“MONDRAGONen zatitxo bat gara Mexikon”

Arturo Alvaradok (Pachuca, Hildalgo; Mexiko, 1985), nahiz eta gaztea izan, 10 urte bete ditu Universidad Mondragón México gidatzen. Industria antolakuntzan ingeniaria eta Marketingean espezializatutako administrazioan masterduna (TEC de Monterey), etorkizunera ilusioz eta hazteko asmoz proiektatzen den proiektu gazte, fresko eta bizi honen lidergoa darama.
Card image cap
2025/01/14

Distantziak gorabehera esan daiteke munduko mutur honetan (Querétaro, Mexiko) MONDRAGONeko eredua nolabait kopiatzen ari dela: hezkuntza proiektu bat, hainbat enpresa, interkooperazioa eta inpaktua ingurunean. Oraindik gaztea bada ere, proiektu handi bat bilakatzeko zantzuak ditu. Unibertsitatea ardatz garrantzitsua da abentura horretan, eta errektorea, Arturo Alvarado, oinarrizko piezatako bat.

On aurpegia dauka eta modu atseginean jarduten du beti, beti modu egokian hartzen zaitu eta oso enpatikoa da. Euskal sustraiak ditu, “Ancestry-ren azterketaren arabera, nire DNAren %18 euskalduna da, nire birraitonetako bat Espainiako Gerratik etorritako euskaldun etorkina”, 2021ean ezkondua, “eta nire etxea alaitzen duten bi katu ditut”. Bere zaletasunen artean daude sukaldaritza, zinema, saiakera genero literarioa, ardoa, geopolitika eta ekonomia soziala. Solasaldiari hasiera emango diogu.

Hasteko, kontatu ahal diguzu labur nola sortu zen Universidad Mondragón México (UMx) proiektua?

MLAKOOPeko (lehen Alecop) ekintzaileak Mondragon Unibertsitatearekin eta MONDRAGONekin batu ziren Mondragón Educación Internacional (MEI) martxan jartzeko. Bere helburua zen MONDRAGONen estiloa duen hezkuntza beste herrialde batzuetara esportatzea. Nabarmendu nahiko nituzke MLAKOOPeko José Antonio Yeregui eta Iñaki Pagonabarraga, proiektu honen bultzatzaile nagusienak izan zirelako; eta baita Iosu Zabala, MONDRAGONeko Javier Sotilen laguntzarekin, MEI sortzeko bisioa eta ausardia izan zuelako.

Kolonbian hasi zen gure gutxiengo partaidetzarekin; eta une horretan ohartu ginen guk kontrola ez genuenez eraikitzen ari zenak MONDRAGONen antz gutxi zeukala. Esperientziatik ikasita, 2013an UCO (Universidad Contemporánea) erosi zen, Querétaro-n oso ezaguna eta maitatua, baina gainbeheran zegoena (400 ikaslerekin erosi genuen). Ni 2014an heldu nintzen, berau MONDRAGONekoagoa bilakatzeko erronkarekin, eta gure esentziari lotutako hezkuntza eredutik abiatuta Latinoamerikako errealitate eta beharretara egokitu dadin; horrez gain, nahi izan dugu finantza bideragarritasuna eta etorkizun oparoa ematea hemen eta han.

Eta zein da gaur egungo UMx-en argazkia?

UMx ari da 2024a bukatzen 3.000 ikaslerekin; 21 unibertsitate gradutan banatuta daude eta horien heren bat baino gehiago ingenieritzakoak dira; 14 master programa 400 ikaslerekin; urte bukaeran 600 ikasle dituzten batxilergoko bi programa; eta 2020an abiatutako hezkuntza berrikuntzako lehen doktorego programa. Horiez gain, dagoeneko, 2024an, gure gelatatik diziplina desberdinetako 9.300 profesional pasa dira ikastaro motz, tailer, diplomatura eta ziurtapen programak egitera. Horiek guztiak txandakatze eta enplegagarritasun hitzarmenak ditugun 200 enpresetatik eratorriak.

