Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
“Pertsona geroz eta kooperatiboagoak egitearen propositoa berrartu behar da”
Posible al da, gure kooperatiben egungo errealitatean, bazkideen artean erantzukizunaren kultura hedatzeko baldintzak sortzea? Galdera horri erantzuteko azterketa egiten aritu dira azken hiru urteotan LANKI Kooperatibismoaren Ikertegian. Eta LANKI koadernoan bildu dituzte azterketaren nondik norakoak.
Kooperatibetako kezka nagusietako bat izan ohi da bazkideen erantzukizunarena eta hainbat ertzetatik heldu diote azterketan. Pertsonen erantzukizunaren kultura sustatzeko kontuan hartu behar diren erakunde-prozesuak ere identifikatu eta ezaugarritu dituzte.
Zein izan da azterketaren abiapuntua?
Kooperatibismoa, bere ezaugarriak direla-eta, eredu exijentea da bazkideen konpromisoari eta erantzukizunari dagokionez. Gaiari heltzeko gure abiapuntua da MONDRAGON taldeko kooperatibek estandar altua partekatzen dutela pertsonen konpromisoari eta erantzukizunari erreparatuz gero. Jokaera hori agerian uzten duten adibide asko eta asko daude.
Dena den, bazkide bati eska dakiokeen koherentziaren auziari heltzen badiogu disfuntzioak ere aurki ditzakegu. Horrek baieztatzen du kultura kooperatiboaren funtsezko dimentsio hau aztertu eta landu beharra. Gainera, ez da ahaztu behar pertsonek beren erantzukizunean sakontzeko testuinguruak sortzea, berez, kooperatiben oinarrizko helburua dela. Alde batetik, disfuntzio elementu batzuk ikusten dira, baina bestetik ikusten da indarrez berrartu behar dela betiko proposito hori, pertsona geroz eta kooperatiboagoak egitearena.
“Harremanetan jarri nahi izan ditugu pertsonek proiektu kooperatiboa aurrera ateratzeko duten erantzukizuna eta kooperatibek zein testuinguru eta baldintza sortu behar dituzten pertsonen artean erantzukizun kultura hori sakontzeko”
Lan ildo ezberdinetatik heldu diozu gaiari, ezta?
Harremanetan jarri nahi izan ditugu pertsonek proiektu kooperatiboa aurrera ateratzeko duten erantzukizuna eta kooperatibek zein testuinguru eta baldintza sortu behar dituzten pertsonen artean erantzukizun kultura hori sakontzeko. Bi elementu horiek elkar lotuta gaiari buruz sakontzen saiatu gara. Hala, hiru lan ildo nagusi izan ditugu: Erantzukizunaren dimentsioak paradigma kooperatiboan dituen oinarriak aztertzea; Bazkidearen jokabide arduratsu baterako pautak identifikatzea eta ezaugarritzea; Kooperatibako pertsonen artean erantzukizunaren kultura sustatzen duten erakunde- baldintzak identifikatzea eta ezaugarritzea.
Lehen ildoari dagokionez, sumatzen genuen gaur egungo errelatoan erantzukizuna betebeharren logika batetik planteatzen dela ia bakarrik, baina bagenekien beste oinarri batzuk bazeudela paradigma kooperatiboan erantzukizuna kokatzeko. Kooperatibista beteranoekin egindako mintegi batean jabetu ginen proiektu kooperatiboari dimentsio dentalago bat gehitu behar zaiola, komunitatearen elkartasunaren dimentsioa, bestela kooperatibismo pobrea geratzen dela. Deskubrimendu interesgarria izan zen.
Bigarren lan ildoan erantzukizuna desglosatu dugu kooperatiben agendan gaur egun funtsezkoak diren lau elementu nagusitan: erantzukizuna enpresaren errentagarritasunarekiko; kooperatibaren finantzazioaren erronkarekiko; kooperatibaren garapen tekniko-teknologikoareiko; eta gobernantza on baterako. Zein izan daitezke erronka horriekiko bazkideen portaera zehatzak erantzukizun logikatik? Horiek identifikatu eta ezaugarritu ditugu.
Hirugarren lan ildoan kooperatibetan jarri dugu fokua: Zer jarri behar du kooperatibak erantzukidetasun kultura indartu ahal izateko? Hala, erakundeprozesuak identifikatu eta ezaugarritu ditugu, zazpi palankatan banatuta.
Kooperatibisten ikuspegi eta iritziak erabili dituzue proiektua garatzeko?
Elkarlana eta lankidetza izan dira proiektua garatzeko oinarria. MONDRAGONeko kooperatibetako pertsonekin egin ditugu elkarrizketa eta ko-kreazio saioak. Kooperatibista izandako jubilatuekin mintegi saioa egin genuen eta baita jardunaldiak ere Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartearekin. Esperientzia praktikoa duten 50 pertsona ingururen iritziak eta ekarpenak jaso ditugu lan hau osatzeko.
Behin koadernoa osatuta, ikasturte honetan ari gara ikerketan jasotakoen inguruko ondorioak jasotzen oinarrizko bazkide baten begiradatik. Horrekin osatzen joango gara koadernoan bildutakoak.
Zein zabalkunde emango diozue koadernoari?
Kooperatibetara zabalduko dugu. Izan ere, kooperatibetan oso erabilgarria izateko sortu dugu. Gai konplexua da eta hari ezberdinetatik heldu behar zaio. Lan honekin ikusarazi nahi dugu bide bat egiteko modua dagoela eta kooperatibei gai honen inguruan zerbait egiten lagundu nahi diegu, oso presente dagoen gaia baita.
Pertsonen erantzukizunaren kultura sustatzeko kontuan hartu behar diren erakunde-prozesuak
- Konfiantza sortzen duen gobernantza kooperatiboa. Zein baldintzatan sustatzen du gobernantza kooperatiboak bazkideen erantzukizun kultura?
- Informazioa eta komunikazioa. Ba al dago erantzukizuna elikatzen duen komunikazio eredu bat, hori egiten ez duen beste eredu batekin alderatuta? Zeintzuk dira bataren eta bestearen ezaugarri nagusiak?
- Proiektu partekatuaren lanketan parte hartzea. Badago modurik bazkideek proiektu partekatuaren lanketan duten parte hartzean sakontzeko?
- Hezkuntza kooperatiboa. Zein baldintzatan eta nola laguntzen du hezkuntza kooperatiboak bazkideen artean erantzukizunaren kultura hedatzen eta sakontzen?
- Lanaren antolaketa. Badaude bazkideen erantzukizuna elikatzen duten lan antolaketa ereduak?
- Lidergo kooperatiboa. Badago pertsonen erantzukizuna sustatzen duen lidergo estilo bat, hori egiten ez duen beste batekin alderatuta?
- Konpromiso sozialerako politika aktiboak. Dimentsio honetan jauzi kualitatibo bat emateak bazkideen pertenentzia sentimendua eta erantzukizunaren kultura indartu lezake?