Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
“Pozik nago, gelditzeko asmoarekin!”
Bordelen (Frantzia) zortzi hilabete eman ostean, abentura berri baten bila etorri zen geurera, Bergarara zehazki, eta hortxe jaio da Djbrill berria. Hori da bere burua berrasmatzea, hori: euskaldundu egin da, lagun kuadrilla topatu du, DBH eta erdi mailako zikloa egin, lan “fijoa”… eta bizimodu baketsua! Baina ez pentsa, ez da erraza izan. Artean denetik egin du: kaleko saltzaile, txurrero, Gureak-en kableatuak egiten autoentzat; Auzo Lagunen bidez Aita Menniko sukaldean, Goiena egunkaria banatzen, sarrailak konpontzen, ateetako heldulekuak egiten, GKN enpresan, iturgin, baserriko lanetan… Eta orain Fagor Ederlanen ari da, eta martxoan urtebete egin du.
Bizitzaren etapa on batean zaude, ezta Djbrill?
Bai, gaur egun ondo. Hilero nire soldata daukat, asko edo gutxi, baina hilero. Independentea naiz, hiru urterako kontratua sinatuta Fagor Ederlanen, lagun asko dauzkat… eta lasai nago.
Nola iritsi zinen hona, gure artera?
Frantzian hilabete batzuk eman eta gero, Senegaleko lagun baten etxera etorri nintzen, berarekin bizitzera, Bergarara (Gipuzkoa), eta hemen lagunak egin nituen. EPAn (helduen heziketarako zentroa) eman nuen izena eta DBH titulua atera nuen, eta gaztelania eta euskara ere ikasi ditut. Erdi mailako zikloa egin dut, mekanizazioa, nahiz eta bi ikasgai gainditzeko dauzkadan. Baina aterako ditut, seguru!
Zelan izan da euskara ikasteko prozesu hori?
Bergarako euskaltegian bi urte eman nituen. Gainera, Bergaran euskara asko ikasi nuen, nire lagun kuadrilla bertakoa da eta haiek asko lagundu didate. Elkarrekin mendi bueltak egin ditugu (Urbia, Aizkorri…), eta bestelako planak, adibidez, Reala ikustera Anoetara… Eta hilean behin biltzen ginen urtebetetzeak ospatzeko, afariak txandaka eginda. Eta beti euskaraz!! Konturatu naiz Euskal Herriko leku askotan euskara asko egiten dela: Gernikan, Mutrikun, Bergaran, Azpetian, Azkoitian, Oñatin…
Ondo ezagutzen duzu zuk Euskal Herria, ezta?
Leku askotan egon naiz, bai, azokatan… eta jaietan.
Ikusten dut zure lagun sarea inportantea dela zuretzat…
Lagunak inportanteak dira, bai. Dirua joan eta etorri egiten da; lagunak beti lagun.
Hemen gelditzeko asmoa?
Nire asmoa ez zen hemen gelditzea. Lana neukan Senegalen eta eszedentzian nengoen, baina azkenean erabakia aldatu dut. Pozik nago hemen eta, beraz, hemen gelditzeko asmoa daukat!
Zer ikusten duzu, ba, hemen gelditzeko?
Batetik, jendea oso naturala da, pertsona onak, eskuzabalak. Bestetik, segurtasun aldetik oso ondo zaudete. Afrikan gauean kontu handiarekin ibili behar duzu.
Bestalde, hemengo familietan aitak, amak eta seme-alabek banku txartela daukate; Afrikan ez, bada jende asko ez daukana ezer. Eta lana egiten baduzu, irabazten duzuna banatu egin behar duzu etxean: aita, ama, familia… Hemen, dirua badaukazu, zuretzat da, zure gastuei aurre egiteko. Diferente bizimodua!
Hemen gizarte mailan ez dago herritarren arteko diferentzia handirik, maila berean zaudete. Afrikan, tarte hori, asko eta ezer ez daukatenen artean, izugarria da.
Fagor Ederlanen bazkide
Zelan Fagor Ederlanen?
Eskoriatzako (Gipuzkoa) lantegian nago, Akabera arloan, hiru errelebotan. Behinbehineko bazkidea naiz, hiru urterako. Iazko martxoan hasi nintzen eta gustura nago, bai. Lana oso fisikoa da, baina moldatzen naiz.
Ezagutzen zenituen kooperatibak?
Apur bat, Auzo Lagunen ere ibili naizelako. Nire lanpostutik ikusita, zerbait apurtzen bada, nire ardura da. Ezin dut esan “niri berdin jat”. Zaindu egin behar dugu gure lanpostua. Eta guztiok gara erantzule. “Akzionista” izatea moduan. Ondo!
Zorte on bidean!
Milesker. Momentuz, behintzat, lana daukat, etxea, lagunak eta bakea. Eta 5 urterako baimena hemen egoteko. Gero, gerokoak!