“UMxen ia 3.000 ikasle ditugu gure hezkuntza eskaintzan, eta horiei gehitu behar zaizkie 2024an gure ikasgeletatik igaro diren 9.300 profesionala”

Eta Mexiko erdian kokatuta dago, ezta?

Querétaron kokatuta gaude, non badiren MONDRAGONeko sei empresa: Fagor Arrasate, Fagor Automation, Mondragon Assembly, Eika, Matz Erreka (Erreka Plásticos eta Erreka Accesos), orain gutxi Danobat, eta oso hurbil, Celayan, Ecenarro. 50.000 m2ko eraikin propio batean gaude, gaur egun eraikitako 18.000 m2ko azpiegiturarekin eta etorkizuneko garapenetarako beste 15.000 m2 ditugu.

2024an 10 milioi eurotik gora fakturatu genuen eta 2025erako fakturazioan %20tik gora haztea aurreikusten dugu. Hori guztia gobernuen laguntzarik gabe, Mexikon %100 matrikuletatik jasotakotik eusten delako.

Zer balio bereizgarri dauka UMx-ek Mexikoko bestelako hezkuntza eskaintzekin alderatuta?

Badira ikasleek nabarmendu eta balioan jartzen dituzten hiru gauza. Batetik, eredu duala, ikasketa programa guztietan txertatutako alternantzian dagoena. UMx-ean ikasketak amaitu orduko, ikasleek bi urtetako benetako esperientzia dute edo haien enpresa propioa sortua benetako fakturazio helburuekin (%15ek bigarren aukeraren alde egiten du).

Bestalde, bataz bestekoa baino nazioarteratze handiagoa dute. Guztiek egonaldi laburrak egiten dituzte, txartela matrikularen prezioaren barne dago, eta gero eta gehiago dira udako eta seihileko egonaldiak Amerikan eta Europan egiten dituztenak (2024an %12k egonaldi luze bat egin zuen); aldiz, Mexikoko lau urtetako ikasketen bataz besteko mugikortasuna %4koa da.

Bukatzeko, eredu askoz pragmatikoagoa dute, irakaslegoari taldean lan egitera derrigortzen dioten zeharkako proiektuekin; eta gradu bukaerako proiektuarekin, Mondragon Unibertsitatearen eredukoa dena.

“UMx MONDRAGONeko enpresentzat urteak igaro ahala areagotuko diren talentu arrakalak murrizteko aukera nagusia izatea nahi dugu”

Zein erakundek osatzen dituzte gaur egun UMx-en organoak?

UMx-en %80 MEIk dauka; hau da, MLAKOOP, Mondragon Unibertsitateak eta MONDRAGONek; eta gainontzeko %80 Caja Popular Mexicanak, Amerika Latinako kooperatiba handiena eta Mexikoko ekonomia sozialeko erreferentzia da.

Captura de pantalla 2025-01-14 a las 16.25.37.png

Interkooperazioa

Baduzue zuen inguruan kokatuta dauden kooperatiben filialekin interkooperazio helburu zehatzik?

Horietako gehienekin lan plangintza iraunkorra daukagu; ia guztiak Querétaron, Leónen eta San Luisen daude (bi orduko distantzia edozein noranzkotan). 2025etik aurrera harremanak estutzen eta proiektuak sustatzen jarraitu eta Taldeko enpresa guztien zerbitzura jarrita, Euskaditik kanpo ere konfiantza gunea bilakatuta, UMx MONDRAGONeko zatitxo bat izatea nahi dugu.

“Gure helburua da, taldeko enpresa guztien zerbitzura jarrita, Euskaditik kanpo ere konfiantza gunea bilakatuta, UMx MONDRAGONeko zatitxo bat izatea”

Europa zahartuz doa eta talentuaren kudeaketa gai estrategikoa da. UMx-ek badauka plan zehatzik horren inguruan?

Ez gara eta ez dugu unibertsitate korporatibo bat izan nahi, baina UMx ekonomia, hezkuntza eta giza arloetan proiektu bideragarria izateaz gain, MONDRAGONeko enpresentzat urteak igaro ahala areagotuko diren talentu arrakalak murrizteko aukera nagusia izatea nahi dugu.

