Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
“Orbea kooperatibak irismen handiko argiak izan behar ditu, eta baditu”
Orbea hitzarekin Euskadin pisu industrial handienetakoa duen marka bat izendatzen ari gara; eta Eibar eta Mallabia izenak aipatzea denboran barrenako bidaia bat da, ezinbestekoa ulertzeko nolako ibilbidea egin duen MONDRAGON Korporazioko bizikletagile berezi honek eta nola bihurtu den erreferentziazko enpresa bat Europan eta Estatu Batuetan, bere produktuen kalitateagatik eta berezitasunagatik. Produktu horiek Euskadin eta Portugalen muntatzen ditu eta zortzi herrialdetan dituen filialen bitartez banatzen ditu.
Berrikuntzaren eta garaietara egokitzeko gaitasun izugarri baten paradigma den aldetik (gogoratu kooperatibak 180 urte beteko dituela aurki), Orbeak buru-belarri lanean jarraitzen du krisiaren eta ziurgabetasunaren erdian ere. Gaur egun 300 lagun ditu plantillan, eta ez du abiatu ez espedienterik ez neurri traumatikorik; bestalde, finantza aldetik jakin du krisiaren zartakoari eusten, beti izan duelako aurrezkiaren kultura, Jon Fernández zuzendari orokorrak atseginez azpimarratzen duen bezala.
Duela gutxi eman zenituzten datozen urteetarako fakturazio, salmenta eta hazkunde datuak, eta oso aurreikuspen baikorrak ziren, baina dena jarri da hankaz gora… Eta orain zer?
Orain lasai egoteko ordua dugu, ezin dugu erreakzioz jokatu; ezer egin aurretik ongi eta sakon (baina ez luze) aztertu behar dugu nola eragingo dion egokiera honek egoera ekonomiko orokorrari eta, bereziki, gure industriari, eta zehaztu behar ditugu etorkizuneko eszenatoki horretan izan nahi dugun posizioa eta gure ekintza-planak. Baina, batez ere, une honetan gure proiektuan eta epe ertain-luzeko ikuspegian zentratu beharra daukagu. Hori ez du aldatuko Covid-19ak, beharbada atzeratu egingo digu helburuen lorpena baina ez du aldatuko gure fokua.
Aztertu duzue zein litzatekeen Orbearentzako eszenatoki okerrena datozen hilabeteetan? Eta, hala bada, zer egingo duzue?
Esango nuke aztertu dugula, bestela beranduegi litzateke ezer egiteko. Beti izaten da lehen fase bat inpaktuari eusteko, nolabait esateko. Kontuan izan dezagun gure merkatu natural guztiak (Europa eta AEBak) kolpez itxi zaizkigula eta, ondorioz, ia ez dugula izan aukerarik bizikleta bakar bat bidaltzeko, ez eta fakturatzeko. Epe laburreko euste-planak egin ditugu, prozesuak ezarriz gure langileen osasuna bermatzeko eta gure salmenta-planak berriz dimentsionatzeko (%-25), eta finantzaketa gehiago bilatzeko pausoak eman ditugu merkatuen itxierak ekarri duen fakturazio beherakada arintzeko. Aldi berean gure banatzaileei lagunduz eta telelan politikak finkatuz.
Epe luzeko ikuspegi hori konpainiaren DNAn dago, beti ahalegindu baita aurrezkiaren eta inbertsioaren aldeko kultura mantentzen; hortaz, esan liteke horiek direla zuen egungo egoera sostengarriaren giltzarriak?
