“MONDRAGON etorkizuna da eta lankidetzarako irekia dago”

Pello Rodriguezek MONDRAGONen etorkizuneko asmoak kontatzeko eta proiektu kooperatiboa, bere osotasunean, sakonago ezagutzera emateko aprobetxatu du gaur Tribuna Euskadik Bilbon eskaini dion tartea.
Card image cap
2025/03/18

Ia 200 lagun bertaratu dira gosari informatibora, Arteche taldeko zuzendari nagusi Alex Artetxek egin dio aurkezpena, eta MONDRAGONeko presidenteak Korporazioaren egungo argazkia eginaz abiatu du bere hitzaldia.

Errotutako proiektu sendo bat azaleratu du Rodriguezek: “11.200M€ko fakturazioarekin itxi du MONDRAGONek 2024. urtea, 70.500 enplegu, 7.500M€ko aktiboak LagunAron, 2.000 ikertzaile baino gehiago lanean eta 30 startup-etan inbertsioak ditugu. MONDRAGON etorkizuna da eta irekia da. Errotutako proiektu globala”

2025.03.18 Tribuna Euskadi  - Pello Rodriguez02.jpg

Errotzeaz hain zuzen ere mezu argia plazaratu du Pello Rodriguezek: “Kooperatiben jabeak gara, baina soilik aldi baterako, horregatik nahi diegu legatu bat utzi belaunaldi berriei. Gu kooperatiba gara, kooperatiba izaten jarraitu nahi dugu eta gizarteak behar gaituen horretan hartuko dugu parte; hala nola, iaz 40 milioi euroko ekarpenak egiten gizarteko erakundeei, edo, beti bezala, instituzioekin ere bai, Eusko Jaurlaritzaren Industriaren Defentsarako Foroan edo Finantzetarako Euskadiko Aliantzan parte hartuz. Eragile garrantzitsua garelako”.

Hitzaldiaren bigarren erdian negozioei begira jarri da Pello Rodriguez eta MONDRAGON erakunde irekia dela azpimarratu du: 

“MONDRAGON zabalik dago, enpresekin negozio berriei ekiteko eta gizarte erantzukizuna aintzat hartuta, beharrizanei erantzuteko ere bai; ONCE edo Gureak taldeekin ari garen bezala, edo Ekiolak sustatzen, energia beharrak kontuan dauzkagulako”.

Galderen txanda: gaurkotasuneko gaiak

Foru Ogasunek abiatutako erreforma fiskalaz galdetzean, Pello Rodriguezen hitzetan “lehiakortasunaren aldagaietako bat da, baina bestelako osagai batzuk ere sartzen dira jokoan, hala nola, absentismoa, talentua, ikerketa eta berrikuntzan egindako inbertsio ere. Fiskalitatea bezelaxe, beste aldagaiak ere zaindu behar dira. Gai hauetan adostasuna egotea ona da”.

Lan-absentismoaren inguruan, %7tik beherako ratioa du helburu MONDRAGONek (Euskal Autonomia Erkidegoan %9,7koa da): “Gure indarguneak baliatu nahi ditugu absentismoa jeisteko, lan-bazkide izatea lagungarri da batetik, eta bestetik, aitzindari gara zuzendaritza, langile, Osarten eta LagunAro elkarrekin lanean jarri eta programa pilotoak abiatzeko”.

Mondragon Unibertsitateak ere piztu du interesa, eta enpresa mundutik zein gertu dagoen nabarmendu du Pello Rodriguezek. “Unibertsitate dinamikoa da, momentuko beharrizanei erantzuteko gai dena. Uneoro daki zein perfil profesional behar diren eta formazio horietan jartzen du indarra”.

2025.03.18 Tribuna Euskadi  - Pello Rodriguez03.jpg

Bestalde, behin eta berriz agertu da MONDRAGONek jokatzen duen rola eta duen konpromisoa gizarte eraldaketarekiko: “Migratzaileen integrazioa da gaur egungo erronka handietako bat, eta aurreko esperientzietatik ikasita, MONDRAGONek aitzindari izan nahi du erronka horretan, gizarte eragile desberdinekin parte hartu eta alea jarri gure artera datozenei bizitza proiektu duina, lana ardatz duena, eskaintzeko”.

Etorritako guztiei eskerrak emanaz bukatu du, MONDRAGONeko presidenteak. Eta dei ere egin du: “Gogoan izan irekita gaudela, gizarteari erantzuteko prest. Badakizue non gauden”.