Gaur egun Mondragon Unibertsitatearen eskutik lanean gaude Euskadiko unibertsitate masterretara ikasleak bidaltzeko, guztira lortu dugu Latinoamerikako 40 gazte Mondragon Unibertsitatera bidaltzea. Ikasleak joan dira Kolonbiatik, Boliviatik, Ekuadorretik, Argentinatik, Perútik eta Mexikoko 20 bat unibertsitatetik. 2025etik aurrera sustatu nahi dugu gazte gehiagok master duala egitea eta Mexikoko ikasleek, batez ere UMx-ekoek, graduak iraun bitartean Mondragon Unibertsitatean egonaldi luzea egitea.

MLAKOOPekin (2024an bazkide gisa batu naizen kooperatiba) batera lanean dihardugu enpresetarako, batez ere MONDRAGONerako, prestatuta dauden profesionalak erakartzeko; eta orain jomuga da etorkizunean talentuaren migrazio natural saihestezintzat ikusten dugun egoera horretarako zubiak eraikiko dituzten esperientzia esanguratsu eta gogobetegarriak izaten hastea. Enpaste kulturalari, zintzotasunari, balioei eta bizi itxaropenari asko erreparatzen diegu. Profesional handiez gain, kolektiboari modu positiboan aberastuko duten eta bertan geratzearen aldeko apustua egingo duten pertsonak behar ditugu.

“UMx-ek dohaintzan 35.000 metro karratuko lurzoru bat jaso du Leónen, Guajanaton, 2028an unibertsitate campus bat hasteko konpromisoarekin”

Zer da zuretzat Esperientzia Kooperatiboa?

Mirari bat, ikusgarritasun handia duen balio ukaezina, funtzionatzen duen eta ondo eusten dion eredua eta halako arrakasta izateko lan egin eta sinisten duten hainbat pertsona baliotsu. MONDRAGONeko Esperientzia Kooperatiboa gero eta jasangaitzagoak diren kapital pilaketekin eta desberdintasunekin zatika kontsumitu nahi gaituen mundu arrotz honetan argi izpia da.

Bada, baita ere, giza izaeraren adibide ederra ikustea nola testuinguru pribilegiatu bat ez den askotan horrelakotzat hartzen egunero ikusten dugulako; eta, baita ere, beste norbait festara gehituz gero pertsonen arteko arazoak egon ohi direla eta egongo direla, baina desberdintasuna arazo motatan dago. Nik uste MONDRAGONen izan ditzakegula desberdintasunak gauzak egiteko moduan, baina kidetasun handia daukagu zer egin eta zertarako egiten dugun horretan.

Captura de pantalla 2025-01-14 a las 16.26.10.png

UMx-en bigarren campusa, Guajanaton

Etorkizuneko planik? Etorkizunerako proiekzio ariketa bat egin dezakezu eta irudikatu UMx 2030ean?

Bosturteko honetan UMx-ek aurreko urteetako pareko helburu garrantzitsuak ditu; hala nola, Queretaron 5.500 ikasleetara heltzea (hazkunde handiena ingenieritzan aurreikusten da) eta horiei guztiei lekua egiteko 10.000 metro karratuko azpiegitura gehigarria eraikitzea. Ingenieritza laborategiak indartzea, eta bi doktorego programa garatzea: 2026rako prestatzen gabiltzan Ekonomia Sozialeko bat, eta 2028rako aurreikusitako Manufaktura Aurreratukoa. Ez dugu uste gradu kopuruan haziko garenik, ingenieritzan izan ezik, baina bai haziko gara nabarmen ikasleek graduaren barruan egin ahal izango duten konfigurazio eta malgutasunean.

Dakigunez, duela gutxi, Gujanaton bigarren campus bat eraikitzeko lurzoruen lagapen bat izan da. Proiektu horren inguruko zehaztasun gehiago eman ahal dizkiguzu?

