“Koronabirusak zapuztu egin du ni ordezkatzeko plana"

Iñaki Etxezarreta

“Koronabirusak zapuztu egin du ni ordezkatzeko plana"

J. Iñaki Etxezarretak (Urretxu, 1955) urrian bete ditu 65 urte. Orain zortzi iritsi zen Arizmendi Ikastolara, zuzendari izateko erronkari baietz esan ondoren. Jada jubilatzeko garaia iritsi zaio, eta Arizmendik zuzendari berria aukeratzen duen egunean agur esango dio ikastolari, “oso eskertuta zortzi urteko bide oparo eta aberatsa egiteko aukera eskaini didatelako”.
2020/12/04

Iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hitz egiteko aukera izan dugu Etxezarretarekin, agian TUlankideri eskainiko dion azken elkarrizketan.

“Hezkuntza gustuko izanez gero, bokaziozkoa bada, Ikastoletan lan egiteak aukera ematen dizu ibilbide profesional, pertsonal eta politiko oso aberatsak garatzeko”. Iñakik gozatu du bere lanbidea, barru barrutik, bihotzetik, bizi izan du bere ogibidea eta igarri egiten zaio. “Gure lanbideak, gure ikastolak, badu zeregin sozial handia, inpaktu humano itzela eta une gozo zein gaziak bizi baditut ere, onenaz geratzen naiz, eta sekulako ikasgaiak izan ditut”.

1955ean jaio zen Urrexun, frankismo garaian, eta bere belaunaldia izan zen aurrenekoa herritik kanpo ikasketak egiteko aukera izan zuena, “bai behintzat langileon seme-alabak ginenok”. Hala, ikasketak egin ondoren, gazte gaztetatik ikastolen mugimenduarekin egon da harremanetan. Lehenengo Urretxuko ikastolako zuzendari gisa, ondoren Gipuzkoako Ikastolen Federazioko zuzendari modura eta Arizmendira iritsi aurretik Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioan. 

Belaunaldiz belaunaldi, une eta momentu bakoitzeko krisi eta arrakastak, etenik gabeko bilakaera, sekulako esperientzia bizitzeko aukera izan du, eta bide luze eta oparoaren irakurketa baikorra egiten du. “Gaztea nintzenean imajina ezina zen 2020an hain Euskal Herri euskalduna izango genuenik. Guk ez genituen hedabide euskaldunik, ez genituen euskaraz bizitzeko erremintarik”. Politikoki ere askotariko urteak bizi izan ditu bai Urretxun zein Debagoienan, 1986tik 2020ra, “ordukoarekin zerikusirik ez du gaurkoak, baina ikastolako zuzendari batek politika lan mardula egin behar du eta hala egin dugu guk urte hauetan guztietan. Gaur egungoekin, eta baita ordukoekin ere”.

Hain justu ere gogoan du laurogeiko hamarkadan PSOEk Euskadiko hauteskundeak irabazi ondorengo urteak, “1986an, Urretxuko ikastolako zuzendari moduan nengoela, Federazioko bilera batean oso konplikatua zen planteamendu politiko konkretuak egitea eta beti saiatu naiz bideak irekitzen. Joxe Ramon Recalde zen Hezkuntza sailburu eta Madrilen ere PSOEk agintzen zuen. Garai haietan ikastolen elkartetik elkarrizketak sustatu genituen hezkuntza arloko agintariekin, haien sigla edo koloreari begiratu barik”.

Agur Arizmendi Ikastolari

65 urte bete berri, Arizmendi Ikastolari agur esateko momentua iritsi zaio.

“Ondo nago. Momentu honetan ikastola nire ondorengoaren hautapena egiten ari da. Tamalez, koronabirusak zapuztu du ni ordezkatzeko hasierako plana, izan ere barne prozesua egitea zen helburua eta nire ekipoko norbaitek zuzendaritza hartzea, baina egoerak ez digu aukera hori eskaini”. Hala, azken elkarrizketak datorren astean egingo dituzte eta hortik aurrera ikusiko da profil egokirik badagoen”. Aurreikusi zutena baino zertxobait gehiago atzeratuko da prozesua, “baina ikastola osatzen dugun guztiok, kolektibo osoak, lasai egon behar du. Gaur egun zuzendaritzan gauden pertsonak bermatuko baitugu zuzendaritza aldaketa egokia, baita trantsizioa ere”. Arizmendi Ikastolak bilatzen duen profila oso espezifikoa da, ez horrenbeste ikuspegi akademikotik, baizik eta Arizmendi Ikastolak egin duen eraldaketaren ibilbidearen ezagutzaren ikuspegitik. “Beste fase baten aurrean bagaude ere, iragana ezagutzea inportantea izango da etorkizunari bermez ekiteko”. Kontuak kontu, “nire ordezkoaren aukeraketan ni neu etxeko norbait izatearen aldekoa nintzen. Prebisioak ere horrela egin genituen orain bi urte. Prozesu natural eta freskoa egin nahi genuen, baina Covid19ak zapuztu du gure asmoa”.

*Erreportaje-elkarrizketa bere osotasunean abenduko TUlankiden, paperezko edizioan.