Gaur egin eta lortuko dugun guztia azken bost urteotan erabaki eta egin dugunaren ondorio da. Airoso aterako gara egoera honetatik, ez daukat dudarik, baina ziur nago azken urteetako erabakiei esker lortuko dugula onik ateratzea. Orbea kooperatiba bat denez, irismen handiko argiak izan behar ditu, eta baditu. Hau da, gure erabakiekin lortu nahi duguna da gure proiektuak iraun dezala urteetan, ongi jakinik beti ere gure kooperatiba ondare bat dela eta belaunaldi berriei utzi behar diegula guk jasotzean zituen baino baldintza hobeetan. Horregatik, ez diogu begiratzen bakarrik urtez urteko emaitzen kontuari, orobat saiatzen gara gure adierazle ekonomiko eta finantzarioak izan daitezela bikainak, eta horretarako batzuetan emaitzak sakrifikatu behar izaten dira. Hots, epe luzeko proiektu baterako lan egiten dugu, eta ez hurrengo urteko EBITDAri begira. Horri esker gauza izan gara oso enpresa sendo eta saneatu bat eraikitzeko, estres proba latzenetatik ere aise ateratzeko gai dena.
Egunotan hitzetik hortzera darabiltzagu elkartasuna, lan kolaboratiboa, norberak duen onena ematea… Uste duzu kooperatiba izatea beste enpresa eredu bat izatea baino lagungarriago izango dela ziurgabetasun garai hau bukatzen denean?
Ez nuke adeigabea izan nahi, baina iruditzen zait krisi garaietan baino ez dela hitz egiten kooperatibismoaz. Kooperatibismoa kudeaketa-eredu bat da, kapitalismoak ez bezala, lanaren indarra lehenesten duena kapitalaren gainetik eta sortzen duen aberastasunaren banaketa justuago batean sinesten duena. Kooperatibetan pertsonek hartzen dituzte erabakiak laneko bazkide diren neurrian, eta ez enpresaren kapitalean duten parte-hartzearen arabera. Kooperatibismoaren ereduak galerak sozializatzen ditu (halakorik balego), baina hori baino garrantzitsuago dena, aberastasuna sortu nahi du ingurunean sozializatzeko helburuarekin. Horregatik, aipatu behar litzateke zer ondorio dituen ingurune kooperatiboentzat enpresa kooperatibo batek emaitzen kontu bikaina izateak edo enpresa kapitalista batek emaitzen kontu bera izateak.
Orduan, uste duzu kooperatiba izateak plus bat ematen dizuela…
Jakina baietz. Kooperatiba izatea lagungarri da. Ikasi dugu horrelako mendateak hobeto igotzen direla taldean, tokatzen denean erreleboak emanaz eta demarrajeak saihestuz, inor atzean utzi gabe. Horixe da lortu behar duguna.
Berriz ere epe labur-ertaineko eszenatoki batera itzuliz, badirudi ibilgailu pribatuaren sektoreak gora egingo duela, beharbada jende pilaketak eta kutsatzeak saihesteko… Uste duzu antzeko zerbait gerta litekeela bizikletekin?
Baietz esango nuke. Badirudi gure industriaren etorkizuneko eszenatokiak baikorrak direla. Gainera, denok dakigu txirrindularitza oso ongi doala kirol arloan, eta badirudi bizikletak lortuko duela dagokion tokia hiriko mugikortasunaren esparruan ere. Gutxienez hori ondoriozta liteke azken egunotan entzun ditugun adierazpenetatik. Baina ikusi beharko da mezu horiekin batera baliabideak iristen diren, hiriko bideak egokitu eta joan-etorri seguruak egin ahal izateko.
Zure ustez zer ikasi behar genuke krisi honetatik?
Krisi honek aurpegi asko ditu, eta irakaspen batzuk ere atera ditugu. Gure kasuan, hainbat lezio jaso ditugu. Antolakundeek beti egon behar dute “etxekoengandik” hurbil eta, kasu honetan, “etxekoak” dira langileak, bezeroak, erabiltzaileak, hornitzaileak… Denen testuinguruak ulertu behar ditugu, eta baita beldurrak ere. Antolakunde batek ez badu egitura malgurik eta ez badu erabakiak azkar hartzeko prozesurik, asko sufrituko du etorkizunean. Baliteke gaur baliozkoa den erabaki batek bihar ezertarako balio ez izatea. Zentzu horretan, telelanak ez du zertan esan nahi koordinazioa eta eraginkortasuna galduko direnik. Gure kasuan, behinik behin, esan dezaket oso ongi koordinatu garela urrunetik.
Elkarrizketa orijinala hemen argitaratu da: https://www.spri.eus/