UMx-ek dohaintzan 35.000 metro karratuko lurzoru bat jaso du Leónen, Guajanaton, 2028an unibertsitate campus bat hasteko konpromisoarekin. Posgraduekin hasiko gara, eta ondoren unibertsitatea eta batxilergoa.

León Querétarotik bi ordutara dago eta bi miloi pertsonako hiria da, potentzial handikoa, automozio, ehun eta makineria industria indartsua dauka, eta bertan daude kokatuta Cikautxo-ren bi planta, 900 bat langilerekin. Hiri horretan dago, baita ere, Caja Popular Mexicana-ren zentro korporatiboa; hortaz, gure bazkide mexikarren babesean gaude.

“MONDRAGONen kamiseta tatuatuta daukagu”

Zer da zuretzat proiektu honen gidari izatea?

Nire bizitza profesionaleko pribilegio handiena da eta espero dut 26 urtetan erretiratzen naizenean MONDRAGON eta Latinoamerika lotuko dituen zubi sendo bat ondo eraikita uztea; izan ere, Mexikoko gizartean enpresa egiteko modu desberdin bat ekarri du.

Zer eramango zenuke MONDRAGONetik UMXra?

Eraman dugu proiektuari jarritako lehentasuna, argitasuna eta zintzotasuna gai guztiak mahai gainean lantzeko; eta baita ere kooperatibista izateak berorrekin dakarren legatuaren zentzua eta erantzukizuna. Giza kolektiboen gaur egungo eta etorkizuneko ondasunen administratzaileak gara; erantzukizun hori baikortasunarekin eta poztasunarekin bizi behar dugu.

Eta zer eramango zenuke UMxtik MONDRAGONera?

Porrotari beldurrik eza; horrekin ez dut esan nahi burugabea izatea, baina bai ordea kalkulatutako arriskuak eta neurtutako erronkak hartzea, ulertuta ekintzaletza ekintza ez guztiak ez direla lehenengoan arrakastatsuak izango, baina ekintzailetza lantzen ez baduzu, ez duzu ezer berririk egingo. Merezi duen horretan pixka bat gehiago arriskatzea eta maizago, urte honetako ustiapen kontua eta hemendik bost urtera artekoarekin pixka bat jolastu.

Ziur dagoeneko euskarazko hitz batzuk ezagutuko dituzula… Egunon, Gabón, Eskerrik asko… Hotel Mondragon-eko neskak oso jatorrak dira eta uneoro hitz berriak irakasten dizkidate, baita Idoia Mujikak ere. Kultura eta hizkuntza zaintzeko egiten den lana oso garrantzitsua iruditzen zait, hurrengo belaunaldietarako balioa da. Nahiago nuke Mexikon bisio hori izan bagenu.

Euskaditik joanda UMx bisitatzen duten guztiak oso iritzi onarekin bueltatzen dira. Zergatik uste duzu?

Uste dut dela negozio bat baino gehiago delako, hemengo taldean MONDRAGONeko kamiseta tatuatuta daukagu. Uste dugu lanak gizakia duintzen duela eta enpresak gizarteari on egin ahal dakiokela. Eta jakin badakigu enpresak on egin dezan enpresa zaindu eta jaten eman behar zaiola, eta enpresa hori zentzu handienean MONDRAGON da. Bestalde, uste dut bata bestearekiko balorazioa bera dela. Mexikoko jende askok Euskadira bidaiatzen du, eta txundituta bueltatzen dira bertakoen samurtasun, profesionalitate eta guk euskal borondate on bezala definitzen dugunarekin.

Euskadira sarri etortzen zara? Noiz etorriko zara hurrengo?

2025ean Mexikoko diputatuen ordezkaritza bat laguntzera joango naiz; Kongresuko Ekonomia Sozialeko Batzordeko kideak dira.Batzorde horrekin Mexikoko legean Lan Elkartuko Kooperatibaren figura txertatzeko ahaleginean gabiltza; modu horretan, gure ikasleek MONDRAGONetik hurbilago dagoen eredu batekin ekintzailetasuna landu ahal izango lukete.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa