“Literaturan kooperazio-maila handiagoa behar dugu; oso literatura sektarioa izan dugu”

2022ko Euskadi Literatura Saria jaso du Irati Jimenez idazle mundakarrak ‘Begiak zabalduko zaizkizue’ saiakeragatik. Besteak beste, TUlankide aldizkariko erredakzio kontseiluko kide da Jimenez. Saiakeran landu dituen gaiez aritu gara harekin.
Card image cap
2023/01/03

Saiakerako Euskadi Saria jaso duzu, zorionak! Zer da zuretzat sari hau jasotzea?

Hasteko, sorpresa izan da. Bihotzez esan dezaket eta zintzotasunez, ez nuela espero besteak beste Euskadi Saria kritikatzen duen liburu batekin Euskadi Saria irabaztea. Ez da erraza esatea zein mailataraino izan den pozgarria eta zein mailataraino nagoen eskertuta liburu honek sari bat jaso izanaz, jakinda beste liburu hobeago batzuek ez dutela jaso. Sentsazio arraroa da baina oso esker oneko eta oso pozik nago.

Alde batetik, euskal literaturaren diagnostikoa egin duzu saiakera liburuan. Badakit zaila dela liburua laburtzea, baina aipatuko zeniguke arazo handienetako bat?

Nire ustez momentu baxuan gaude kreatibitatearen aldetik eta sistema osoa apur bat baxu dago, uste duguna baino gehiago. Hotz egiten duela esaten dut liburuan. Zurrunak gara euskaldunak; oskol edo azal oso ligor bat dugu eta barruan oso babestuta dagoen samurtasun bat dugu. Horrez gain, kooperazioa falta dela diot, umorea falta dela, entusiasmoa falta dela, laguntasuna falta dugula, berotasuna falta dugula, sentimendua… Edozeri esaten diogu sentimentalismo eta antisentimentalismoari eman diogu nagusitasun intelektuala. Berez txikia den literatura bat asko estutu dugu. Literatura asko falta zaigu egiteko, genero asko. Gauza oso gutxiri deitzen diogu literatura ona eta asko kanpoan lagatzen ditugu. Horrek blokeatu egiten du kreatibitatea. 

“Antisentimentalismoari eman diogu nagusitasun intelektuala”

Nola sendatu euskal literatura? Zein da antidotoa?

Liburuaren azken zatian “Zer egin daiteke?” galderari erantzuten saiatu naiz. Idaztea gehien kostatu zitzaidan zatia izan zen, nire buruari baimena eman behar izan niolako esateko “hemen nator ni errezeta batzuekin”. Adibidez, askotan aipatzen da kritika behar dugula edo onberegia dugula. Ez dut uste hori horrela denik. Ez dugu kritika onberegirik; ez dugu ondo egindako kritikarik. Bestetik, literaturan kooperazio-maila handiagoa behar dugu; oso literatura sektarioa izan dugu. MONDRAGON bera eta gure sistema kooperatiboa jartzen ditut adibidetzat esateko euskaldunok kooperazioan gauza handiak lortu ditugula, munduko liderrak izateraino zenbait arlotan. 

Falta zaigu, baita ere, generoak ez jartzea elkarren kontra. Ezta hobea izan behar Txillardegi Atxaga baino; Lauaxetak ez dauka zertan egon kontraesanean Lizardirekin, biak gustatu ahal zaizkizu edo bat ere ez. Kontrakotasun horiek guztiak dira literatura zer den ez ulertzea. Irakurle bakoitzak gauza asko irakurtzen ditu eta ez du zertan aukeratzen ibili behar. 

Literaturaren ezagutza ere falta zaigu, begirada feminista batetik gizartea begiratzea ere bai eta ez izatea gorrotorik ustez femeninoak diren gauza horiei guztiei: xamurtasuna, goxotasuna, laguntasuna, sentimenduak eta emozioak. Psikologikoki oso literatura pobrea egiten dugu askotan.

Umorea ere falta da. Irlandarren literaturarekin konparatzen dut gurea eta irlandarrek, oso herri txikia izanik, oso literatura garaia izan dute. Besteak beste, umorea izan dute euren burua ikusteko. 

Laguntasuna eta tratu ona ere aipatzen ditut. Elkar ondo tratatzea, idazleon artean eta baita irakurleak ere; etengabe esaten ditugu oso gauza itsusiak irakurleei buruz. Esaten dugu, adibidez, best seller-ak berez direla liburu txarrak horrek esplikatzen duelako zergatik irakurtzen diren asko. Beraz, esaten dugu jendea ergela dela. Hori oso gauza itsusia da gezurra izateaz gain. 

Arbasoekiko tratu ona ere aldarrikatzen dut. Iraganeko edozein idazle kontsideratzen dugu dagoeneko ez dela inor, ez dela balekoa, ez duela merezi irakurtzea, XVII. mendean bizi izan zelako eta izan zelako gu baino matxistagoa, gu baino patriarkalagoa edo abade bat. Horiek ez dira arrazoi literario balekoak inor literaturatik kentzeko, harik eta gutxiago gure literatura hain txiki eta berezi honetan eta dagoeneko nahikoa arerio dituen hizkuntzan.

Ez digute erakusten literatura irakurtzen?

