

Batez ere musika ibilbideagatik zara ezaguna, baina azken urteetan beste diziplina askotan ere aritu zara buru-belarri. Hor daude Black is Beltza, Bidasoa 2018- 2023… Zerk eraman zintuen bide berriak arakatzera?

Nik beti kontatu izan ditut istorioak, musikaren zein zinemaren bitartez, errealitateak bultzatu nauelako horretara. Adibidez, Bidasoa ibaian gorpuak agertzen hasi zirenean, segituan pentsatu nuen: “Kontatu egin behar dut historia hori”. Ikusten nuen, batetik, jende askok ez zekiela zer ari zen gertatzen eta, bestetik, deuseztatu egin behar zela zabaltzen ari zen mezua, ibaiak hiltzen duen mezua; politika migratorioek hiltzen dute, ez ibaiek.

Proiektu horietatik guztietatik zein esango zenuke dela bereziena edo kutunena?

Al Jazeerarentzat egin nuen lana. Ez da kutunena, baina bai bereziena. 11 dokumental egin nituen bi urtetan, non zonalde horietan guztietan gerra presente zegoen, eta arrisku handiko lana izan zen. Hala ere, berezia izan zen zeharo maitemindu nintzelako mundu arabiarraz; izugarriak izan zire bi urte horiek, Marokon, Tunisian, Libanon, Sirian, Sudanen, Egipton… Ordutik, etengabe kolpatzen eta sufriarazten nau zonalde horretan gertatzen denak.

"Pepe Mujicarekin biltzeko aukera izan dut eta MONDRAGONen kooperatiben inguruan galdetu zidan, ea zer moduz zihoazen, eta esan zidan hura zela mundu osoan mugimendu kooperatibistaren inguruan zegoen meriturik handiena."

Munduan zehar ibili zarenean izan duzu loturarik kooperatibekin?

Munduko hainbat txokotako kooperatibetako langileekin izan dut harremana, toki askotan berreskuratu dituztelako fabrikak edo sortu dituztelako liburutegiak eta argitaletxeak. Lehen esan moduan, autogestioaren bidez egiten dut lan, eta, beraz, niretzako funtsezkoa da kooperatibismoa gizartea aldatzeko, eredu alternatiboak antolatzeko.

MONDRAGON Korporazioari dagokionez, ez dut izan loturarik, baina bai anekdota bat: orain gutxi Uruguain izan naiz Filtroko sarraskiaren urteurrenaren harira, eta Pepe Mujicarekin biltzeko aukera izan dut. Bada, MONDRAGONen kooperatiben inguruan galdetu zidan, ea zer moduz zihoazen, eta esan zidan hura zela mundu osoan mugimendu kooperatibistaren inguruan zegoen meriturik handiena. Azaldu zidanagatik, oso interesatuta egon da beti Euskal Herriko mugimendu kooperatiboarekin.

Fermin2.jpg

Argazkilaria: Gertrud Vogler.

40 urte hauek hainbat toki ezagutu eta beste hainbeste proiektutan lan egiteko aukera eman dizute, baina erakutsi? Zer erakutsi dizute?

Gauza asko, baina irakaspen bat hautatu beharko banu, kultur aniztasunarekiko errespetua esango nuke dela irakaspenik handiena. Niretzako munduko gauzarik ederrena da ezagutzen ez dudan toki batera iritsi eta bertako kulturan murgiltzea, eta urteen poderioz ikasi dut hori baloratzen eta maitatzen.

Datozen urteei begira, zer duzu aurreikusita?

Datorren urtean, apirilean, 62 urte beteko ditut, eta sekulako errespetua ematen dit, eszenatokian dena eman behar delako bi orduz. Printzipioz, datorren urteko urrira arte egongo naiz lanean; gero, hilabete batzuk beharko ditut atseden hartzeko; eta 2026an batek daki zer gertatuko den.