Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
“MONDRAGONen ideia eta pertsonen aldeko apustua gustatzen zaizkit”
Hitz egin iezaguzu zure ibilbideaz.
Faurecian hasi nintzen, automobilgintzaren sektorean, eta esperientziak asko ikasteko balio izan zidan, erantzukizunak hartzeko eta errealitate ezberdinak ezagutzeko: Txinan, Brasilen, proiektu ezberdinak martxan jarri genituen. Asko ikasi nuen. Ondoren, Cinfa laborategietara egin nuen jauzia, erantzukizun handiko lanpostu batean, eta instalazioaren egokitzapena zuzentzeko erronka hartu nuen; ekoizpen-lanetan, kalitate-kudeaketan, mantentze-lanetan, plangintzan, prebentzioan, ingurumenean eta ingeniaritzan, 150 pertsona inguruko taldearekin. Oso emaitza onak lortu genituen, eta, horren ostean, Ollokiko lantegia martxan jartzeko prozesua gidatzea egokitu zitzaidan. Bertan, erronka are handiagoei aurre egiteko aukera izan nuen, eta hiru produkzio-gune eta 400 pertsona inguru gidatu nituen. Cinfaren ondoren, Gipuzkoako enpresa bioteknologiko txiki batean aritu nintzen, eta orain, 24 urteko esperientziaren ondoren, hainbat enpresa-proiektutan murgilduta ibilita, MONDRAGON bezalako Korporazio handi batean integratuta dagoen kooperatiba batean izan dudan lehen esperientziaren aurrean nago.
Zeintzuk dira zure bertuteak?
Oso harro nago proiektu desberdinak sortu ditudalako, horiek bultzatu ditugulako eta beti taldean lan egin dudalako. Bereziki harro nago lantaldeak zuzendu ditudalako, eta guztion artean gauza dotoreak egin ditugulako. Ona naizela uste dut giza harremanetan. Azkenean, enpresa helburu komun baten alde lan egiten duen pertsona-taldea da. Zentzu horretan esango nuke ingeniari berezia naizela.
Zer dakizu kooperatibari buruz?
Embega da nire lehen esperientzia kooperatiba batean. Badakit eredu desberdina dela eta uste dut oinarri filosofiko batzuk beste esperientzia batzuetan landu ditudala: proiektu jasangarria da, pertsonak erdigunean jartzen dituena, beren oraina eta etorkizuna erabakitzen duten kolektiboengan oinarrituta. Hasieratik nabaritu dut guztiek (kolektiboak) konpainiaren emaitzetan parte hartzen dutela. Konpromiso-maila handiagoa da hemen.
Zer espero duzu etapa profesional berri honetatik?
Maila profesionalean, merkatu eta sektore berriak esploratu nahi nituzke, osasun-sektorean dibertsifikatu, oso sektore zaila, teknologikoki aurreratua, oso babestua eta pixka bat endogamikoa bada ere.
“Embega da nire lehen esperientzia kooperatiba batean. Badakit eredu desberdina dela eta uste dut oinarri filosofiko batzuk beste esperientzia batzuetan landu ditudala: proiektu jasangarria da, pertsonak erdigunean jartzen dituena, beren oraina eta etorkizuna erabakitzen duten kolektiboengan oinarrituta”
Etorkizuneko klabean lanean hasteko astirik izan al duzu?
Datozen hilabeteotan Embegak bere plan estrategiko berria zehaztuko du, eta plan horrek, neurri handi batean, heldu beharreko erronkak eta ibilbide-orria finkatuko ditu. Oraindik ez gara hasi, baina ideiak oso argi daude.
Harritu zaitu zerbaitek?
Oro har, edozein arazoren aurrean jarrera positiboa izateak harritu nau bereziki. Embegan arazoa aukera bilakatzen dute. Gainera, lehen esan dudan bezala, oro har oso inplikazio handia dago. Izugarri gustatzen zait makina baten aurrean dagoenaren erabateko inplikazioa.
MODRAGON korporazioa ezagutzen zenuen?
Inoiz ez dut taldeko enpresa batean lan egin, baina hainbat kooperatibarekin harremana izan dut. Cinfan egon nintzenean, Fagor Healthcare-ekin lan egiteko aukera izan nuen sendagaiak dosifikatzeko sistema baten garapenean. Ikusi nuenagatik eta ezagutzen dudanagatik, uste dut ondo egokitu naitekeela MONDRAGONen eredura. Bere ideia gustatzen zait eta pertsonen aldeko apustua egiten du. Apustu horrek eramango gaitu emaitzarik onenetara eta modu jasangarrian.
Beste zerbait gehitu nahi duzu?
Nire kide berriei esan nahi diet pertsona normala naizela, ez inor baino azkarragoa, ez tentelagoa. Pazientzia ere eskatzen diet. Maila teknikoan hobetzen jarraitu nahi dut, eta jakin badakit oraindik asko daukadala ikasteko. Pertsonak eta, jakina, prozesuak ezagutu nahi ditut. Halaber, eskerrak eman nahi dizkiot Aitorri (aurreko zuzendari industrialari), gardentasuna, apaltasuna eta kooperatibarekiko konpromisoa erakutsi dituelako. Erronkari arrakastaz aurre egin diezaiodan funtsezko informazioa helarazi dit.
Kate motzean
Aitortu daitekeen bizioa:
Nire emaztea Alicia eta nire seme-alabak Marco (15) eta Ane (11 urte). Familiari ahalik eta denbora gehien eskaintzen saiatzen naiz.
Hobby bat:
Euli-arrantza eta mendian paseatzea maite ditut. Onddoen bila joatea ere gustatzen zait. Bide batez, denboraldi betean gaude.
Galtzeko leku bat:
Irati eta Leitzaran ibaiak, Andoaindik gertu azken hau.
Itsasoa edo mendia:
Aragoiko Pirinioak maite ditut.
Kirola:
Eskiatzailea izan naiz eta eskubaloian jokatu dut San Antonioko harrobian, nahiz eta lesio baten ondorioz nire ibilbidearekin goizegi amaitu behar izan nuen.
Irakurtzea gustuko duzu?
Nobela historikoa gustatzen zait udarako. Ikasturtean zehar beste liburu mota batzuk irakurtzen ditut, nire jarduerarekin lotura handiagoa dutenak: lidergo-liburuak, enpresakudeaketakoak...
Nafar peto-petoa zarenez, gastronomia gustatuko zaizu:
Izugarri gustatzen zait sukaldean aritzea, elkarte gastronomiko bateko bazkidea naiz, “Kasino Berrikoa”, Gazteluko plaza erdian, non San Fermin egun guztietan abarka-dantza egiten den. Txuletoia gustatzen zaidala esan beharko nuke, baina haragi arroza edo ajoarrieroa gustatzen zaizkit. Embegako bazkari asko egin ahal izatea espero dut nire elkartean.