Irakurtzea eta idaztea berez prozesu beraren bi parte dira. Uste dut ez zaigula bereziki ondo erakusten ez literatura ezta irakurtzea ere. Literaturara plazeretatik urrunduta sartzen gara askotan. Ikasten dugu, hasteko, dena hizkuntzan oinarrituta, literatura ahaztuta, plazerak ahaztuta, bi gauza ezberdin izango balira moduan. Bihotza bankuan utzita lan egiten du akademiak, horregatik ez du asmatzen askotan. Aurreiritzi asko mantentzen ditugu oso aspalditik eta ez ditugu gainetik kentzen. Adibidez, Txomin Agirreri buruz behin eta berriz galdetzen da zer den hobea, Kresala edo Garoa. Galdera apur bat absurdoa da, ez dira etorri elkarrekin lehiatzera. Aurreiritziak gainetik kentzea oso zaila da behin eta berriz gauza berberak ikasten ditugulako eta sentimendu horiek guztiak erditik kendu ditugulako. Eta pasiorik gabe, grinarik gabe, umearen ilusiorik gabe eta nerabearen euforiarik gabe oso zaila da literaturara hurbiltzea. Jende askok bizi du literatura erruduntasun gehiegirekin. Hau da, ez dute liburua bukatzen eta errudun sentitzen dira, eta utzi egiten diote irakurtzeari.

“Pasiorik gabe, grinarik gabe, umearen ilusiorik gabe eta nerabearen euforiarik gabe oso zaila da literaturara hurbiltzea

Batez ere kritika onak jasotako horiek ez baditugu bukatzen.

Liburu batek kritika onak jaso baditu eta denek esan badizute ona dela eta hasten bazara irakurtzen eta ez bazaizu gustatzen, askotan ez duzu errespetatuko ere ez zaizula gustatu. Pentsatuko duzu gustatu zaizula eta esan ere egingo duzu gustatu zaizula, sasi-bizitza bat bizi dugulako maila batean. Askotan egiten baduzu hori, gauza bat pasatzen da: utzi egingo diozu irakurtzeari. Baina gustatu bazaizu eta plazer iturri izan baldin bada, pena da hori galtzea. Horregatik idatzi nuen liburua, irakurleen burujabetza ariketa modu bat da. Horregatik dago Kixote azalean. Kixoteren prologoan ere Cervantesek esaten du, akaso inoiz idatzi den libururik bikainenean, irakurleei zuzenduta, horrelako zerbait: ez sinetsi liburu honi buruz nik esango dizuedana edo idazle batek bere liburuari buruz esango dizuena. Zuek zarete erabaki behar duzuenak liburu hau gustatzen zaizuen edo irakurriko duzuen. Ariketa hori egitea da irakurleak errespetatzea beraien soberanian, idazleek egin beharko genukeenaren lehenbiziko agindua, gure juramendu hipokratikoa. Hori egiten saiatu naiz, jendearengan berriro irakurzaletasunaren sua pizteko. Nire kezka handiena zen irakurleak galtzen ari garela, eta jarraitzen dut kezkatuta, irakurlerik gabe ez baitago literaturarik.

Saiakera hau irakurrita idazketa-prozesuaz ere zerbait ikasiko dugu?

Parte bat dibulgaziozkoa da. Inork ez digu irakasten idazten, denok uste dugulako badakigula. Jakin-jakin badakigu, alfabetatuak gaudelako, baina hortik literatura egitera jauzi bat dago. Idazten ikasteko esatea agian gehiegitxo da, baina nahiko nuke idazten dabilenari tresna batzuk eman eta are gehiago bereziki dagoeneko idazten ari denari bere prozesua baieztatzeko tresna batzuk ematea. Batzuetan ondo ari gara, inolako teoriarik gabe, orduan erraza da despistatzea edo zalantza gehiegi izatea eta zalantzen itsaso horretan galtzea. Horregatik nahi nuen iparrorratz bat egin eta espero dut baliogarri izango dela. 

“Nire kezka handiena zen irakurleak galtzen ari garela, eta jarraitzen dut kezkatuta, irakurlerik gabe ez baitago literaturarik.”

Urtebete bada dagoeneko saiakera kaleratu zenuela. Nolako kritikak jaso dituzu?

Egia esan, nire liburu guztien artean bitxiena izan da. Sistemari kritika egiten dion liburu bat izanda ez nuen espero sistemak gogo onez hartzea. Sariaz gain, pixkanaka etorri dira irakurleak eta, bereziki, idazleak. Gertatu da gertatu zitekeen gauzarik hunkigarriena: idazleek lagun baten ahotsa sentitu dutela, askotan hitz egin ez duten gauzei buruz hitz egiteko. Etorri zaizkit bereziki literatura honetan beteranoak diren eta asko miresten ditudan idazleak liburuaz hitz egitera eta liburuaren tonua eskertzera. Niretzat hori oso hunkigarria izan da.

Zein proiektu duzu orain esku artean?

Beti ematen du beldurra esateak, baina ipuin bilduma bat izan beharko lukeena dut eskuartean, narrazio liburu bat. Datorren urterako bukatu nahiko nuke eta Gaupasa kluba deituko da. 

Nire estiloan. Giro sobrenaturalak eta mitologikoak interesatzen zaizkit, literatura fantastikoaren korronteetatik datozen elementuak, errealismoarekin nahasirik beti ere; Gaupasa kluba ere hortik doa. Espero dut prozesua disfrutatzea.